GARA Euskal Herriko egunkaria

Herri-musikaria


Ereñotzuko Ur-mia Solas-tokian (zein izen ederra), sarreran, ezkerraldean, horman eskegita, bada arreta gehiegi esnatzen ez duen oroigarri bat. 70. bat zentimetroko zabalera duen laukizuzen bat da, eta ez dirudi beste munduko ezer. Badu, hala eta guztiz ere, oroimen garrantzitsuak janzteko erabiltzen dugun marko horietako bat; gehiegikeriarik gabekoa, nahiko diskretua. Ez zaio falta denborarekin mimetizatutako papera eta hura babesteko kristala, ezta kaligrafia akademikoz idatzitako oharra ere. Eta hantxe daude argazkiak, eskarmentu faltagatik kamerari irribarre lotsatia egitea ezinbestekoa zen garaietako bizpahiru argazki. Ezer harrigarririk ez.

Serak esan zidan erreparatzeko, neu ez nintzelako ohartu ere egin hantxe zegoenik, hortik atera kontuak. Hark esanda hurbildu nintzen, eta hari eskerrak erreparatu nien argazkiei eta oharrari. To: bertan, Tolosako akordeoilari batek, erretiroa hartu behar zuela eta, eskerrak ematen zizkien San Antonioko jaien antolatzaileei, eta Ereñotzuko bizilagunei, 35 urtetan zehar harekiko erakutsi zuten adeitasuna zela eta. Zaila da hitz gutxiagorekin laburtzea herri-musikariaren ofizio, balore, neke, lan eta patua: hutsik egin gabe, 35 urtez, San Antonioko jaietara joan zen eta etxean bezala tratatu zuten soinu-jotzailearen esker oneko hitzak.