GARA Euskal Herriko egunkaria
GARRAIO PUBLIKOA

Bizkaiko eta Gipuzkoako garraioan %50eko beherapenak, kexen ostean

Azken asteotako haserre sozialaren ostean eta oposizioko alderdiek 2023ko beherapenak mantentzeko eskatu ostean, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek baieztatu zuten %50eko deskontuak mantenduko dituztela bi herrialdeetako garraio publikoan. EH Bilduk errentaren eta erabileraren araberako ordainketa-sistema progresiboa ezartzeko proposamena aurkeztuko du.

Garraio publikoan deskontuak mantenduko dira. (Aritz LOIOLA | FOKU)

 

Azkenerako, Bizkaiak eta Gipuzkoak %50eko beherapenak izango dituzte garraio publikoan 2024an, atzo iragarri zutenez. Urte berriarekin bat garraio publikoa garestituko zela jakiteak herritarren artean eragindako haserrearen ondotik iritsi da neurria.

EAJk Europa Press agentziari jakinarazi zioenez, ostegun honetan ezohiko bilera egingo du Bizkaiko Garraio Partzuergoaren Kontseilu Nagusiak tarifen hobaria aztertzeko. Bileran, Bizkaiko ahaldun nagusi eta CTBko presidente Elixabete Etxanobek %50eko deskontua proposatuko du Barik zein aldi baterako abonamenduetan.

Proposamena da %50eko deskontua aplikatzea indarrean sartzen denetik urtebetez. Egungo %50eko deskontua indarrean dago hilaren 13ra arte, baina egin beharreko izapideak eta Legeak ezartzen dituen epeak direla eta, ezin izango da urtarrilaren 14an bertan aplikatu.

Neurria urgentziaz aztertuko dute orain, lehenago «materialki ezinezkoa» izan delako, iturri jeltzaleek azaldu zutenez, CTBn gehiengoa baitu alderdiak. Ildo horretan, gogorarazi zuen Errege Lege Dekretua joan den ostegunean, abenduaren 28an, argitaratu zela, eta egun gutxi hauetan gai hori aztertu dela, «konplexua baita», eta, azkenean, «astebete baino gutxiagoan» deitu dela Kontseilura, ezarritako epeekin.

2023KO BALDINTZA BERAK

Gipuzkoan, halaber, Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako foru diputatuak atzo baieztatu zuenez, 2024an Lurraldebuseko erabiltzaile guztiek 2023ko baldintza berberetan baliatu ahal izango dute zerbitzu hori. Joan den ostegunean, Pedro Sanchezen Gobernuak garraio publikoaren deskontuak arautzen dituen Errege Dekretua argitaratu zuen, 2024an Lurraldebusen onartutako %20ko hobariak %50eraino osatzea aurreikusten duena. Gainera, hobariak Mugiren berezko abantailei gehituko zaizkie. «Neurri horrek erraztu egiten du herritar askok beherapen handiak izaten jarraitzea garraio publikoa bezalako funtsezko zerbitzu batean; izan ere, familia asko egoera ekonomiko zailean daude, prezioen gorakada dela eta», nabarmendu zuen.

Dominguezek gogorarazi zuen Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak joan den udazkenean konpromisoa hartu zuela 2024 osoan Lurraldebusen tarifen %20ko beherapena mantentzeko, eta orain espainiar Estatuko Gobernuak %50eraino osatzen duela. «Pozten gara Pedro Sanchezen Gobernuak garraio publikoaren erabilera sustatzen jarraitzea erabaki duelako eta hobari hori %50eraino osatu duelako, 2022tik gozatzen ari garen bezala», adierazi zuen diputatuak.

Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak neurri horiek berretsiko ditu gaur bertan.

OPOSIZIOAREN ERREKLAMAZIOAK

Baieztapen horiek oposizioko alderdiek argitasunik eza salatu eta ordu batzuetara egin ziren. EH Bilduk euskal erakundeek garraio publikoaren deskontuei buruz sortutako «nahasmena» kritikatu zuen asteazken honetan, eta 2024an %50eko deskontuak mantentzeko eskatu.

EH Bilduk dio hobari berriak ezarri beharra ekarri zuen egoerak indarrean jarraitzen duela gaur egun, eta ekimena eraginkorra dela frogatu dela, garraio publikoaren erabiltzaile kopurua handitu egin baita, ibilgailu pribatuaren kaltetan.

Alderdi subiranistak, ildo beretik, legez besteko proposamen bat aurkeztuko du Gasteizko Legebiltzarrean, hiru aldundiek batera erabaki dezaten garraio publikoan errentaren eta erabileraren araberako ordainketa-sistema progresiboa ezartzea.

Bestalde, Elkarrekin Podemos-IUk «garraio publikoaren deskontuak ez mugatzeko» eskatu die EAJk eta PSEk gidatutako euskal erakundeei, garraio eredu horren erabilera «orokortzeko helburuan atzerapausoa» izango litzatekeelako.

Iñigo Martinez Zaton legebiltzarkideak defendatu zuen deskontu horiek «lortu nahi zituzten onura guztiak» lortu dituztela: familiei laguntzea inflazioaren ondorioei aurre egiten, hirietako trafikoa murriztea eta airearen kalitatea hobetuz ingurumena eta herritarren osasuna babestea.

Era berean, Ekologistak Martxan erakundeak salatu zuen Bizkaiko Foru Aldundiak eta Garraio Partzuergoak garraio publikoko txarteletarako dirulaguntzak kentzeko egindako proposamenak bizkaitar asko ibilgailu pribatura itzultzea eragingo lukeela.

«Sozialki bidezkoa den trantsizio ekologiko baterantz jotzeak erregai fosilak pixkanaka ezabatzea eskatzen du, eta hori garraio publikoari baldintzarik gabe laguntzeko politiketatik soilik egin daiteke, ibilgailu partikularraren kaltetan», adierazi zuen.

Azkenik, baina, diputazioek atzera egin dute eta beherapenak mantenduko dituzte.