2023 ABEN. 16 KOLABORAZIOA Abusu eta engainua baino ez Josu JIMENEZ MAIA Idazlea Estatu espainolean berriki argitaratu da Eliza katolikoaren sexu abusuen gaineko inkesta garrantzitsu bat. Inkestaren arabera, Elizako kideek egindako sexu abusuak jasan dituzten biktimen kopurua 440.000 ingurukoa dateke, Herriaren Defendatzaileak jakinarazi duenez. Albisteak oihartzun eskasa izan du harrigarriki, kopuru asaldagarriak izanagatik ere. Berebat, Euskal Herria erdibitzen duen beste estatuan, Estatu frantsesean, 330.000 kasuen kopurua azaldu zen. Elizaren agintariei sinestera, Elizaren barneko pederastak kasu bakanak baino ez omen direnak ehunka azaleratu dira azken urteotan, mugaren alde banatan azaldu ere. Gezurrak, buztana motz. Artzapezpiku, gotzain eta Eliza katolikoaren jerarkiaren isiltasun konplizeak merezi du gure arbuio eta destainarik handiena, ezkutatu eta mozorrotu dituztelako delituak eta delitugileak leku aldatze isilen bidez, kasu larriak izanagatik ere urteak eta urteak pasatzen utzita; hartara, «kontu zaharrak» direneko alibia baliatzen dute, eta garrantzitsuagoa den beste alderdi bat eragotzi: izan ere, justizia arruntera kasu zaharkitu horiek eramateak ez d rudi deusetarako balio dezakeenik, kartzelara apaiz pederastak eraman ahal zituen delituak -anitz eta anitz bederen- iraungi eta preskribatu duelako. Orobat, artzapezpiku, gotzain eta enparauei ez zaie eskatzen, beste batzuei bezala, Justiziarekin kolaboratzea, delituak argitze aldera, inpunitate lotsagarria agerian utzita. «Hori abusu bat eta engainu bat baizik ez da» dio Elhuyarrek, abusua engainuaren sinonimoa ere badelako. Hori horrela, Eliza katolikoaren barruko pederastek umeak dituzte abusuen jomuga, eta jendartearen engainua, xede eta helburu. Horra hor, Javier Garrido Goitia teologo frantziskotarraren auzia, Alemanian ikasia eta hainbat libururen egilea, gizon oso jantzia bai, baina Nafarroan bi seroraren kontrako abusuak zirela-eta kondenatuta... Iruñeko artzapezpiku Francisco Perezek ederki ezagutzen zuen Garridoren kondena ordurako, urriaren hondarreko prentsaurrekoan ukatu zuten arren. Gezurrak, buztana motz, berriz ere. Hamasei urtez Iruñeko artzapezpikua eta Tuterako apezpikua izan den Francisco Perez Malagara joanen da erretreta hartuta, berarekin hainbat eta hainbat sekretu eramanda. Kapilau militar eta Iruñeko artzapezpiku ohia pasieran irudikatzen dut nik, klaustro eder batean, ahantzi nahi lituzkeen irudiak eta auziak buruan jiraka-biraka dabilzkiola, Done Beñardoren hitzak gogoan… Vere claustrus est paradisus, «Zinez klaustroa paradisua da»… Paradisua, baiki, zeren eta infernua ume anitzek ezagutu dute apaiz pederasten eskuetan. Artzapezpiku, gotzain eta Eliza katolikoaren jerarkiaren isiltasun konplizeak merezi du gure arbuio eta destainarik handiena, ezkutatu eta mozorrotu dituztelako delituak eta delitugileak leku aldatze isilen bidez