GARA Euskal Herriko egunkaria
LAU ETA ERDIKO FINALA

Aldairen oldarkortasun neurtuak historia egiten jarraitzen du

Goiuri Zabaleta gazteak tarteka estutu bazuen ere, dimoztarrak Lau eta Erdiko bere hirugarren txapela jantzi zuen jarraian, leitzarrari 22-13 gailenduta. Durangoko Ezkurdi goraino bete zen, aforoa beteta, pilotazale batzuk sartu ezinik geratu zirela.

Amaia Aldai, bere hirugarren txapela buruan, alboan Goiuri Zabaleta gaztea duela. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Durangoko Ezkurdi pilotalekua goraino -aforoa beteta, zenbait lagun kanpoan sartu ezinik geratu ziren- eta Euskal Herriak eman duen mitorik handienetako baten, Jose Angel Iribarren, begiradapean, Amaia Aldaik historia egiten jarraitu zuen, emakumeen kaiolako hirugarren txapela jarraian jantzita.

Seigarren edizioa bete du aurten txapelketa honek, laugarrena pilota mistoarekin jokatu dena, eta azken hiruretan dimoztarra nagusitu da, egungo pilotari nagusia dela berretsiz. Hori bai, kopuruz eta kalitatez, gero eta aurkari gehiago eta hobeak ditu arratiarrak. Atzokoan, 14 urterekin kirol honen etorkizuna bere eskuetan duen Goiuri Zabaleta izan zuen parean eta, tarteka estutu bazuen ere, nafarrak azkenean amore eman behar izan zuen.

Bezperan Zumarragan kolpe handi samar bat hartuta heldu zen Amaia Aldai Durangora -Enara Gamindek erraz kendu zion Bankoa&DVko txapela-, baina azken urteotan izandako garapenari esker, ohikoa zuen barne sumendia otzanduta -gurasoak besarkatu eta bere purrustadak jasateagatik, atzokoa barne, barkamena eskatzea izan da partida amaitu eta egin duen lehen gauza- irten zen arratiarra kantxara, jokoan oldarkor bai, baina bururik galdu gabe. Eta finala erabat kontrolpean izan zuen une oro.

Gauzak oso zuzen eginda, berehala 6-1 aurreratu zen markagailuan. Leitzarra, ordea, ez da erraz kikiltzen den horietakoa; txapelketa bikaina osatu du finalera bidean lau aurkari -Miriam Arraiza. Etxegarai, Gaminde eta Leire Garai- kanporatuz, eta, galduta ere, bere maila erakusteko gai izan zen. Eskumuturrean magia du nafar gazteak, baina baita defentsarako gaitasuna eta pilota atzeratzeko kolpea ere, eta laster orekatu zuen markagailua, 7-6 gerturatuz. Dena den, gaztearen bekatu batzuk ere egin zituen, dejada pare bat beheko koltxoira botaz, eta Amaia Aldaik ez zituen opariak barkatu.

SAKEA ERABAKIGARRI

Sakea eta sake-errematea ardatz -denera 6 tanto lortu zituen lehen pilotakadarekin-, Amaia Aldaik berriz ere zuloa ireki zuen markagailuan, bere hirugarren txapela oso ondo bideratuta utziz. Airez hobekien moldatzen den pilotaria izango da dimarra eta, pilotari abiadura sartuta, bere garaipena ez zuen arriskuan ikusi partidaren bigarren erdian, nahiz eta Zabaletak sekula ez zuen amorerik eman. Bururik galdu gabe, zentzuz jokatzen asmatu zuen, alferrikako arriskurik hartu gabe eta apenas akatsik batu gabe.

Partida osoan bi akats besterik ez zituen batu arratiarrak, eta hor ere izan zen bere garaipenaren eta atzoko hirugarren txapelaren beste parte handi bat.

Markagailuan emozio apur bat gehiago eskertuko bazen ere, tarteka ale oso ederrak utzi zituzten biek, bi pilotariak lurrean akiturik amaitu zuten 21-13koa kasu. Zabaletaren zenbait dejadek ere pilotazaleen eta Amaia Aldai beraren txaloak jaso zituzten, baina ondo baino hobeto merezitako txapela bizkaitarrarentzat izan zen.

Goiuri Zabaletaren txapelketa bikainak ere izan zuen saririk, ezin bestela izan; bera izendatu baitzuten txapelketako ezustekorik handiena bezala. Aurten txapelketako beheko solairutik irten behar izan badu, hurrengo urtean zerrendaburu izateko moduan izango du eta hortaz, final laurdenetatik hastekoa.

Atseden egun batzuen ondoren, Mastercup Zirkuitua Binakakoarekin itzuliko da.