GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Magia


Olentzero magikoa da gure etxean, edozer sortu eta ekartzeko gai da, ez du mugarik eta horregatik daramatzagu azken asteak amaitzeko gai ez garen eta dagoeneko zirriborro mordoa dituen gutun bat osatu nahian. Egun batean sekulako oparia iruditzen zaiguna hurrengoan ederrago batek estalita utzia du, lilura guztia lapurtuta; kito, dagoeneko ez dugu nahi, molde berean sortutako beste hura ederragoa baita. Etxean ez da oraindik sartu paperean argitaratutako jostailu katalogorik, baina telebistako pantailatik eta indarra hartuta etxeko atetik sartu diren ideia asko jada barruan bagenituenekin elkartu eta zurrunbiloan dabiltza hara eta hona, gustatu ala ez gustatu. Kolorea, mugimenduak, helburuak… guztia dator sailkatuta eta hala itsasten ari zaizkigu buru eta gorputzetan.

Urtero, seguruenik nik ere ekarri dut gaia hona, buruhaustea sortzen da jostailu iragarkiak indar betean eta edozein zirrikitutatik barrena iristen hasten zaizkigunean eta irudia apur bat aldatuagatik, mamia, mezua, behin eta berriz errepikatzen dela ikusten hasitakoan. Noski, bestelako jostailu eta jolas erak erakustea da gurean larri horri aurre egiteko lehen erantzuna; baina ez dugu beti lortzen erakutsitako horiek zerrendaren goiko aldean jartzen; zurrunbiloan aire freskoa sartzea ez da erraza, putz arina gehienera.

Aditu bati irakurri diot parekidetasunean hezteko erresistentzia baino eraginkorragoa izan daitekeela, txikiak izanagatik, begirada kritikoa sustatzen saiatzea eta horretarako umorea baliatzea; jostailuekin ere balio dezakeela uste dut ahalegin horrek. Magia zapuztu gabe, noski, nahiei eta zergatiei erreparatu, galderak eta erantzunak; iragarkiak xehatu, soinuen eta koloreen artean ezkutatzen dena ikusi ahal izateko, xelebreak izan badira eta horietako asko.

Ederra da ikazkina etorri eta biharamunean etxean sortzen den ilusio eta irrika atzematea; ederragoa litzateke poz horren aitzakian ordura arte eta nekez barneratzen saiatutako begirada horri ostiko bat ez diogula eman konturatzea.