GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Garaipenera itzuli da Laso, eta oso hurbil geratu da Altuna

Aranguren bikain batek lagunduta, aurrelari nafarrak hobetzen jarraitzen duela berretsi zuen, euren mailatik urrun izan ziren Peña-Albisuren aurka. Ezkurdia-Tolosak azken unean lortu zuten puntua.

Aitor Arangurenek bere lekua aldarrikatu zuen Labriten, eta Albisuri erakutsi zion sarritan. (Jaizki FONTANEDA | Foku)

Kosta egiten da Jokin Altunaren eta Unai Lasoren izenak Binakako sailkapeneko azken postuetan ikustea, baina batak zein besteak esateko asko dute oraindik.

Jokatutako hirugarren partidan, Aranguren oso sendo batek lagunduta, Bizkarreta-Gerendaingoak lehen puntua eskuratu zuen Labriten, euren mailatik oso urrun aritu ziren Peña-Albisuri 22-16 gailenduta.

Bartzelonan, lehiaketara itzuli zen egunean, amezketarra garaipenetik puntu bakarrera geratu zen, eskuetan zuen puntuak (11-17 irabazten joan ziren) azken unean ihes eginda.

Datorren ostiral gauean elkarren aurka arituko dira bi bikote horiek Donostiako Atano III.ean, azken postu horri ihes egiteko lehia ezin erakargarriagoan.

Labriten jokatutako partidan, pixkanaka bada ere, Laso eta Arangurenek txapelketari maila hartzen ari direla berretsi zuten. Ez zuten partida distiratsurik jokatu agian, baina puntuak jokoan diren partida hauetan puntuak batzea izaten da helburua, eta lehena eskuratzea gogoz ospatu zuten, besarkatuta. Aurkezpen egunetik txapelketa bereziki zaila izaten ari da aginagarrarentzat, eta orain arteko atzelaririk onentsuenetako baten aurka bere lekua aldarrikatu zuen atzo, bide batez, bizkarretik zama handi bat kenduz. Zabaleta zertxobait estutzeko gai izan zen aurreko astean, eta atzo partidaren zati handi batean Jon Ander Albisuri bizkarra erakusteko gai izan zen, partida txukuna jokatuta, estelarreko pilotaririk onena izanda.

Eta haizearen aurka jokatu beharrik gabe, Unai Lasok ere askoz gehiago neurtu ahal izan zituen bere indarrak, pilota guztietara gorputz eta arima sartu beharrik izan gabe. Askoz osoago amaitu zuen partida eta konfiantza zaku bat eraman zuen bere onenera itzultzeko geratzen zaion bide horretan. Ohikoa duen oldarkortasunik gabe baina partida oso burutsua jokatuta, lehen puntua eskuratzeak gora egiten jarraitzeko balio beharko lioke.

Hori bai, ezin da ahaztu Peña eta Tolosak emandako erraztasunak handiak izan zirela. Aurkezpenaren egunetik argi zirudien erregulartasuna izango zela Jon Ander biek osatutako bikotearen erronka nagusia, eta, lehen hiru partidetan itxura ona eman ondoren, atzo huts gehitxo -bien artean dozena bat- bildu zituzten gauza onerako.

Partidaren hasieran Urretxuko partida kirurgikoari jarraipena eman nahi izan zioten gipuzkoarrek, 0-3 aurreratua. Jon Ander Peñak oso eraginkor ekin zion lehiari, baina bidean erabat okertu ziren, hein handi batean Albisuk ezin izan zuelako atzean agindu eta Peñak ere ez zuelako lan horretan gehiegi laguntzeko modurik topatu.

ERREMATE FESTA

Vall d’Hebrongo kantxa bereziki azkarrean partida edozein aldetara eror zitekeen, baina azkenean Jokin Altunak txokoan utzitako dejada batek bete-betean txapan jo zuen eta garaipena Ezkurdia-Tolosarentzat izan zen, tanto bakarraren aldearekin (22-21).

Ez ohiko plaza da Bartzelonakoa, baina bertaratu ziren pilotazaleek bi aurrelarien erremate festarekin gozatu ahal izan zuten. Hori bai, bi atzelariek ere lan oso txukuna burutu zuten eta denera 774 pilotakada gurutzatu zituzten 84 minututan.

Kaiolako txapela jantzi zuenetik partidarik jokatu gabea zen Jokin Altuna, eta amezketarrak itxura ona eman zuen, nahiz eta galdutako pilota gehitxo izan zituen beretzat. Baina garrantzitsuena haren sorbaldak erabat osatuta dirudiela da. Ongi mugitu zuen pilota, fresko ikusi zitzaion eta garaipena oso hurbil izan zuen.

Partidako lehen erdi oso orekatu baten ostean, 2022ko txapeldunek erabakigarria zirudien aldea lortu zuten, 11-17 aurreratuta. Baina Joseba Ezkurdiak ez zuen bere azken hitza esan, azken txanpan errematean asko asmatu zuen. Partida ezin berdinduago heldu zen azken unera, eta patua alde izan zuten. Garaipen honekin, arbizuarrak eta Anoetakoak bigarren puntua eskuratu zuten eta, lau jardunaldi jokatuta, punturik bildu ezinik jarraitzen dute Altuna-Martijak.