GARA Euskal Herriko egunkaria
ATHLETICEN 125. URTEURRENA
Elkarrizketa
Jose Angel Iribar
Athletic Clubeko jokalari ohia

«Athletic ahalegin kolektibo baten erakuslea da, zaleetatik jokalarietara»

Athleticeko mito handienetako bat izaten jarraitzen du 80 urterekin. Haren omenez estatua bat jarriko dute San Mames atarian. 125. urteurreneko irudi nagusia izango da, bere urtebetetzean zenbait atezainek elastiko beltzarekin miresmena agertu zioten bezala. Eskerturik eta hunkiturik dago, eta talde zuri-gorriko jokalari guztiei eskaini nahi die «oparia».

(Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

 

Partida zaila dauka Athleticek jardunaldi honetan Atletico Madrilen aurka. Valverdek ez du inoiz garaitu Simeoneren taldea bilbotarren aulkian eseri den hamabi norgehiagoketan. Hori gutxi balitz, Griezmann izango dute aurrean. Athleticen kontra jokatutako 30 neurketetan 14 gol sartu ditu frantsesak. Iaz hark egin zituen madrildarren garaipenaren golak bi partidetan.

Metropolitanon jokatutakoan, zuri-gorriz jantzita aritu ziren euskaldunak. Atleticok gogora ekarri nahi izan zituen bere sustraiak, Athleticen zale batzuk sortu baitzuten Madrilgo taldea. Orain bilbotarren 125. urteurrenaren festaren amaiera ospatuko da, gaur, San Mamesen. Jokalari ohiak, harrobia, zaleak eta bazkideak omenduko ditu. Jon Rahm golf jokalariak egingo du ohorezko sakea, eta beteranoek Oportoren aurka neurtuko dituzte indarrak. Denak batera ereserkia abestuz itxiko da jaialdia, baina ekitaldiak eguerdian abiatuko dira Jose Angel Iribarren estatuaren inaugurazioarekin. Eskerturik eta hunkiturik dago zarauztarra.

Zer moduz zaude eta nola daramazu egunerokoa?

Ebakuntza bat egin didate aldakan orain gutxi, eta errekuperazio prozesua ondo doa. Zortekoa naiz Lezaman ondo hartzen nautelako, eta bertatik hasten dut egunerokoa. Gogoko dut Lezamara etortzea, eta premia ere badaukat. Nik neuk eskatu nion klubari, taldearen eguneroko bizitza jarraitu ahal izateko eta, ahal den neurrian, laguntzeko. Denetarik egiten dut: entrenamenduak ikusten egoten naiz, edo jokalariekin eta entrenatzailearekin hitz egiten. Asmoa hurbil egotea da, zerbait esan edo aholkuren bat behar izanez gero.

Zure urtebetzean atezainek elastiko beltzekin egin zizuten omenaldiarekin eta orain egin dizuten estatuarekin, ziur asko 125. urteurrenaren irudi nagusi bezala geratuko zara. Zer iruditzen zaizu?

Ez dakit horrenbesterako izango den. Ni baino askoz gehiago da Athletic, eta abesten zidaten kantuan bezala, ez dauka parekorik. Athletic ez da Iribar bakarrik, edo beste jokalari bat. Hor baitaude zaleak eta beste futbolari ohiak. Taldea ordezkatu duten guztiak dira. Horregatik, estatuarena kamiseta zuri-gorria defendatu duten jokalari guztiei egindako omenaldi bat bezala ulertzen dut. Beti saiatu naiz transmititzen Athletic ahalegin kolektibo baten erakuslea dela, bazkideengandik hasi eta hain harro sentiarazten gaituen filosofia mantentzen duten jokalarietara. Dena behar dugu, jendearen babesa zein futbolarien arteko elkarlana.

Nola jaso zenuen Bilboko Udalak eta Athleticek egin dizuten «opariaren» berri?

Sorpresa bat izan zen. Idazki bat bidali zidaten Athleticeko presidenteak eta Bilboko Udaleko alkateak sinatuta, eta Lezaman esan zidaten. Ezustean harrapatu ninduen, ez bainuen horrelakorik espero. Eskertzekoa da; jakin badakit ez dela normala bizirik zaudenean horrelako gauzak jasotzea. Hori, mundu honetatik joaten zarenean izaten baita. Ez dut ukatuko pozik nagoela, baina erantzukizun handia da hor egotea, eta nire ibilbidea ondo ixtea geratzen zait. Izan ere, oso garrantzitsua da talde guztietan, eta Athleticen are gehiago, jendearengandik hurbil egotea eta ahal den neurrian laguntza ematea.

Athleticen ikur bat zara. Atezainen moldea egiteko eredua izan zarela esan zuen Lezamako arduradun izandako Peio Agirreoak, erretiroa hartu zuenean.

Niretzat hori da omenaldirik onena eta garrantzitsuena. Banekien Peio Agirreoak nire eredua jartzen zuela atezain gazteen artean, eta eskertzekoa da. Nik ere parte hartu nuen hasiera batean atezainentzako entrenamendu metodologia bat sortzen harrobian. Lehen Mailan dauden Lezamatik igarotako atezainen kopurua begiratuta, zerbait ondo egin dugula esan daiteke.

Unai Simon eta Julen Agirrezabala Athleticen, Remiro Realean, Aitor Fernandez Osasunan, Kepa Real Madrilen, Raul Fernandez Granadan... Atezain mordoa atera dira Lezamatik azken urteetan.

