GARA Euskal Herriko egunkaria

Talaia Feminista dosierra 2024ko urte hasieran aurkeztuko dute

Otsailaren 17an Talaia Feminista Unea egingo dute Errenterian. «Trantsizio feminista ebaluatzea eta elikatzea» helburu, aurtengo sei gertaera nagusi aztertu dituzte, orduan aurkeztuko duten Talaia Feminista dosierra lantzeko.

Talaia feministaren batzarra Donostian. (Jon URBE | FOKU)

Talaia Feminista dosierra osatzen ari dira, 2023. urteko gertakari nagusien azterketatik abiatuta, «emakumeongan duten inpaktuari eta Euskal Herriko trantsizio feministan dutenari erreparatuz». Otsailaren 17an Talaia Feminista Unea egingo dute Errenterian, dosierra ixteko. Ondoren, interpelazioari eta dibulgazioari ekingo diote.

Euskal Herriko hainbat emakume feminista subiranista eta independentista bildu ziren atzo Donostian, emakumeen etxean.

Iazko abenduan Iruñean lehen mugarria jarri zuten zenbait eragile politiko eta sozialetako, sindikatuetako, akademiako, herrigintzako eta beste esparru batzuetako dozenaka emakumek. Orduan, Euskal Herriaren koiuntura eta trantsizio feminista aztertzeko urtero dosier bat egiteko konpromisoa hartu zuten. Horretan ari da azken hilabeteotan 35 lagun inguruko talde sustatzailea.

Urtarrilean aurkeztuko dituzte 2023ko dosierreko edukiak, eta otsaileko Talaia Feminista Unea ariketa kolektiboan itxiko dute. Gero, dibulgazioa eta interpelazioa egingo dute.

«Trantsizio feminista ebaluatzea eta elikatzea» du helburu Talaia Feministak: «Gure inguruaren irakurketa kolektibo bat egiteko ariketa bat da. Aktualitatea irakurri nahi dugu begirada feministarekin eta subiranistarekin. Modu kolektiboan, Euskal Herriaren luze-zabalean bizi eta lan egiten dugun emakume feminista eta subiranisten artean egindako irakurketa».

Unea eta dibulgazioa

Edukiak osatzeko lanetan dabiltza orain, eta urtarrilaren erdirako behin-behineko dosierra amaituta izango dute. Ordutik otsaila bitarte edukien berri emango diete eragileei eta hedabideei. Otsailaren 17an, berriz, Talaia Feminista Unea egingo dute Errenterian, Lekuona fabrikan: «Dosierra osatzeko bidean emakume feminista subiranisten parte hartze zabala ezinbestekoa da guretzat. Talaia Feminista Unea edukiak lantzeko eta hausnartzeko momentua izango da; baita, halaber, emakume feminista subiranistok biltzeko topagunea ere», azaldu du Idoia Zengotitabengoa taldekideak.

Otsailaren amaierarako izango dute Talaia Feminista 2023 behin betiko dosierra. Nolanahi ere, ez da hor amaituko azterketaren ibilbidea, dosierrak tresna praktiko eta erabilgarria izateko xedea baitu. Talaia Unean urteko gertaeren irakurketa kolektiboa egin ondoren, bertan sortutako gogoetak eragile sozial, politiko eta sindikalengana eramango dituzte, «gogoeta horien oihartzuna zabaltzeko eta haien agendetan eragiteko».