GARA Euskal Herriko egunkaria

Iowan hasi da Etxe Zurian bukatuko den hamar hilabeteko lasterketa

AEBetako erdialdean, Mississippi ibaia igarota datozen lautada eta muino leunen estatua da Iowa; kilometroz kilometro artasoroak nagusi dira. Lau urterik behin, baina, AEBetako eta, neurri handi batean, mundu osoko arreta biltzen da estatu honetan, hauteskunde presidentzialetaraino doazen primario eta caucusen lehiaren abiapuntua delako.

Gizon bat, Donald Trumpen mitin batera joateko zain daudenen artean kanpainako txapak saltzen, Indianolan, Iowan. (Scott OLSON | GETTY IMAGES)

Des Moines hiriburuaren eta Cedar Rapids bigarren hiriaren erdibidean, bakoitzetik ordubetera, kasino handi bat dago. Meskwaki herri txikiaren kanpoaldean, urrundik ikusten da eraikin erraldoia. Meskwakiak Iowako herri indigena bakarra dira, mendebaldeko konkistan kanporatu ostean, AEBetako sistema ulertu eta dirua erabili zuten berez zegokiena bereganatzeko, beren lurra, alegia. Europatik iritsitako komunitateen erdian eratu zuten herri indigena berria. Bertako zaharrenek gogoan dute nolako merkataritza trukeak egiten zituzten aldameneko bizilagunekin, meskwakiek alemanezko esaldiak ikasita, eta etorkin ilehoriek eta haien ondorengoek ere meskwakieraz eginda. Mundu gerrekin alemanaren gainbehera etorri zen, eta meskwakierak ere ozta-ozta irauten du biziberritzeko programekin. Egun, Iowako zentsuak ageri duenez, estatuko biztanleen ia %90 zuriak dira.

Nekez izan liteke AEBetako biztanleriaren eredu, lau urterik behin neurrigabeko arreta lortu arren urtarril-otsailean, alderdietako hautagaiak, kanpainako adituak eta ehunka kazetari estatu honetako herririk herri dabiltzala. Berez, demokratek tradizioarekin apurtu eta primarioak aurrerantzean askoz biztanle beltz gehiago dituen Hego Carolinan abiatzea erabaki dute. Baina errepublikanoen presidentegaia hautatzeko lehen hitzordua Iowa da.

Egunotan AEBetako zati handi batean jo duen elurteak bete-betean harrapatu du Iowa, eta horrek jende asko uzkurtu zuen atzo, lan ostean herriko kiroldegi, eliza edo bestelako topaleku batera joatera caucusera. Bilkura horietako eztabaidetan erabakitzen da Iowak zein hautagairen alde egiten duen. Aurten, Donald Trumpen garaipen argia ez den edozein emaitza sekulako ustekabea litzateke, inkestetan %50etik gora ageri baita presidente ohia, hurrengo hautagaiekiko 30 puntu baino gehiagoko aldearekin.

BIGARREN IZATEKO LEHIA

Berez, esan liteke lehia bigarren lekuagatik dagoela. Ron DeSantis Floridako gobernadorea agertu izan da Trumpen atzetik hilabetez hilabete, eta azaroan harro adierazi zuen Iowako konderri guztiak (99!) bisitatu zituela kanpainan. Hala eta guztiz, %17-18an ageri izan da inkestetan, eta ikusteko dago azken eztabaidetan bere zaleen aurrean txukun samar ibiltzeak laguntzen ote dion.

Nikki Haley Hego Carolinako gobernadore ohi eta Trumpen agindupean NBEko enbaxadore izandakoa du aurkari nagusia DeSantisek. Atzetik aurrera etorrita, errepublikano askoren kutun bihurtu da. Iowan ez du aparteko kanpainarik egin, sari nagusia datorren asteko New Hampshireko primarioetan izan dezakeela jakitun. Han, Trumpengana asko hurbiltzea lortu zuen joan den asteko inkestetan, eta Chris Christie hautagai antitrumpistak primarioetatik erretira iragartzeaz bat, sekulako bultzada hartu zuen Haleyk, inkestaren batek Trumpen aurretik ere jarri du New Hampshiren. Horregatik guztiagatik, Iowan emaitza txukuna lortzea du helburu bakar, bigarren izateak eta DeSantisen aurretik geratzeak hautagaitza hauspotuko lukeela jakitun, baina hirugarren izanda ere -Floridakoarengandik oso urrun ez badago, batez ere- apustu nagusia datorren astean daukala jakinik.

Asko dira, berez, Iowan kili-kolo ibilita gero presidentegai izan direnak; bai Joe Biden, bai Donald Trump, esaterako, ez ziren nagusitu lehen caucusean. Aldiz, 2008an Iowan nagusitzeak berebiziko garrantzia izan zuen Barack Obamaren hautagaitzarentzat eta, azkenean, Etxe Zuriraino eraman zuen. Askok diote, halaber, antzinako biltzar sistema ez dela baliagarria gaur egungo barne demokrazia ariketa baterako. Estatu gehienek bozketa zuzeneko primarioak antolatu ohi dituzte, eta duela lau urte demokraten caucusak kaos hutsa izan ziren; egunak joan, egunak etorri emaitza argirik ez, eta azkenean bai Bernie Sandersek bai Pete Buttigieg-ek irabazi zutela adierazi zuten.

Aurten errepublikanoengan dago arreta. Iowako caucusen garaipena argi samar egonda ere, presidentegaia nor izango den ikusteko bide luzea eta inoiz baino nahasiagoa dago aurretik. Besteak beste, AEBetako hautesle kontserbadoreez gain, auzitegiek eta Trumpen aurka dauden ia 100 salaketen epaiketek baldintzatuko dute nor aukeratzen duten Etxe Zurirako hautagai errepublikano.