GARA Euskal Herriko egunkaria

Gripe eta covid-19 kasuen gorakada eragina izaten ari da osasun zerbitzuetan


Gripearen eta covid-19aren intzidentzia altua eragina izaten ari dira Hego Euskal Herriko osasun zentroetan. «Tentsioan» dago Osakidetza eta asistentzia-presioa handitzen ari da Osasunbidean.

Gripearen eta covid-19aren intzidentziak goranzko joera dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Gripe kasuak ugaritu dira Nafarroan ere, baina covid-19aren intzidentzia egonkortu egin da. Hego Euskal Herrian bronkiolitisaren diagnostikoak eta arnas birus sinzitialaren (VRS) detekzioak gutxitu egin dira.

Osakidetza «tentsioan» dagoela onartu zion EFEri Alfonso Gutierrez Basurtuko Ospitaleko Barne Medikuntzako zerbitzuburuak atzo. Aitortu zuen, gripearen eta covid-19aren intzidentziaren eraginez, «gainkarga-uneak» izaten ari direla, baina ziurtatu zuen ez dagoela «kolapsatuta».

«Horrek esan nahi du ohikoaz aparteko lana egon daitekeela, une puntualetan arreta atzeratzea eragingo duena, baina eskariari erantzuteko baliabideak badaude», azaldu zuen. Ohartarazi zuen, ordea, baliabide «mugatuekin» dabiltzala lanean, oporraldi garaia delako eta langile asko gaixorik daudelako.

Osasunbidean, Iruñeko Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko, Tuterako Reina Sofia ospitaleko eta Lizarrako Garcia Orcoyen (HGO) ospitaleko larrialdi-zerbitzuetan presio asistentziala asko handitzen ari dela jakinarazi zuten.

Lakua eta Nafarroako gobernuek covid-19aren eta gripearen kutsatzeak murrizteko higiene neurriak hartzeko eskatu zieten herritarrei.

TRIAJE SISTEMA BERRIA

Bestalde, Nafarroan, triaje sistema berria jarri da abian: 18 eta 40 urte bitarteko pazienteak, arnas sintoma arinak dituztenak, arrisku-faktorerik edo alarma-daturik ez dutenak, triajean lehentasun txikia dutenak eta beren ekimenez larrialdi zerbitzura jo dutenak ospitalez kanpoko larrialdi-zentroetara bideratuko dituzte.