GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

UPNren jokabidea demokratikoki toxikoa da


Cristina Ibarrola boteretik kendu eta Joseba Asiron alkate egingo duen Iruñeko zentsura mozioak logika politiko sakonari erantzuten dio. Demokrazia ezin da matematikarik gabe ulertu, jakina, baina ezin da hauteskunde emaitzen aritmetikara mugatu. Hauteskunde sistemak, bozketara eramandako agindu demokratikoak, aliantzetarako gaitasunak, denborak eta lidergoek… berebiziko garrantzia dute boterearen kudeaketa demokratikoan. Elementu horien konbinaziotik abiatuta, ideologia eta balioak kontuan hartuta, herrien zerbitzura dauden gobernuak antolatzen dira: gehiengoak oinarri hartuta eta gutxiengoak errespetatuz. Gutxiengoak agintzea anomalia demokratikoa da.

Ez dago argi Iruñeko mozioa beste udalerri batzuetara zabalduko den. Logikoa litzateke, are gehiago UPNren jokabidea kontuan hartuta. Haiek bezala pentsatzen ez duten guztiekiko errespetua galdu dute. Bereziki PSNko eta EH Bilduko ordezkariak iraintzen ari dira, lotsagabeki. Ostegunetik aurrera Nafarroako herritarren %21 bakarrik biziko da UPNko alkateak dituzten herrietan. Eguesibarren, Barañainen, Lizarran eta Zangozan mozioak aurrera aterako balira, kopuru hori %12ra jaitsiko litzateke, %4,5 Tutera dela. Gainera, mankomunitate alternatibo bat sortzea proposatu du UPNk, foru erakundeetatik are gehiago isolatuz.

Mozio horiek planteatzeko orduan udalerri bakoitzaren egoerari begiratu behar zaio, zalantzarik gabe, baina uneotan UPN politikoki bere buruaz beste egiten ari da, demokrazia ordezkatzailearen oinarrizko arauak ez onartzeagatik. Neurri batean UPNk kanpoko etsai bat behar du, kohesioari eusteko eta bere barne krisiaren ondorioak atzeratzeko. Apirilean kongresua dute eta birrinduta iritsiko dira. Javier Esparzaren beligerantziak egoera horri erantzuten dio: bere porrotengatik baino nahiago du bere gogorkeriagatik gogoratua izatea. Iparra galduta dabiltza. Inoiz izan dutena baino botere gutxiago dute, proiekturik eta lidergorik gabe geratu dira, eta PP eta Vox sarraskiaren zain daude. PSNn zalantza izan dezakete, ez ote zaien komeni oxigeno politiko pixka bat uztea. Eskuindarrek ahuldade gisa ulertuko lukete eta alferrik litzateke.