GARA Euskal Herriko egunkaria
ALPINISMOA

Emakumezkoek oraindik ez dute berezko lekurik hartu Urrezko Pioleta ekimenean

Joan den hilean Briançonen (Estatu frantsesa) egin zen sari banaketa ekitaldiaren ondoren, goi-mailako alpinismoan neskek duten presentzia aztertu zen. Besteak beste, ohorezko aipamena jaso zuen espedizio femeninoak hartu zuen hitza.

Neska alpinistek oraindik presentzia txikia dute Urrezko Pioleta sarietan. (Piotr DROZDZ / Piolets d’Or)

«Mendia pasioa da. Mendiaren oinarrian zaudenean, berdin dio emakumea ala gizona zaren. Zailtasun handiko alpinismoa praktikatzen neska gutxi gaude. Inspiratzen duten iraganeko eta egungo ordezkariak falta dira. Uste dut gai garela gizonezkoen mailara heltzeko; ia gaitasun berak ditugu. Eta hori argi ikusten da eskaladan. Alpinismoan osagai oso garrantzitsua den arriskuaren kultura ez dago oso barneratuta emakumezkoetan. Arrisku hori neurtzen dugu, arrazionalizatzen dugu. Gizonak baino zuhurragoak gara hartzen ditugun erabakietan. Egiturazko faktore bat ote da? Soilik mendi baten aurrean jartzen gara, eta ez dut uste egoera dramatiko bat bezala bizitzea merezi duenik!»

Goi-mailako alpinista Liv Sansoz frantziarrak duela urte batzuk orriotan eginiko adierazpenak dira. Eta modu batera edo bestera, hitzok lotu nahi izan ditugu joan den hilean, Briançonen, ospatu zen Frantziako Urrezko Pioleta ekimenaren sari banaketa ekitaldiaren ondoren egin zen mahai-inguru batekin. Hain zuzen ere, maila handiko alpinismo teknikoan neskek duten lekuaren inguruan hausnartu zen.

Gogora dezagun ekimen honek, nazioarteko jarduera alpino gogor batzuk aitortzeaz gain, azken urteotan emakumearen ikusgarritasuna bultzatzeko ardura batzuk hartu dituela. Hala diote antolatzaileek: «Urrezko Pioletak alpinismo femeninoa sustatu nahi du. Eta helburuen artean dugu etorkizuneko belaunaldiak inspiratzea. Hala ere, jakitun gara egoera hori aurrera eramateko zailtasunak daudela; izan ere, oraindik onartuta ez ditugun bitarteko unibertsalak falta dira. Egoera irauli nahi dugu, eta horretarako, azken urteotan emakumeei aipamen bereziren bat ematen diegu».

Nazioarteko izaera duen Frantziako Urrezko Pioletak hiru hamarraldi baino gehiago bete ditu, eta argi eta garbi geratu da goi-mailako alpinismoa gizonen kontua dela. Hots, aitortza jaso duten ia guztiak gizonezkoak dira. Soilik bi emakumezkok lortu dute ohore hori. Kei Taniguchi japoniarra dugu lehena. 2008. urtean urrezko pioleta altxatu zuen Kazuya Hiraiderekin Kamet mendian eginiko jarduerarengatik. Eta sei urte geroago, Lise Billon frantziarra bigarren eta azken protagonista izan da. Cerro Rison Patron mendian Antoine Moineville, Jerome Sullivan eta Diego Samari kideekin egin zuen eskaladarengatik sona handiko sari hori jaso zuen.

Bide batez, gogoratu behar dugu 2009. urtetik ekimen horrek ibilbidearen saria banatzen duela. Walter Bonatti historikoak izan zuen lehen ohore hori. Bada, ordutik, soilik neska baten ibilbidea aitortu dute: Catherine Destivellerena. Eta hori duela hiru urte izan zen.

Duela pare bat urte, berriz, Silvia Vidal katalanari ohorezko aipamen bat eman zioten. Baina ez emakumezkoa izateagatik, baizik eta egin dituen espedizio ia gehienetan erabili duen estiloarengatik.

Generoaren aldetik, aurreratu dugu antolatzaileak goi-mailako alpinismo femeninoa sustatzen ari direla. Eta norabide horretan, bi ohorezko aipamen banatu ditu. Chantal Astorga eta Anne Gilbert Chasek lehena jaso zuten 2017. urtean Jason Thompsonekin Nilkanth mendian eginiko igoerarengatik. Eta bigarrena, duela aste batzuk aipatu genuen bezala, Capucine Cotteaux, Caro North eta Nadia Royok Groenlandiako Northern Sun Spiren eginiko eskaladarengatik. Espedizio hori emakumez osatutakoa izan zen.

