GARA Euskal Herriko egunkaria

San Juan baleontziaren eraikuntza prozesua irudien bidez ezagutzeko aukera, Albaolan

San Juan baleontziaren eraikuntza prozesua xehetasun guztiekin ezagutzeko parada ematen du Albaola Itsas Kultur Faktoriak Pasaiako bere egoitzan jarri duen erakusketak. «San Juan, gure historia

erreskatatzen duen ontzia» izenburupean, Mendi Urruzuno argazkilariak egindako jarraipena dago ikusgai.

Erakusketa Albaolaren Pasaiako egoitzan dago ikusgai jada. (ALBAOLA ITSAS KULTUR FAKTORIA)

Albaola Itsas Kultur Faktoriak San Juan baleontziaren eraikuntzaren inguruko xehetasun guztiak ezagutzeko aukera berri bat zabaldu du; ‘‘San Juan, gure historia erreskatatzen duen ontzia’’ erakusketa jarri du ikusgai horretarako. Bertan, ontzia eraikitzen ari zen bitartean Mendi Urruzuno argazkilari errenteriarrak egindako argazkiak bildu dituzte.

Albaolak adierazi duenez, bildumak itsas ondare unibertsalaren ikono den baleontziaren eraikuntza-prozesua erakusten du, gila jarri zenetik orain dagoen kroskoaren oholeztatze faseraino. Urruzunok Albaolarentzat «oso aberasgarria den irudi-gordailua» sortu zuela nabarmendu dute.

Azaldu dutenez, 2014an, gila jartzearekin batera, hasi zen bilduma hau osatzen duten irudiak hartzen. «Itsasontziaren eraikuntzaren fase bakoitza ulertzen laguntzen du erakusketak egiten duen ibilbide bisualak: haren hezurdura eta barne-egitura ikusteko aukera ematen du eta, aldi berean, haren kanpoaldea zuzenean gozatzekoa. Erakusketak museoaren bisita aberasten du eta historian hain ezezaguna den kapitulu honen dibulgazioan sakontzen du», nabarmendu dute.

Era berean, gogora ekarri dute ez dela ahaztu behar San Juanen eraikuntza posible egin duten aurrekariek duten garrantzia. «Lehenik, Selma Huxley historialariaren ikerketaren emaitzek Kanadan euskal baleontzien bilaketa sustatu zuen; horren ondorioz, Parcs Canada-k, gobernu agentziako arkeologia departamenduak, urpean egindako ikerketa-lan bikainari esker eta Robert Grenier-en gidaritzapean, 1978an ontziaren hondakinak aurkitu zituzten. Eta, ia 30 urteko landa-lanari esker, ontziaren planoak eta maketak sortu ahal izan zituzten, bai eta San Juan baleontziaren saskaren azpian topatutako balea-txalupa batena ere». Ikerketa-proiektu handi horri esker, gaur egun, San Juan galeoia da, mundu mailan, hobekien ezagutzen den 16. mendeko itsasontzia.

Ikerketa aitzindari horren ondoren, 2013an, Red Bayko multzo arkeologiko osoa Gizateriaren Ondare izendatu zuen Unescok, eta Albaolak ikerketa horren lekukoa hartu zuen Pasaian itsasontzi enblematiko hori berpizteko. 2015ean, Unescoren babesa lortu duen munduko ontzigintzako proiektu bakarra bihurtu zen.

Erakusketa hau bi lekutan ikusgai egon da Albaola Itsas Kultur Faktorian lehorreratu aurretik: Festival de Loire-n eta Kanadak Madrilen duen enbaxadaren egoitza ofizialean.