2023 ABEN. 22 PILOTA Lesioen zama atzean utzi nahi dute Laso, aurreko jardunaldian, Labriten. (Jaizki FONTANEDA | FOKU) GARA DONOSTIA Binakako txapelketan Unai Laso eta Jokin Altunaren berragerpenerako gogotsu zeuden pilotazaleak, lesioak gainditu zituztelarik. Bada, gaur, Donostiako Atano III.enean (22.15ean), bien arteko dema jokatuko da eta ikusi beharko da nork erantzuten duen ondoen partida garrantzitsu honetan, puntuen premian baitaude bi bikoteak. Zentzu honetan, Altuna III.a-Martija bikoteak dauka behar izan gehien, lau jardunaldi jokatuta, punturik batu gabe jarraitzen baitute. Binakakoaren ezaugarri nagusiena da txapelketa luzea dela eta, beraz, oraindik ere garaiz direla edozertarako. Dena dela, gakoa izan daiteke gaur irabaztea, Laso-Arangurenek pasatu den asteburuan eskuratu baitzuten lehenengo puntua eta, horrenbestez, arerio zuzenen arteko dema izan daitekeela esan liteke. Arerio zuzen hauek, ordea, beraien mailatik urrun daude, tartean lesioek baldintzatu dituztelako. Sei hilabetez kantxetatik at egon da Bizkarreta-Gerediaingoa, aldakako gaitza osatzen. Aurreneko jardunaldira ez zen iritsi, baina bigarrenetik aurrera erritmoa hartzen ari da. Nabarmen gora egin du -Peio Etxeberria eta Zabaletaren aurka partidaren lehen zati txukuna osatu zuen, nekea bere eragina egiten hasi zen arte-, eta txapelketari neurria hartzen ari da, Arangurenen laguntzaz. Hirugarren jardunaldian, Labriten, distirarik gabe baina sendotasunez, Peña-Albisu garaiturik (22-16), une honetan baliteke puntu bat batzea distira egitea baino beharrezkoagoa izatea. Horixe bera nahiko dute Altuna III.ak eta Martijak, 2022ko bikote txapeldunak, alegia. Amezketarra joan den astean berragertu zen, Bartzelonan, eta garaipenetik oso hurbil geratu ziren, Ezkurdia eta Tolosaren aurka 22-21 galduta. ARRASATEN Donostiako partida ez da gaurko bakarra izango, Arrasaten, 17.30ean hasiko den pilota jaialdian, Ezkurdia-Tolosa eta Artola-Imaz bikoteen arteko lehia jokatuko baita. Aspekoek bigarren puntua eskuratu zuten aipatu Bartzelonako dema estuan. eta horrekin arnasa pixka bat ere hartu zuten. Txukun hasi zuten txapelketa, Etxeberria eta Zabaletaren aurkako garaipenarekin, baina segidan trabatu egin ziren. Bolada eskasean dago, hain zuzen ere, Baikoko bikotea, azken bi partidak galduta eta puntu bakarra batuta, Laso eta Aranguren enpresakideetan aurka.