GARA Euskal Herriko egunkaria

Inoizko emakume gehien, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean

Larunbatean jokatuko dute Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala Aissa Intxausti, Aitor Etxebarriazarraga, Gorka Pagonabarraga, Jone Uria, Nerea Ibarzabal, Oihana Bartra, Onintza Enbeita eta Xabat Galletebeitia bertsolariek. Aurten inoiz baino emakume gehiago heldu dira finalera, baina Bizkaiko Bertsozale Elkarteak ohar egin du arlo horretan oraindik ere egitekoak ez direla gutxi.

Enbeita, Etxebarriazarraga, Intxausti, Galletebeitia, Ibarzabal, Uria, Pagonabarraga eta Bartra, Bilbao Arenan. (Oskar MATXIN | FOKU)

Larunbat honetan, Bilbao Arenan, Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finala jokatuko dute Nerea Ibarzabal, Jone Uria, Onintza Enbeita, Aitor Etxebarriazarraga, Gorka Pagonabarraga, Xabat Galletebeitia, Oihana Bartra eta Aissa Intxausti bertsolariek.

Lehen aldiz, emakumeak gehiengoa dira finalean, baina, erlaxatu ordez, ildo beretik lanean jarraitzeko beharra nabarmendu zuen atzo Belate Olabarria Bizkaiko Bertsozale Elkarteko buruak: «Emakume gehiago nahi ditugu finalean eta finaletik kanpo».

40. urteurrena bete du aurten elkarteak eta, data garrantzitsua izaki, irabazleari txapela janztearen ardura pozik hartu du Begoña Iturrizak. Izan ere, bera izan zen haren sortzaileetako bat. Egungoarekin alderatuta, duela berrogei urte oso bestelakoa zen emakumeek bertsolaritzan zuten tokia. Iturrizak azaldu zuenez, bertsotan aritzen ziren andrak oso bakarrik zeuden, «abarorik gabe jendartean».

Jone Uria iazko txapeldun ordeak, aldiz, mahai gainean jarri zuen badagoela zer aldatu oraindik, Olabarriaren balorazioarekin bat eginez. Matematikariak azkar atera zituen kontuak, azalduz herena inguru direla andrazkoak finalerdietan azken bi hamarkadetan, aurtengo finalean proportzioa altuagoa bada ere.

Gaztetasuna dario aurtengo finalari. Onintza Enbeita da finalista helduena, txapelketa irabazten lehen emakumea, hain zuzen. Garrantzitsua iruditzen zaio andra kopurua, azpimarratzen baitu ez direla «zaku homogeneo bat, bakoitzak badauka bere marka».

Enbeitak gogoratu zuen duela hogei urte entzun behar izaten zituela finalean emakumerik ez bazegoen behar bezalako maila ematen ez zutelako zela ziotenak. Uste du «ahizpatasuna» egon balitz, «anaitasuna» egon zen neurri berean, bestelakoa izango zela orduko egoera.

Nerea Ibarzabal iazko txapeldunak azaldu zuen ez duela finala «aurreko txapeletik» bizi nahi. Aldiz, ariketa bakoitza ahalik ondoen egin eta momentuan bertan «egotea» da haren xedea.

Aissa Intxaustik txapelketako fase guztietan kantatu du, udaberrian hasita. Egindako lan handiaren uzta jasotzen ari da orain. Finalean gustura kantatzeko aukera izatea espero du.

Oihana Bartrak ilusioz bizi du datorkiona: «Ez nekien hainbeste poztuko nintzenik finalean egoteaz».

Aitor Etxebarriazarragarentzat bigarren finala da, eta oraingoa «egonkortzeko aukera» gisa ikusten du.

Gorka Pagonabarragarentzat ere bigarrena da, eta iruditzen zaio autoestimuarentzat «oparitxoa» dela.

Xabat Galletebeitiak argi dauka finalean ez dela erabakiko haietako nor den bertsolaririk onena, «astroak nori lerrokatzen zaizkion» baizik. Horrela, bere «astroak» txintxo portatu eta «lerro zuzenean» egotea nahiko luke.