GARA Euskal Herriko egunkaria
KRISI EKOSOZIALA

Mapatik ateratzeko zorian gaude

Mapetatik kanpo dagoen atakara ekarri gaitu krisi ekosozialak. Lurralde berriak zapaldu ahala marraztu behar dira kartografia berriak. Berriztagarriak beharrezkoak dira; non eta nola erabakitzeko eztabaida zain daukagu, ordea. Eta hori, premiazkoa, martxan jarri ostean, garrantzitsuena geratuko zaigu.

Frabosa Sottana eski estazioa, Italiako Alpeetan, elurrik gabe abenduaren 15ean. (Marco BERTORELLO | AFP)

Hastear den 2024 honetan mende bat beteko du esplorazioaren eta alpinismoaren historian inoiz idatzi den esaldirik ederrenetako batek. George Leigh Malloryk idatzi zion, Everesten magalera hurbiltzen ari zelarik, bere emazte Ruth Turnerri: «Mapatik ateratzeko zorian gaude». Ez zen metafora bat, literala zen. Ez zen existitzen garai hartan espedizio haren pausoak gidatuko zituen Himalaiako kartografiarik. Beraiek egin zituzten aurreneko mapak.

Ehun urte geroago, Mallory eta haren sokalagun Andrew Irvine tontorrera igo ziren ala ez jakin gabe jarraitzen dugu, baina marraztu zituzten mapak urte luzez erabili ziren. Gehienak ezezkoan dauden arren, ederra da tontorra zapaldu zutela pentsatzea, eta bada itxaropen hori elikatzen duen helduleku xarmant bat: Malloryk bere emaztearen argazki bat zeraman gailurrean uzteko; eta, 1999an, haren gorpua 8.000 metrotik gora topatu zutenean, patrikan ez zioten argazkirik topatu.

Tontorra zapaldu ala ez, posible denaren kartografia berri bat utzi ziguten Malloryk eta bere kideek. Hori, eta esperantza bat. Ez da gutxi.

MAPATIK KANPO, GAUR EGUN

Edozein kutsu erromantiko galduta bada ere, Malloryren esaldia geureganatu dezakegu, mapatik ateratzeko zorian baikaude gu ere, ez bagara dagoeneko atera. Metafora gisa balio digu, jakina, baina literala ere bada alderaketa. Mapa asko zaharkituta geratu dira, krisi ekologikoaren eraginez. Tropikoak handiagoak dira gaur egun, klimak ikasteko mapek ez dute askorako balio, Sahara erakusten dena baino %10 zabalagoa da, Permafrosta 80 kilometro iparralderago hasten da, eta Poloetako izotzak ez dira irudikatzen zirenak.

Metaforara bueltan, mapek bide batzuek imajinatzen laguntzen dute, eta beste batzuek bazterrarazten dituzte. Horregatik, eskuetan ditugunek ez digute balio, orain arteko urratsek gauden atakara ekarri gaituztelako: planetari klima eta beste hainbat oreka aldatu dizkiogu, lurraren ardatza mugitzeraino, oso gaizki ulertutako hazkunde ekonomiko bat bihurtu dugulako ongizatearen eta aberastasunaren neurri bakar. Borgesek ipuin batean irudikatu zuen 1:1 mapa bezala, kartografia honek ez digu errealitatea ikusten uzten, eta beste norabide batzuk asmatzea galarazten digu. Motzean, galbidera garamatza.

Malloryren kasuan bezala, bide berriek mapa berriak eskatzen dituzte. Ez dira 1:1 eskalakoak izanen, txikiak eta zalantzaz beterikoak baizik, baina horien gainean ibiltzera kondenatuta gaude.

DATORRENARI BEGIRA

Zer espero dezakegu 2024an? Ziurrenik, beste hamaika tenperatura errekor eta muturreko fenomeno meteorologiko ugari. Mapa zaharren oinordetza. Zerbait gehiago? Berriak marrazteko gaitasunaren araberakoa izanen da erantzuna.

Aukerak egon, badaude. Hori bai, Dubaiko azken COP28a ikusita, hobe dugu arreta etxeko lanetan jartzea. Urte hasiera honetan Gasteizko legebiltzarrak Energia trantsizioari eta klima aldaketari buruzko legea adostu dezake gehiengo zabal batekin. Ez da arazo guztien konponbidea izanen, ezta gutxiago ere, baina abiapuntu ona izan daiteke helburu zehatzak ezartzeko.

Garrantzitsuena ez bada ere, premiazkoena energia fosilen erabilera izugarri murriztea da. Horretarako, kontsumoa jaistea ezinbestekoa da, hala nola berriztagarrien inguruko egiazko eztabaida egitea. Parke handi batzuk beharko direlako, zalantzarik gabe. Bistarentzat erosoagoa da lur azpitik doan oliobidea, baina klima larrialdia arintzeko oliobide horiek itxi behar dira ezinbestean. Hori berriztagarri handirik gabe egin daitekeela pentsatzea ez da oso errealista. Non, nola, zer mugarekin eta zein negozio eredurekin egin nahi dugun erabakitzea da segur aski auzia. 2024 izan behar da eztabaida horiek burutzeko urtea.

Hori eta, jakina, tamaina honetako trantsizio batek behar dituen eraldaketa guztiak martxan jartzekoa, berriztagarriak ez baitira hasiera besterik. Gutxiagorekin bizitzera behartuta bagaude, ongizatearen kontzepzioa aldatzearekin batera, bi aukera dauzkagu: gero eta pobreago bizi egungo dinamika desorekatuan, edo hobe banatu dagoena, bai lana, bai aberastasuna. Horrek, ordea, klima trantsiziorako plan bat baino zerbait gehiago eskatzen du.