Hain zuzen ere, azken hiru protagonistok Lise Billonekin eta Masha Gordonekin (“Grit and Rock” bekaren ordezkaria) batera emakumeek goi-mailako alpinismoan zein Urrezko Pioletak banatzen dituen sarietan duten presentziaren inguruan hitz egin zuten. Horiek guztiek hainbat galderen inguruan iritzia plazaratu zuten: zein izango ote da nesken lekua heldu den urteko Urrezko Pioletaren sarian? Urrezko Pioleta femenino bat antolatu behar ote da?

IRITZIAK

Billonek, aipatu dugun saria jasotzeaz gain, azken ekitaldiaren epaimahaian ordezkaritza izan zuen. Frantziar honek argi du jarduera alpino bat aztertu behar denean generoa ez dela kontuan hartu behar: «Gai horretan Destivellerekin bat egiten dut. Alpinista bezala har nazaten nahi dut, eta ez emakumezko alpinista bezala. Galdera hori egiten didaten bitartean, beti gauza bera erantzungo dut. Neskentzat zer edo zer berezia egiteak ez du zentzurik. Uste dut pazientzia izan behar dugula. Gure herrialdean, adibidez, gero eta neska gidari gehiago daude, eta teknifikazio taldeetan parte hartzen duten kopurua asko hazi da. Eboluzionatzen ari da, eta horrek denbora eskatzen du».

Gordonek, bere aldetik, adierazi zuen nesken alpinismoa izaten ari den bilakaera kontuan hartuta oraindik aipamen berezien mailan daudela: «Urrezko Piolet bat jasotzeko uste dut ‘Big List’ horretan askoz ere jarduera gehiago jaso beharko liratekeela. Oraindik, goi-mailako igoera batzuk falta dira. Hori da egungo isla, eta ez dakit zenbat denbora behar den benetako presentzia izateko. Arrazoi historiko batzuk tarteko, alpinismoan gizonak baino beranduago sartu gara. Neskentzat kategoria ezberdin bat sortzea agian akats bat da; izan ere, ziur aski, eskalada alpinoaren etorkizunean neskek osatutako taldeak gero eta gehiago izango dira».

AITORTZEN EZTABAIDA

Azken ekitaldi honetan ohorezko aipamena jaso duen Cotteaux-ek, berriz, esaten du aitortza horrek galdera batzuei ateak zabaltzen dizkiela: «Aitortzaren berri izan nuenean, lehenik eta behin sentsazio lazgarria izan nuen: azpi aitortza bat antolatzen ari ote ziren neskentzat? Merezi ote du gai honi buruz hitz egitea beste batzuk animatzeko?».

Bere kide Northek erantsi zuen ohorezko aipamena oraindik emakumezkoentzat erreserbatuta dagoela, eta Urrezko Pioleta sariak baino garrantzi txikiagoa duela: «Desoreka bat ikusten dut ‘neska txikien’ eta ‘gizon handien’ artean. Ez nago Urrezko Pioleta sari femenino baten aurka; ezta alde ere. Piolet femenino bat badago, orduan Urrezko Pioleta sarien orokortasunetik kanpo geratzen gara. Nahiago dut noizean behin neska batek sari potoloa irabaztea, horrek talde femeninoen ametsak pizten dituelako».

Bestalde, Royok aitortza hori pizgarri bat bezala ikusi du, eta ondo ikusi ere, berak parte hartu duen Groenlandiako espedizio femenino hori bultzatu dutelako: «Gu ere beste neska batzuekin inspiratu gara, eta, agian, guk beste batzuk inspiratuko ditugu. Hortaz, Urrezko Pioleta irabazteko bidea zabaltzen da. Aniztasuna lortzeko urrats bat izan daiteke. Eta hobe da aipamen berezi hori ez betikotzea. Oraindik nesken praktika alpinoa sustatu behar da, baina hori ez da benetako helburua. Erronka nagusia da gizonen gaitasun berberak ditugula sentitzea. Espedizio femenino gehiago behar dira. Badakigu Urrezko Pioleta jasotzeko maila horretan ez gaudela, baina alpinista arruntak bide horretan jartzen badira, beste urrats bat egina egongo litzateke. Neskok urtero aipamen bat edukitzeak ziurtatzen du ekitaldi horretan emakumeak egongo direla eta berdintasuneko irudi bat emango genuke».