GARA Euskal Herriko egunkaria

Altzola-Elgoibar geltokia eta tren garraio publikoa babesteko, 10.000 sinaduratik gora bildu nahi dituzte

Altzola-Elgoibar geltokia babestu nahi dute. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Altzola-Elgoibar tren geltokiaren aldeko herri plataformak beste sinadura bilketa bat egin zuen atzo, Elgoibarren ospatu zen Gabon Zahar ferian, merkatu plazaren parean. Altzola-Elgoibar tren geltokia ez ezik, herriko hiru geltokiak eta tren garraio publikoa defendatu nahi dituzte atxikimendu horien bidez.

Esplikatu zutenez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako garraio jasangarriaren lege berriarekin bat egiten du ekimenak. Aurten plazaratutako lege horretako zenbait artikulu adibide gisa jarri zituzten. Horietako batek dioenez, Europako Itun Berdeak garraio multimodala bultzatu behar dela jasotzen du, tren garraioa eta mugikortasun automatizatua sustatuz. Aipatu zuten bigarren artikuluak dio administrazio publikoen jardunean tren sarea izango dela garraio publikoaren eskaintza egituratuko duen ardatza, eta errepideko garraioa osagarria izango dela. Hirugarrenik, poliki-poliki motordun ibilgailu pribatuen erabilera murrizteko neurriak hartzeko agintzen du legeak.

«Paperak dena jasaten du. Baina errealitatea oso bestelakoa da», ohartarazi zuen herri plataformak.

Atzoko sinadura bilketa amaituta, euskal herritar guztiei laguntza eskatuko diete, 10.000 sinadura lortze aldera. Horretarako, change.org plataforma erabiliko dute.

Lege Ekimen Herritar bat aurkeztuko dute Gasteizko Parlamentuan, Altzola-Elgoibar tren geltokia mantentzearen alde. Dagoeneko badago proiektu bat geltokia babesten duena, eta bi aldiz plazaratu dute EAEko buletin ofizialean. «2012an baliagarri bazen, are baliagarriagoa da hamabi urte geroago», defendatu zuten.