GARA Euskal Herriko egunkaria

Udalerriz udalerri, euskararen egoera behatu du ikerlan berri batek

“Euskararen Geografia Berria” ikerketa-lana aurkeztu berri du Garikoitz Goikoetxeak. Bertan, euskararen egoera udalerriz udalerri aztertzen da, bilakaera eta honetan eragin duten faktoreak zehazteko. Besteak beste, euskararen aldeko ekintzak tokiaren beharretara egokitu behar direla ondorioztatu du lanaren egileak.

Euskara sustatzeko ekintzak herriaren beharren arabera moldatu beharra dagoela azpimarratzen du Goikoetxeak. (Jon URBE | FOKU)

Euskararen egoera soziolinguistikoak azken urteetan bilakaera bat izan duela adierazten dute datuek, “Euskararen geografia berria” ikerlanak erakusten duenez. Garikoitz Goikoetxeak, azterketaren egileak, joan den asteartean NAIZ Irratian azaldu zuenez, irakurketa bere osotasunean egiteko alor asko hartu behar dira kontuan eta, beraz, lurralde edo esparru geografikoaren ikuspuntutik egindako ikerketa da.

Hala ere, «hemendik abiatuta badaude gogoeta merezi duten beste hainbat gai, ezagutzari eta bereziki erabilerari dagokionez; Euskal Herrian hizkuntza politika zonifikatuak egin behar baditugu, eskualdeetatik uste dut badagoela buelta batzuk emateko premia», aitortu zuen Goikoetxeak.

Euskararen egoera eta erabilera udalerrika aztertu ondoren, hizkuntza sustatzeko jarduerak eta ekintzak «tokian tokira» egokitzeko premia dagoela uste du. «Euskaraldiaren helburuak berberak izan behar dira Orendainen eta Carcarren?», planteatu zuen ikertzaileak “Bigarren kafea” irratsaioan.

Egokitzapenerako beharraren beste adibide bat hitanoaren sustapena da. Ikertzailearen ustez, Gipuzkoa barrura fokalizatuta, testuingurua «ez da berdina» Donostian, Irunen edo Abaltzisketan eta, orduan, hitanoa bultzatzeko jarduerek indar desberdina izan behar dute, tokian tokiko egoera desberdina delako ere kasu bakoitzean.

Egoera soziolinguistikoak izan duen bilakaera azaltzeko, hiru ertzetan jartzen du fokua Goikoetxeak. Batetik, Euskal Herri osoa hartuta euskaraz dakien jende gehiago dagoela «nabarmena» dela dio, orain dela 40 urteko datuekin alderatuta. Hala ere, hazkundea ez da berdina izan leku guztietan eta inguru batzuetan euskararen ezagutzak atzera egin du. Hirugarrenez, ezagutza gaitasunarekin lotu behar da, desberdina baita euskaraz jakitea eta euskaraz egiteko egokiera izatea, bereziki hiriburuetan gertatzen dena.

MIGRAZIOA ETA ARNASGUNEAK

Arnasgune diren udalerriak «bukolikotzat» hartzen direla uste du Garikoitz Goikoetxeak. Hala ere, migrazio mugimenduekin arnasguneek «galtzeko boleto guztiak» dauzkate, euskaldun kopuru handia duten udalerrietatik, Donostia kasu, Tolosaldera edo Urola Kostara lekualdatzen diren euskaldunak beste testuinguru batetik datoz eta «ezin dugu espero lehendik arnasgune horietan bizi direnen jokabidea izatea», gerturatze bidera joango diren arren.

Horren aurrean, immigranteei egiten zaien harrera landu beharra ikusten du. Bere ustetan, atzerritik datozenentzako harreran hutsunea dago, baina baita Euskal Herritik datozenei egiten zaienean. Esate baterako, Bilbotik Lea-Artibaira doazenei azaldu beharra dago euskarak helmugan daukan garrantzia. «Beharbada ez gara ausartzen gai hori mahai gainean jartzen eta nabarmena da migrazioak euskararen erabilerari eragingo diola, nahitaez. Hizkuntza guztiei, baina gutxituei bereziki», azaldu zuen elkarrizketan.

Harrerarekin batera, euskara ikasteko aukerari heldu behar zaiola azpimarratu zuen; izan ere, adibidez, Errumaniatik etorritako familia batek, nahiz eta udalerri euskaldun batera etorri, erraztasun handiagoa izango du gaztelera ikasteko.

«EUSKARAZ BIZI»

Arnasguneen beste arrisku bat beste testuinguru batzuetan euskararen osasuna okerragoa denez arazorik ez dagoela pentsatzea da. Tolosaldean egoera beste udalerri batzuetan baino hobea den arren, «ez du esan nahi dena egina daukagunik», nabarmentzen du ikertzaileak.

Leku horietako askotan euskaraz bizitzeko gai dira biztanle gehienak, «baina ez du esan nahi euskara hizkuntza normalizatua denik». Izan ere, prentsaren, ikus-entzunezkoen eta sakelako telefonoen konfigurazioaren hizkuntzei erreparatu behar zaie. «Hutsuneak badauzkagu eta kontziente izan behar dugu».