GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Zorroztasuna berreskuratuta irabazi dute Peio Etxeberriak eta Zabaletak

Partidako lehen erdia zinez gogorra jokatu zuten eraberritutako Labrit pilotalekuan, Lasok eta Arangurenek beraien bertsiorik onena aterata. Lehen atsedenaldi luzearen ostean, baina, 1-11 partziala ezarri zuten urdinek, bigarren garaipena eskuratzeko.

Peio Etxeberriak bigarren erdi kasik bikaina osatu zuen Labriten jokaturiko partidan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

«Iruditzen zait azken bi partidatan bikote ona osatu dugula, sendoa, eta horrela jarraitu behar dugu», adierazi zuen Jose Javier Zabaletak, Binakako txapelketako bigarren puntua erreskadan batu ostean. Aipatu bikote sendoa, baina, partidaren bigarren zatian atera zuten Peio Etxeberriak eta Etxarrengo atzelariak, lehen erdian Lasok eta Arangurenek orain arteko bertsiorik onenarekin ezustean hartu baitzuten Aspeko bikotea.

Markagailuan 0-1 aurreratu ziren urdinak, baina segituan hartu zuten aurrea gorriek, eta lehen zatiko zenbait unetan agintzen ere izan ziren. Peio Etxeberriari kosta egin zitzaion tantoak bukatzea eta Laso zein Aranguren sasoiko agertu ziren. Oso sendo aginagarra, atzean, eta oso fin Laso, zinez lagunkoi, bere atzelariari ere konfiantza helaraziz.

Hain zuzen ere, konfiantza beharrean zeuden gorriak, asteazkenean, Beotibarren, beste porrot bat jaso ostean. Gainera, oso deseroso agertu zen Aranguren, eta egoera horri buelta eman zion Labriten, Zabaleta bezalako atzelari bat aurrean zuela. Ez zen kikildu eta sotamanoz erraztasunez aritu zen, hutsik egin gabe, Lasoren zaindari.

Markagailuan 5-1 aurreratu ziren, Etxeberria eta Zabaleta oraindik ere itzartzeke zeudela. Etxarrengoari kosta egin zitzaion partidan sartzea eta lehen erdian lau pilota galdu zituen. Etxeberria, bestalde, zenbait tantotan bizkor ibili bazen ere, zorroztasun aldetik eskas agertu zen eta 7 pilota galdu zituen. Hala, gorriek 10-5eko abantaila ere izan zuten, baina alde hori ez zen nahikoa izan eraberritutako Labritera hurbildu zirenen artean apustuak gorrien alde jartzeko.

Gutxika-gutxika, akidurak bere efektua egin zuen bikote gorrian -Lasoren bigarren partida zen, sei hilabetez kantxetatik at egon ostean- eta urdinek behetik gora egin zuten. 1-5eko partzialarekin, partida estutu zuten atsedenaldiaren aurretik, nahiz eta gorrientzat izan zen 12. tantoa.

URDINEN ERREAKZIOA

Aldageletatik bueltan, urdinek bete-betean asmatu zuten pilotakada bakoitzean eta kasik bikaintasunez aritu ziren. Hain bikain, non 9 tanto jarraian eginda 12-20 jarri ziren aurretik, neurketa erabat bideratuta.

Laso eta Aranguren erabat akituta agertu ziren, nahiz eta zenbait tanto gogor lehiatzeko gai izan ziren. Baikoko aurrelaria saiatu zen bere bikoteari atseden ematen, urdinek esfortzu handia eskatu baitzioten. Zorroztasunarekin aritu zen Peio Etxeberria, egungo Lau eta Erdiko txapeldunordea, eta Zabaletak bere dohain guztiak atera zituen, atzeko koadroetan zein aurrekoetan, Lasok hala exijitu zuenean.

Tantoak egiteko parada ere izan du Etxarrengoak. 12-16ko dejada izan zen horren eredu, eta 12-19koan, bere bosgarren tantoa egin zuen. «Bigarren zatian lasaitu eta erosoago aritu naiz kantxan», onartu zuen Jose Javier Zabaletak, ETBko kameren aurrean.

Bitartean, Lasoren hutsegiteak ere nabarmenagoak izan ziren, arriskatzeko joera hartu baitzuen, baina nekeak fintasuna murriztu zion, zenbait pilota txapapera jaurtita.

Etxeberriak ere opari bat egin zuen, bigarren zatian gorrien lehen tantoa izan zena, baina Lasok beste opari batekin erantzun zuen (13-21) eta urdinen 22. tantoa ere Bizkarreta-Gerediaingoak txapara botatako pilotaren ondotik iritsi zen. Hala, Lasok 8 pilota galduta bukatu zuen neurketa. Estatistika honek nafarraren jarduna belztu badezake ere, sekulako hobekuntza erakutsi zuen bere bigarren partidan.

Punturik gabe daude Laso eta Aranguren, eta bigarren puntua batu zuten Peio Etxeberriak eta Zabaletak, puntu garrantzitsua hurrengo asteburuan Elordi-Rezusta liderren aurka konfiantzaz beteta jokatzeko. «Duela bi aste nola hasi ginen ikusita, orain bi punturekin egotea pozik egoteko modukoa da», onartu zuen Zabaletak.