GARA Euskal Herriko egunkaria
SASKIBALOIA

Kopako bi talde Malosteko euskal derbian, 2023ari ganoraz agur esateko

Lointek Gernika Bizkaiak eta IDK Euskotrenek zortzi onenetan lekua ia bermatuta dute, baina lau onenen artean ere sailkatzeko bidea egin nahi dute 18.30etik aurrera. Bestetik, Kutxabank Araskik galtzak bete lan izango du Perfumerias Avenidaren aurka.

Lointek Gernika Bizkaia eta IDK Euskotren, pasa den Euskal Kopan. (GORKA RUBIO | FOKU)

Egutegiak ez direlako «nahi gabe» antolatzen, ez da arraroa urte amaieran derbiren batekin topo egitea. Gaur arratsaldean Maloste kiroldegian, Lointek Gernika Bizkaiak eta IDK Euskotrenek 2023ari agur esango diote 18.30ean hasiko den norgehiagokan; iaz ere euskal derbi batekin amaitu zuen urtea talde donostiarrak, Kutxabank Araskiren aurka. Orduko hartan Koparako sailkapena zuen jokoan, baina ez Kopa ez garaipen, Tanaya Atkinsonek ahoa bete hortz laga zuen Azu Muguruzaren taldea.

Aurten Kopara sailkatzeko etxeko lanak behar bezala egin ditu talde donostiarrak, Lointek Gernika Bizkaiak egin dituen moduan. Aurreneko itzulia amaitzeko bi jardunaldi falta direla, zortzina garaipen dituzte biek ala biek, eta zortzigarren postuan dagoen Ferrolek baino bi garaipen gehiago dituzte. Bada, ia ziur talde biak izango dira martxoan Huelvako hitzorduan. Malosten irabazten duena bai, gutxienez.

Lau onenen artean sailkatzea, alabaina, beste kontu bat da. Uneotan Roberto Iñiguez gasteiztarrak zuzentzen duen Girona dago laugarren postuan; hau da, taldeburuen zerrenda itxiz, hurrenez hurren Valentzia Basket, Zaragoza eta Perfumerias Avenidaren atzetik. Katalanek euskal talde biek baino garaipen bat gutxiago dute, eta laugarren postu hori dute helburu.

«Derbiak beste edozein partidarekin alderatuz gero, oso ezberdinak dira. Bakoitzak duen guztia ematen du eta, beraz, aste hau oso garrantzitsua da guretzat», onartu zuen neurketa bezperako agerraldian Azu Muguruza Ibaeta Basketeko entrenatzaileak.

Pasa den astean lortu zuten gipuzkoarrek Kopan aritzeko falta zitzaien urratsa, nahiz eta Cadi La Seuren aurkako dema oso eskasa izan. «Gernikari irabazteko azken asteetan bezain zorrotz jarraitu beharko dugu defentsan, baina hori ez da nahikoa. Erasoan gehiago asmatu behar dugu, baina, batez ere, hobeto jokatu beharko dugu», onartu zuen entrenatzaile donostiarrak. Izan ere, 18 baloi galdu zituen IDK Euskotrenek bere azken partidan, eta bi puntuko jaurtiketetan ere oso kamuts aritu zen: 42 saiakeratik 12 saskiratze baino ez. Eskerrak bere aurkaria are okerrago aritu zen!

HIRUKOEN ERAUNTSIA

Malosten jokatzea, nolanahi, ez doakie gaizki gipuzkoarrei. Atzerago joan beharrik gabe, pasa den otsailaren 4an 66-98 nagusitu ziren Azu Muguruza eta bere jokalariak, 20 hiruko saiakeratik 14 saskiratu ostean. Maria España kapitaina aritu zen bereziki fin, 28 punturekin amaitu baitzuen derbia.

Arratsaldeko derbiari begira, Erin Whalen-en zalantza dauka IDK Euskotrenek. Hatz bitan min hartu zuen osteguneko entrenamenduan eta, Azu Muguruzak dioenez, «derbian parte hartuko duen zalantzan dago, kemen handiko jokalaria bada ere».

Bizkaitarrei dagokienez, Gironan, partida bikaina eginagatik, galdu egin zuten, Emakumeen Eurocupeko final-zortzirenei dagokien kanporaketara aurrera egin eta egun gutxira. Lucas Fernandezek zuzentzen duen taldeak Crystal Bradford bezalako jokalari berezi bat dauka; bere kabuz edozein partida alde batera edo bestera iraultzeko gai baita hegaleko estatubatuarra, talentua besteko erregulartasun falta daukalarik, era berean.

Bere aldetik, Marta Alberdi hegaleko bizkaitarraren hitzetan, «Gabonetako atsedenaldia ondo etorri zaigu indarberritu eta burua askatzeko. Derbia oso gogorra izango da, IDK Euskotrenek oso talde sendoa dauka, baina Kopara begira oso garrantzitsua da garaipen hau lortzea eta, etxean jokatzen dugulako, aurrera atera behar da!»

EZINEZKOAREN BILA

Kutxabank Araski, berriz, Kopan sartzeko ia aukerarik gabe geratu zen joan den astean Estudiantesen aurka Mendizorrotzan galdu eta gero. Bost garaipen dituzte gasteiztarrek eta, matematikek zortzi onenen artean sailkatzea oraindik posible dela badiote ere, errealitatea beste gauza bat da, batik bat 18.00etan Perfumerias Avenidaren kontra Salamancan jokatzen dutelako.

Egia da aspaldion maila apalagoan dabilela Salamancako taldea, baina arabarren kontra taldea bapo indartuta dela jokatuko du. Batetik, Chantel Horvat hegal-pibot kroaziarra ekarri du Turkiatik, eta bestetik, Bernadette Hattar, 2,08 metro neurtzen dituen Hungariako pibot erraldoia ere fitxatu du.

Kutxabank Araskik bere baliabideak egoki erabili beharko ditu azken minutuetara sorpresa emateko aukerekin iristeko modua egingo badu. Alex Suso gasteiztarren hirugarren entrenatzaileak atzo adierazi zuenez, «hasteko, jarraitutasuna behar dugu. 40 minutuetan topera aritu behar gara, beste ezer baino lehen. Defentsan sendoago jokatu beharko dugu eta, oro har, hainbesteko gorabeherarik gabe. Handik aurrera, ikusiko dugu».