GARA Euskal Herriko egunkaria

Mugimendu abertzalearen bide orria zehazteko jardunaldiak, Kanbon

Bi Aberri Egunen artean, Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalea eguneratzeko xedez, martxan emandako Bagira dinamikaren barnean proiektu politiko horren birfundazioaren gakoak eta arnasa luzeko erronkak aztertzeko parada izanen da, hilaren 27an, Kanbon antolaturiko jardunaldietan. Martxoaren 31n aurkeztuko den bide orria landuko dute.

Transmisioari buruzko saio batean, Bagirako sustatzailea den Pantxika Ibarboure hizketan. (Patxi BELTZAIZ)

2023 eta 2024ko Aberri Egunen artean Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalea eguneratzeko dinamika abian eman zuen Bagira mugimenduak orain mugarri berria ezarri du.

Hala, proiektu politiko horren birfundazioaren gakoak eta ondoko hamarkadarako bide orria aztertzeko parada izanen dute Kanbon antolaturiko jardunaldietara bertaratuko diren herritarrek.

Hitzordua urtarrilaren 27an, larunbatean, ezarri du Bagirak, Xalbador kolegioan.

Topaketa goiz eta arratsaldez iraganen da. Dagoeneko bertan parte hartu nahi duten lagunek izena eman dezakete bagira.eus webgunean.

Goizeko 9.00etan hasiko da eguna. Egoera lokal zein globala, abertzaletasunaren oinarriak, estrategiak eta praktikak, etapa instituzional berri baterako perspektibak… horiek eta bestelako gaien inguruan talde txikitan antolatuko dira solasaldiak. Arratsaldean, berriz, «heldu den hamarkadan lorgarriak diren helburuak» zehazteko xedez, zenbait tailerretan jarduteko aukera eskainiko zaie parte hartzaileei, ondoko gai hauen inguruan eztabaidatu ahal izateko: euskara, etxebizitza, klima, soziala, laborantza herrikoia, gazteria edo feminismoa.

Lanak bateratzeko ariketa batekin bukaera emanen zaio egunari, 17.00ak aldera.

AURRENEKO «GELTOKIAK»

Itsasuko Agiriaren 60. urtemuga ospatu zen 2023. urtearen atarian, jatorri ezberdinetako hamaika ordezkarik Bagira prozesua aurkeztu zuten 2022ko abenduaren 14an, Bidarrain,

Dinamikaren sustatzaileek «hiru sekuentzia eta bi inflexio puntu» zehaztu zituzten.

Hala, 2023ko otsail eta martxo artean transmisio historikoari egokitutako fasea garatu zuten. Euskal Herria biziarazteko hamarkadaz hamarkada garaturiko borroken izaera baina batez ere segidaren gainean mintzatzeko parada eskaini zuten hainbat solasaldiren bidez.

Mugarri garrantzitsua apirilaren 8an eta 9an heldu zen, Aberri Egunaren harira. Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalearen ekimen fundatzailea izan zen Itsasuko Adierazpenaren 60. urtemuga hori markatzeko bi eguneko programa antolatu zuen Bagirak.

«Zapalkuntza nazionalari aurre egiteko» sortu zela Aberri Eguna agirian jarri zuten apirilaren 8an Itsasuko Sanoki gelan bildutako solaskideek.

Biharamunean, «Euskal Herriaren burujabetza osoa» aldarrikatu zuten Itsasuko Agiriaren aldeko oroigarrian amaitu zen martxan parte hartu zuten 1.500 abertzaleek.

Handik eta uda bitartean, mugimendu abertzalearen diagnosia osatzeko kontsulta fasea ireki zen.

INKESTAREN EMAITZAK

Joan den azaroaren 3an, finean, Bagirako kideek inkestak utzitako emaitzak plazaratu zituzten Baionan.

Lehenik eta behin, aipaturiko inkestan 1.500 lagunek parte hartu izana goraipatu zuten.

«Mugimendu abertzaleak elkartzeko eta gibeltasun eta gogoeta tarte baten hartzeko gaitasuna erakutsi du, oinarrizko gaien inguruan gogoetatzeko eta etorkizunerat baturik proiektatzeko», adierazi zuen, aurkezpen horretan, Bagiraren gidaritza batzordeko kide den Txomin Povedak.

Hain zuzen ere, martxoaren 31n Uztaritzen iraganen den 2024ko Aberri Eguna kari aurkeztuko den «bide orria elikatzeko» helburua dutela Kanbon antolaturiko jardunaldiek nabarmendu du Bagirak, bertara joateko deia eginez.