Bai, poza eta harrotasuna sentitzen dut. Harrobian gauzak ondo egin direla erakusten du, eta ziur lan ona egingo dela etorkizunean. Agian ez dago ondo nik neuk esatea, baina talde on bat egin ahal izateko beharrezkoa da atezain on bat edukitzea. Oso garrantzitsua da taldea osatzeko orduan atezainak sendotasuna eta lasaitasuna ematea.

Euskal Herrian atezain izateko gaitasun bereziren bat dagoela uste duzu?

Iruditzen zait badagoela gene lehiakor bat herri honetan, eta pilotak garrantzi handia daukala esango nuke. Kirol asko egiten dira, eta beti esan dut pilota oso egokia dela atezaina izateko. Eskumarantz zein ezkerrerantz ondo moldatzen irakasten dizu, hankak erabili behar dituzu arin heltzeko, eta oso koordinatua izan behar duzu. Nik uste asko laguntzen duela. Oraingo pelotariak ikusten ditudanean, batez ere aurrean jokatzen dutenak, beti pentsatzen dut atezain postuan jarriko balira oso onak izango zirela. Libre mugitzen dakite, eta hanka izugarriak dituzte. Agian zaletasun hori bakarrik falta zaie. Altuera aldetik ere denak 1,80tik gorakoak dira.

Unai Simon zure oinordekoa izan daiteke?

Hori norberak esatea ez da egokia. Gainera, Unai nire gainetik dagoela esango nuke; batez ere, hankarekin jokatzeko orduan. Guk ez genuen erabiltzen, eta jokoaren alor gehiago dominatzen ditu. Aldi berean, iruditzen zait, buru aldetik, oso argi dauzkala ideiak. Nabarmentzekoa da bere kirol ibilbide osoa Athleticen egin nahi duela esatea. Mezu garrantzitsua da Athleticentzat, gainontzeko taldekideentzat eta atzetik datozenentzat. Bueno, atezainen kasuan arazo bat izan daiteke belaunaldi berrientzat, batek bakarrik jokatzen baitu. Orain Koparekin hobeto moldatzen dira, baina jokatzen ez duenarentzat oso gogorra da.

Hitz egin al duzu Julen Agirrezabalarekin horren inguruan?

Bai. Esaten diot ezin daitekeela inoiz jakin noiz etorri daitekeen bere unea. Kirola horrelakoa da, gazi-gozoa ere. Berak izugarrizko dohainak ditu, gaztea da eta atezain oso on bat dauka aurretik orain, baina Kopan jokatzeko aukerak izan ditu eta erakutsi du konfiantza eduki daitekeela berarengan. Azkenean, kirolean badaude une batzuk egoerak aldatzen direla, eta zorte on edo txar kontua izan daiteke.

Ildo horretan, Nico Williamsen berritzea gol bat bezala ospatu da.

Bai, poz izugarria eman digu denoi. Gero eta zailagoa da Athleticentzat gaur egungo futbolaren merkatuan dauden zifretan mugitzea. Gure garaian ere eskaintza onak egiten zizkiguten, eta beste talde batera ateratzeak estatus bat ematen zuen diru aldetik, eta abar. Gure taldean, nik, Txetxu Rojok edo Fidel Uriarte batek, ikaragarrizko sentimendua geneukan, eta hain gustura geunden, jokoan bakarrik pentsatzen genuela. Zaletuei onena ematea zen helburua, gure tresnekin Kopa edo tituluren bat irabaztea; bagenekien ligak oso zailak zirela. Guk erabaki hori hartu genuen, eta oso harro nago horretaz. Badakit orain zailagoa dela, asko aldatu baita futbolaren mundua. Horregatik, Nico Williamsekin bizi izan garenontzat, edo Unai Simonek bere kirol ibilbidea hemen bukatu nahi duela esateak, sekulako nortasuna eta ziurtasuna ematen dio Athletici. Badirudi zerbaitetan lagundu dugula, beraiek horrela diote behintzat.

One Club Man izan zinen izendatu gabe, eta Athleticen partida gehien jokatu dituen jokalaria zara. Iker Muniain dator zure atzetik, baina gutxi jokatzen ari da.

Harreman oso ona daukat berarekin. Pertsona maitagarria da, oso hurbilekoa. Berari esan izan diot gustatuko litzaidakeela berak nire marka gainditzea. Badaki berak, eta bihotz-bihotzez esan diot. Berak eskertu zuen, pentsatzen dut kapitainaren erantzukizuna hartu duenetik berarentzat eta taldearentzat oso ona izan dela. Gizon egin da, eta zelaian erakutsi du, hobeto edo okerrago jokatu, dena ematen duela. Benetan, aldagelan kapitain oso ona daukagula azpimarratu nahi dut.

125. urteurrenaren ospakizunetara itzuliz, entrenatzaile lanetan ere arituko zara Legends taldea zuzentzen. Javier Clemente izango duzu alboan. Athletic txapeldun bat berriro ikustea posible dela esaten du hitz egiten duen gehienetan.

Ni berarekin oso ondo konpontzen naiz, entrenatzaile bezala oso ona da, hoberena. Athleticekin 125 partida jokatu dituzten futbolariak deitu ditugu Oportoren beteranoen kontra aritzeko -Sarabia, Guerrero, Aduriz, Eli Ibarra edo Ainhoa Tirapu izango dira, besteak beste-. Bestalde, badakigu oso zaila dela txapeldunak izatea, baina zergatik ez? Hori bai, gauzak oso ondo egin behar dira. Liga bat irabaztea oso zaila da, nik ere ez nuen lortu. Koparen bat irabazteko aukera izan dugu, ordea. Beste lehiaketa mota bat da. Aldi berean, Europa mailako txapelketa batean txapeldunordeak izan gara azken urteetan, nire garaian bezala.