GARA Euskal Herriko egunkaria
ETXE ZURIARI BEGIRA

Lau hautagaiak galtzaile Alderdi Errepublikanoaren laugarren debatean

Estatu Batuetako lehendakarigai errepublikanoek laugarren eta azken debatea egin dute, datorren hilean Iowako ‘caucus’ eta primarioen zikloari ekin aurretik. Aurreko saioetan legez, Donald Trump faborito nagusiak ez zuen parte hartu; inkesta guztiek gainerakoen oso aurretik kokatzen dute, eta badaki ez daukala askorik irabazteko besteen mailan jarrita.

(Jim WATSON | AFP)

Oholtzan, lehian jarraitzen duten lau hautagai; Chris Christie New Jerseyko gobernadore ohia, Nikki Haley NBEko enbaxadore ohia, Ron DeSantis Floridako gobernadorea eta Vivek Ramaswany enpresaria. Presidentegai kopurua nabarmen murriztu da udatik hona, eta horri esker, aurreko eztabaidetan baino tarte handiagoa izan zuten mintzatzeko eta, bide batez, Alderdi Errepublikanoaren nortasun ultra agerian uzteko.

Demagogiaz, hizkera zakarrez eta xenofobiaz betetako bi ordu izan ziren asteazken gauean (ostegun goizaldea Euskal Herrian). Demagogo handiena Vivek Ramaswamy industria farmazeutikoaren milioiduna da. «Egin mesede bat zeure buruari, zoaz eszenatokitik kanpora, gozatu afari on batez, eta alde hemendik», bota zion Chris Christieri, haren loditasunari aipu zabarra eginez. Christie da Trumpen aurka dagoen hautagai bakarra; doi-doi lortu zuen eztabaidan sartzeko gutxieneko babesa izatea inkestetan -baina begi bistakoa da ez daukala inolako aukerarik Alderdi Errepublikanoa gaur egun dagoen gune estremistan-. Txistuka erantzun zioten entzuleek bere itxierako hitzartzeari (aurretik txalo ere egin zioten, Ramaswanyri «isil zaitez» bota zionean, «harroputz gorrotagarria» delako). Era berean, Christiek «koldar» eta «diktadore» deitu zion Trumpi. Presidente ohiak berak esan du asteon, Fox katean, diktadore izateko asmoa duela, «baina» lehendakaritza lortzen duen «lehenengo egunean bakarrik»; muga itxi eta legez kanpo herrialdean dauden milaka lagun kanporatzeko. Era berean, hiru aurkariei Trump ez balego bezala jokatzea leporatu zien, «ziur aski etorkizuneko helbururen bat dutelako». Hau da, Trumpek, hautagaitza lortutakoan bere taldean sartzea espero dutela, alegia.

Egia esan, DeSantis orain arte baino kritikoago agertu zen Trumpekin. Adina aipatu zuen, belaunaldi berrien beharra, eta eskuinetik aurreratu zuen presidente ohia: agindutako guztia ez zuela bete leporatu zion, Mexikoko mugan harresia eraikitzea, zehazki.

Funtsean, “trumpzaleen” ikuspegi baztertzailea nagusitu zen eztabaidan: horren arabera, AEBak krisi sakonean daude eta errua gutxiengoak eta baztertutako jendeak du. Trans pertsonen aurkako mezuak eta musulmanei herrialdean sartzen uztea izan ziren behin eta berriz errepikatutako errezetak.

Orain arteko eztabaidetan zakarrena izan zen asteazkenekoa, primario eta “caucus”-en ibilbidea hastear dagoela dakitelako ziur aski. Azken asteotan inkestetan gora egin duen Nikki Haley Nestu hartzen saiatu ziren DeSantis eta, batez ere, Ramaswany, baina NBEko enbaxadore ohia erasoei erantzun gabe gainetik agertzen saiatu zen. Arazoa da kontsolamendu sarietan gailendu litekeela Haley, baina benetan nagusitzeko aukera guztiak dituen pertsona ez zen egon Alabamako taula gainean asteazkenean.

BLOKEOA UKRAINARI BURUZKO EZTABAIDAN

AEBetako Senatuan Ukrainari buruzko laguntza izan dute eztabaidagai asteon, baina ez dute aurrera ateratzerik izan. Errepublikanoek beste gai bati lotu diote 66.000 milioi dolarreko dirulaguntza onartzeko aukera: haien botoen trukean immigrazioaren kontrako neurri berri eta gogorrak eskatu dituzte. Pakete berean doa Israelentzako laguntza ere. Joe Bidenek ohartarazi du Ukraina laguntzeko erreserbatutako dirua agortzear dagoela, eta iturri hori ixteak gerran izan ditzakeen ondorioak direla-eta gaztigatu ditu errepublikanoak.

Ehun senatarietatik 60ren babesa behar du proposamenak, eta errepublikanoek 49 aulki dituzte, hau da, gutxienez hamar konbentzitu beharko lituzkete demokratek. Lindsey Graham Senatuko gutxiengo errepublikanoko buruak esan du Biden presidenteak berak sartu beharko duela negoziazioetan, orain bertan ez atzera ez aurrera daudelako Ganberako bi taldeak.

Taldekide eskuindarrago batzuk are gogorrago mintzatu dira: Texasko Chip Roy ordezkariak -Freedom Caucus kongresista ultren taldekoak- esan duenez, mugari eta immigrazioari buruzko neurririk hartu ezean, «ez daitezela nekatu Ukrainarekin etortzen». Oro har, Ukrainari laguntza ematearen alde dauden errepublikanoek ere ezinbestekotzat jo dute migrazioari buruzko neurriak onartzea, zehazki, asiloa eskatzeko baldintzak zorroztea, mugazain gehiago kontratatzea, bisa agortuta AEBetan geratzen diren pertsonak zigortzea, eta Mexikoko mugako harresiari ekitea berriz ere.