GARA Euskal Herriko egunkaria

Heriotza Zigorraren aurkako Nazioarteko Batzordeak irabazi du Rene Cassin 2023 Saria

Marta Santos Pais, Rene Cassin 2023 Saria jasotzen. (IREKIA)

Heriotza Zigorraren aurkako Nazioarteko Batzordeak 2023ko Rene Cassin saria jaso zuen atzo, «munduko herrialde eta eskualde guztietan heriotza zigorra indargabetzearen alde egindako borroka nekaezinarengatik».

«Sentsibilizazioaren, ikerketaren, politiken sustapenaren, estatuentzako laguntza teknikoaren eta NBErekin batera egindako jardunaren bidez gogor lan egiten du, exekuzioak prebenitzeko, jokabide bidegabeak eta arbitrarioak ezabatzeko, heriotza zigorraren alternatibak proposatzeko eta sistema penal bidezkoagoak eta humanitarioagoak sustatzeko», dio epaimahaiaren irizpenak.

Gasteizko Villa Suso jauregian egindako ekitaldian, Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak eta Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak eman zioten saria Marta Santos Pais komisario eta Haurren aurkako Indarkeriari buruzko NBEko idazkari nagusiaren ordezkari berezia izandakoari.

Navi Pillay Heriotza Zigorraren aurkako Nazioarteko Batzordeko presidente eta NBEko goi mandatari ohiak esker ona azaltzeko bideoa bidali zuen. «Aitorpen hau jasotzeak indar handiagoa emango digu, mundu osoko gobernu agintariekin eztabaidatzen jarraitzeko, batez ere heriotza zigorrari oraindik eusten dioten gobernuekin, heriotza zigorrik gabeko mundu bat lortzeko azken helburuarekin», esan zuen Pillayk bideoan.

Gainera, saria «une egokian» iristen dela adierazi zuen, igandean 75 urte bete baititu Rene Cassin baionarraren ekarpenetako bat den Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalak.

Bestalde, Nerea Melgosa sailburuak bere hitzaldian hurrengoa nabarmendu zuen: «Giza eskubideak ez dira corpus teorikoa, etereoa eta ukiezina. Egunerokotasunari, pertsona gisa duintasuna izateari, ongiari, ongi egoteari eta gure eta gizateriaren bizi kalitateari lotutako eskubideak dira. Giza eskubideak eskubide unibertsalak dira».