GARA Euskal Herriko egunkaria
ZORROZTARRIA

Fantasiazko ilunak


Urte ofiziala hondarrean den gabonil honetan beti pasatzen zait burutik gogoeta bera: ezkerreko subiranistak ze erradikalak garen, demonio! Ez diogu ba beti geure diskurtsoan esan ez, eta hamaika bider ezetz, gure hegoan den estatu haren konstituzio zer hari! Eta zer esan hemen-hor-hango eliza katoliko-apostoliko-erromatarrari! Eta gero, eginetan, zer? Bada, Durangoko Azoka txalotzen dugula, belarriekin txalotu ere… Hori bai, azoka egiteko, hangoen konstituzio egunak eta ez dakit zein ama birjinarenak jositako zubia baliatuta. Egian, euskarak zubi asko behar ditu bazterrak erdigunera ekartzeko, baina zutabe horiek dituen zubia… Ene, ene! Kontraesanek bizi gaituzte!

Total, Fantasiazko Egunak direla irakurri dut nonon egunotan, eta nik, lerdo honelakoa, gogoan Azoka ez, COP28 demontre hori baino. Errealitatearen pertzepzio faltsua ei da fantasia, hiztegiaren adiera batean sikiera. Tira, bada, Dubain dauka fantasiak nazioarteko goi-bilera egunotan, erregai hobien gaineko desertuan, hareazkoak ez diren zeru-harraskarietan. Kolpea gero, hareazko munduan egungo gazteluak neonezkoak! Esana zuen poetak: gaixo egotea baino txarragoa da mediku okerra izatea! Eta hori medikua dagoenean, begira Lizarran!

Harira, Julen, harira atoan! Mende erdia joan da Yup la la! kantatzen hasi ginenetik, auzoko plazan trikota airera botatzen genuela, In nomine Patri et Filii aho betean. Gozatzeko gozamena hura! Pentsa liteke isurketa hark lagundu egin zuela beroketa globalean, baina zer arraio, Kalkutako Teresa izateko ez gara jaio! Kontraesanek bizi gaituzte… Arkautin antzekoa egiten segitzen dute promozio berrikoek txapela gorantz botata; azkenekoan erdia baino gehiago ez omen ziren bueltan etorri… orbitan segitzen dute. Aukera berriak behar dira, bai, karrera hau maratoia delako, denetan…