GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Josafaten zelaia


Egunotan heriotza alboan dudala gosaltzen dut; Israel Gazan egiten ari den sarraskiari buruzko albiste eta argazkien konpainian hurrupatzen dut kafesne beroa. Sukaldean pizturiko irratian esatariak eguneko albisteak aletu ohi ditu eta niri Saleh al Arouri Hamaseko bigarren buruzagi garrantzitsuena omen zenaren hilketari buruzkoak eman dit atentzioa, arrapaladan bada ere kazetariak aipatu baitu Israelen drone bidezko erasoan beste bost pertsona ere hil direla, baina izenik eman gabe. Ezin izan dut ebatzi, ordea, sei horiek euren arteko senide, lagun, miliziakide edo zorizko bizilagun ote ziren bonbaz amildutako etxean. Jarraian imajinatu dut hileta jendetsu bat -edo hileta sorta, hildakoek euren artean zuten harremanaren arabera-, baina hori deserrian egin beharrak dakarren bihotz uzkurdurarekin. Irudikatu ditut malko gehiago isuri ezin duten begiak Zerrendako hondakin eta errauts artean. Eta pentsatu dut itsusia dela heriotza kasu gehienetan eta gerrak zuloak hamarnaka sortzen baditu ere ez dagoela loreak nora eraman.

Beste itsaso baten ertzean, gurean, tokatu zaizkit abenduan beilatoki eta hileta kontuak. Atsekabetu egiten nau azken agurrerako autoa hartu eta herri edo hiri kanpoaldeko industrialde batera joan, eta albo batean edari banatzailearen biltegia dela eta parean auto tailerra, inor besarkatzea. Hitzak korapilatzen zaizkit jabetzen naizenean pasa garela herri erdian dagoen parrokian gure senide eta lagunak despeditzetik heriotzaren presentzia ezkutatzera. Hileta, berriz, Orbaizetan, antigoalekoa. Jende saldoa apaiz eta hildakoaren atzetik kanposantura, meza ostean lurperatuko duten hildakoari azken agurra ematera. Hamar urte barru hor geundenetatik gutxik jakingo du mezan nola jokatu, zer abestu, noiz jaiki eta noiz eseri. Apaizik ere ez da egongo ziur asko. Gaitz erdi, baina astun gerta dakiguke erritu zibil bateratu eta efikazen falta. Pentsatu beharko dugu zerbait. Kafea amaitu eta irratia itzali dut. Haizeak hotza dakar eta, Lorde-k zioen bezala, isiltasunak ez gaitu salbatuko.