GARA Euskal Herriko egunkaria

ETS taldeak 20. urteurren festa iragarri du 2025erako BECen

Egun osoko festa izango da 2025eko martxoaren 22an Barakaldoko BECen, eta pastelari ginga En Tol Sarmiento talde ekorarrak jarriko dio, orain arte egin duten bira jendetsuari amaiera emanez. Jarraitzaileentzat aldez aurreko salmenta berezia abian jarri dute gaurtik hasi eta abenduaren 14ra arte.

ETS taldekoak, 2022ko udako Hatortxu Rock berezian emandako kontzertuan. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Azken urte hauetan En Tol Sarmiento taldeak euskal jendartean izan duen harrera sekulakoa izan da. Hasi sareetan dituzten jarraitzaileetatik eta Euskal Herriko azken txokoko plazan biltzen duen publikoraino, modan dagoen taldea da 2005ean Arabako Errioxako Ekora herrian sortutakoa. “Guretzat” diskoarekin areto askotan txartel denak salduta eman dituzte kontzertuak eta uda sasoian azken urteetan plaza guztiak bete dituzte.

Horregatik guztiagatik, 2025eko martxoaren 22an, taldearen 20. urteurrenaren aitzakian, “20 urte zure eskutik” izenpean festa antolatu dute, azken birari amaiera emateko, denbora batez oholtzatik jaitsi eta atseden hartu aurretik. Barakaldoko BEC aukeratu dute horretarako, baina ez dute kontzertu soil bat izatea nahi. Hala, publiko zabalarentzako ekintzak izango dituen herriko festen itxurako ekimena prestatzen ari dira. Euskal kulturari eta herriko festei omenaldia egin nahi diete, eta, horretarako, txupinazoa, herri-kirol erakustaldia, erromeriak, haurrentzako bestelako ekintzak eta gehiago eskainiko dituzte festa erraldoi horretan. Horrez gain, taldeak orain arte eman duen kontzertu handiena eskaini nahi du, sorpresaz eta kolaborazioz betetakoa.

Taldekideek honela azaldu dute: «BEC betetzea da geratzen zaigun azken ametsa. Uste dugu gure zaleek merezi dutela halako esperientzia bakar eta berezi bat; horregatik zerbait handia eta historikoa prestatzen ari gara. Urtebete baino gehiago dugu aurretik eta ziur gaude mugarria izango dela gure taldearentzat».

ALDEZ AURREKO SALMENTA MARTXAN

Esan bezala, 2025eko martxoaren 22an jarri dute hitzordua, larunbatarekin, eta zaleentzat aldez aurreko salmenta berezia izango da abenduaren 14ko arratsaldeko 18.00etara arte horretarako propio prestatu duten inprimaki batean izena emanda. Bertan izena emanda dutenek kode bat eskuratuko dute eta abenduaren 15etik abenduaren 18ko 9.59ra arte sarrera eskuratu ahal izango dute. Hortik aurrera, abenduaren 18ko 10.00etatik hasita, salmenta orokorra jarriko da martxan Last Tour-en eta En Tol Sarmientoren webguneetan.

Sarrera orokorrak egun osoko ekintzetarako sarbidea emango du eta, adin guztientzako festa izatea nahi dutenez, 12 urtez azpikoentzat prezio murriztuan izango dira salgai. Autobusak ere antolatuko dituzte eta joan-etorriak erreserbatzeko webgunea ere jarriko dute martxan. Irteera puntuak Amorebieta, Arrasate, Azkoitia, Azpeitia, Bakio, Beasain, Bermeo, Donostia, Durango, Eibar, Ermua, Errenteria, Gasteiz, Gernika, Irun, Iruñea, Lizarra, Oñati, Tafalla, Tolosa eta Zarautz izango dira. Eskaeren baitan, geldialdi gehiago egitea aurreikusten dute.