GARA Euskal Herriko egunkaria

«SORPRESARAKO ZIRRIKITUREN BAT» BETI AGERTZEN DEN ITXAROPENAREKIN

Amaia Aldaik eta Goiuri Zabaletak Master Cupeko Lau eta Erdiko finala jokatuko dute etzi Durangon, Ezkurdi pilotalekuan (12.00etan, ETB1). Reyes Azkoitia pilotari ohiarekin batera, finala aztertu du GARAk. Dimoztarra kaiolako hirugarren txapelaren bila joango da, eta leitzarrak, 14 urte eskasekin, estreinako finala izango du.

Gorriz, Amaia Aldai, Lau eta Erdiko azken bi edizioetako txapelduna, eta urdinez, Goiuri Zabaleta, estreinakoz finalean arituko den leitzarra, Ezkurdi frontoian, finalaren aurkezpenean. (EMAKUME MASTER CUP)

Faborito nagusia Amaia Aldai da, baina beti egoten da zirrikituren bat sorpresarako», lerroburu hori eman du Reyes Azkoitiak (Azkoitia, 1952), Master Cupeko Lau eta Erdiko finalaren atarian. GARAk pilotari ohiarekin aztertu ditu finaleko bi aurrelariak. «Emozio handiko» finala nahi du, «orekatua» eta «onenak irabaz dezala».

Azkoitiarra Abadiñoko frontoira joan zen iragan asteazkenean jokatu ziren finalerdiak ikustera. Ez zuen espero Goiuri Zabaleta finaleraino iristea; bai, ordea, Aldai, baina «ez hain erraz». Dimoztarrak nagusitasun handiz irabazi zion Miriam Arrillagari, 22-3. Leitzarrak, bestetik, hasieran partida erraz joango zela bazirudien ere, amaieran sufritu egin behar izan zuen Leire Garai azpiratzeko, 22-19.

Zabaletaren eta Garairen arteko partidan, Azkoitiak gasteiztarra jotzen zuen faboritotzat, «beteranoetako bat delako, hari irabaztea oso zaila delako, eta Olatzi [Arrizabalaga] irabaztetik zetorrelako (22-14)». Partida gogor joan zela adierazi du.

«Goiuri [Zabaleta] gaztea izan arren, indarra hartzen ari den heinean, gora eta gora egiten ari da. Finalerdian uste dut Garairi baino hobeto atera zitzaizkiola gauzak. Abantaila handia hartu zuen, eta hori baliatuta lortu zuen irabaztea. Baina, batez ere, piloteoan oso serio ikusi nuen. Orain arte tantoak bukatzera oso azkar joaten zen, eta asmatzen baduzu, ondo, baina ez baduzu asmatzen, zure kalterako izaten da. Eta finalaurrekoan oso goian ikusi nuen, une oro buruan zuen piloteoan jokatzea, eta uste dut horregatik eraman zuela partida».

Aldiz, Aldairen eta Arrillagaren arteko norgehiagokak ez zuen gorria beste kolorerik izan. Reyes Azkoitiaren hitzetan, aginagarrak «apenas jarri zuen erresistentziarik»: «Badakigu Amaia [Aldai] txapeldun handi bat dela, indartsuena hura dela eta fisikoki gogorrena. Errematean asko baliatzen du bere jokoa, baina uste nuen Miriamek [Arrillagak] kontra gehiago egingo ziola».

Bere aburuz, Arrillagari hauxe gertatzen zaio: urte osoan partida gutxi jokatzen dituela ezker paretan, eta gero partida hauetan, tentsio eta exijentzia handikoetan, kostatu egiten zaiola mailari eustea. «Hala ere, finalaurrekoan eman zuen baino goragoko maila du berak».

ALDAI PARTIDATIK ATERATZEA

Finalari begira, Aldai da ezbairik gabe faboritoa, «bai niretzat, baita beste edonorentzat ere»: «Indartsuena bera da, fisikoki berak izango du erresistentzia gehien, eta gero aireko jokoa asko-asko hobetu du. Kontrario oso gogorra da bana-banakoan. Berari irabaztea zaila da».

Hori bai, ahulguneren bat ikusten dio iazko txapeldunari, eta zirrikitu hori aprobetxatu beharko du Zabaletak. «Amaiak arriskua du batzuetan, partida zailtzen bazaio, agian neurketatik irteten dela. Uste dut Goiurik irabazteko aukerak hortik etor daitezkeela. Baina horretarako estutu egin behar duzu, eta uste dut gaur egun Amaiari estutzea oso zaila dela».

Aldai bi urtez jarraian izan da txapelduna, eta Azkoitiak nabarmendu du hori «zerbaitengatik» dela. Hala ere, final bat denez, pilotari ohiak esan du partida «jokatu egin behar dela, eta jokatu aurretik, ezin dela esan irabazita dagoela».

Zabaletak irabazteko, Reyes Azkoitiari iruditzen zaio partidak norabide hau hartu behar duela: «Goiuriri hasieratik gauzak ondo ateratzea eta, aldetxo bat hartuta, Amaia partidatik irtetea, edo horrelako zerbait. Neska oso indartsua da, eta teknikoki asko hobetu du. 22 urteko neskatila bat da, 14 urteko baten aurka. Orain, horrelako pilota batekin indarra asko antzematen da».

BELAUNALDI BERRIAK, ATE JOKA

Aldai txapeldun bat dela jakin badakigu. Baina nola jokatzen du leitzarrak? Haren kalitate teknikoa nabarmendu du Azkoitiak, haren bertuteak aletzen hasita.

«Iaztik esaten genuen, izugarrizko kalitatea ikusten zitzaion, esku mutur ederreko neskatila da. Finalerdian ezkerrarekin bota zuen lehenengo dejada; sekulako detaile teknikoa da, eta alde horretatik ikusten zen oso jantzita zetorrela. Piloteoan gora egin du, tantoa erraz bukatzen du beti, eta finalaurrekoan ikusi zen tantoa azkar bukatzeko joera hori aldatu zuela eta kontrako joko hori egiten asko hobetu duela».

Atzetik ate joka dagoen belaunaldi berri baten aurpegia da Zabaleta, baina ez bakarra. Enara Gaminde atzelaria ere aipatu du Azkoitiak. «Lau eta Erdian jokatzeko datorren belaunaldi berria ona da. Gaminde, esate baterako, atzelaria izan arren, ondo aritzen da kaiolakoan. Mendizabal ere maila handian jokatzen ari da. Gaztetxoen artean punta-puntan Goiuri eta Gaminde ipiniko nituzke».

Azkoitiak nabarmendu du Master Cupen, eliteko txapelketaz gain, beste lau ere jokatu direla: bi pilota gozoan eta beste bi mistoan. «Nesken pilota abiadura handia hartuta dago. Denek dute jokatzeko aukera. Nik ez nuen aukera hau eduki. Oraingoek, behintzat, aukera dute. eta aprobetxa dezatela».