GARA Euskal Herriko egunkaria

Lukas Agirrerentzat «justizia» eskatu, eta Coca ere oroitu dute

Lukas Agirre hernaniarra labankadaz hil zutela urtebete pasa dela oroitzeko ekitaldia egin zuten atzo Hernanin, «justizia» aldarrikatzeko. Bide batez, Agirreren amak Santi Coca ere gogoan izan zuen eta haren heriotzaren inguruko epaia «bidegabetzat» jo zuen.

Duela urtebete hil zuten Lukas Agirreri atzo egindako omenaldia, Hernanin. (Jon URBE | FOKU)

Ehunka lagunek babestu zuten Lukas Agirreren familia atzo Hernanin egin zen ekitaldian. Urtebete da Eguberri eguneko goizaldean Donostian labankadaz hil zutela, eta gaztearen senide eta lagunek «justizia» eskatu zuten. Bi pertsona daude preso orduko krimenagatik.

Gudarien Plazan bildu ziren elkarretaratzera bertaratu zirenak, “Lukas beti gurekin. Justizia nahi dugu” zioen pankarta batekin eta gaztearen argazkia aurrean zela.

Gaztearen senide eta lagunek parte hartu zuten omenaldian, eta minutu bateko isilunearen ostean, Zuriñe Izkok emearen galeragatik oraindik sentitzen duen minaz hitz egin zuen. Santi Cocaren senitartekoei ere zuzendu zitzaien. 2019an hil zen Coca, Donostiako diskoteka baten kanpoaldean jipoia jaso ostean.

Auzi horregatik, epaiketa duela aste batzuk egin zen Gipuzkoako Auzitegian, eta joan den abenduaren 5ean epaimahai batek lau akusatuetatik hiru ez erruduntzat jo zituen. Laugarrena, berriz, zuhurtziagabekeria larriko homizidio delitu baten egiletzat jo zuen.

«Duela gutxi bihotzean sentitzen dudan mina handiagoa egin zen, Santi Cocaren epaiketaren emaitza jakin ondoren. Ez da bidezkoa gertaera horren ondorioak horiek izatea. Honen ondoren, kostatu egingo zait justizian konfiantza izatea», esan zuen Izkok. Bere sendiaren bihotzak Fatima amarekin eta Iker anaiarekin daudela gaineratu zuen.

Gainera, eskerrak eman zizkien bere lagunei, Lukas semearen lagunei eta senitartekoei, haiengandik jasotzen ari den «babes eta maitasunagatik», «pixkanaka» aurrera egiten laguntzen diotelako, nahiz eta «bihotzak txiki-txiki eginda» jarraitu.

Lukas Agirre 2022ko abenduaren 25ean hil zen, 6.20 aldera, hainbat labankada jasota, Donostiako Okendo plazan. Orduan 24 eta 26 urte zituzten bi gizonezko atxilotu zituzten, eta behin-behineko espetxealdian jarraitzen dute.