GARA Euskal Herriko egunkaria
KOPAKO DERBIA SAN MAMESEN

Pitermanek Clemente garaitu zuenekoa, Neneren laguntzarekin

Alavesek 2005ean irabazi zuen azken aldiz San Mamesen. 42 urterekin Brasilen jokatzen jarraitzen duen Nene erabakigarria izan zen, eta Barakaldoko entrenatzaileak Athletic Lehen Mailan mantentzea helburu zuen ibilbidea porrot batekin abiatu zuen.

Nene brasildarrak Athleticen defentsari iskin egin eta gola sartu zuen. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Athleticek hogei urte zeramatzan Mendizorrotzan irabazi gabe, joan den irailean egindako azken bisitan garaipena lortu arte. Zuri-gorriak merezita gailendu ziren, Iñaki Williamsek eta Oihan Sancetek egindako golei esker. Nagusi izan ziren, eta, Luis Garcia Plazak aitortu duen bezala, orain askoz hobeto jokatzen ari dira. 13 partida daramatzate galdu gabe, eta bolada bikainari jarraipena eman nahi diote Kopan.

Guztiz ezberdina zen egoera Alavesek azken aldiz Bilbon irabazi zuenean. 2005eko azaroaren 20a zen, igandea. Josu Muguruzaren eta Santi Brouarden hilketen urteurren eguna, eta arratsaldeko 17.00etan jokatu zen derbia. Ohiko ordutegia garai haietan. Egun berezia zen, batez ere Javier Clementek bere hirugarren etapa abiatu behar zuelako zuri-gorrien aulkian San Mamesen. Mendilibar kaleratua izan zen urriko azken astelehenean, emaitza txarren ondorioz, eta Barakaldoko entrenatzaileak ordezkatu zuen. Athletic jaitsiera postuetan zegoen.

Clementek, sendotasuna berreskuratzeko asmoarekin, Lacruz jarri zuen Gurpegiren ondoan, zelai erdian. Aranzubia izan zen atezaina, eta defentsan Iraola, Murillo, Luis Prieto eta Casas irten ziren. Goian, berriz, Urzaiz, Etxeberria, Yeste eta Javi Gonzalez.

Chuchi Cos eseri zen gasteiztarren aulkian, baina Pitermanek zuzentzen zuen taldea aldamenetik. Enpresari ukrainarraren kudeaketa amesgaizto bat izan zen Alavesentzat, eta apirilean epaituko dute. Hala ere, San Mamesen lortutako azken garaipenean bere izena agertzen da, Astudillo, Edu Alonso edo Josu Sarriegirekin batera.

GOLA ETA ERDIRAKETA

Nene brasildarra izan zen jokalari erabakigarriena. 42 urterekin futbolean jokatzen jarraitzen du Juventude taldearekin Bigarren Mailan. Iaz 7 gol eta 7 pase erabakigarri eman zituen. Alavesetik igaro ondoren, Celtara joan zen, eta Monako, PSG edo West Ham moduko taldeetan aritutakoa da, beste zenbait talderen artean. Ibilbide luzea egin du, eta Frantziako liga irabazi eta golegile nagusia ere izan zen jokalari ezkertia. Brasilen eman ditu azken urteak Vasco da Gaman, eta Qatarretik ere pasatu zen.

Seigarren minutuan aurreratu zen Alaves Neneren golarekin. Zuri-gorriak berdinketaren bila joan ziren eta aukera andana sortu zituzten. Urzaizek langara bidali zuen baloi bat, Luis Prietok zutoinera, eta Yestek penalti bat huts egin zuen.

Azken txanpan, ordea, Bodipok norgehiagoka erabakita utzi zuen, Nenek ezkerretik egindako erdiraketa bikain bat buruz sareetara bidaliz.

Galdu arren, Athleticek maila mantentzea lortu zuen denboraldi amaieran. Alaves, aldiz, jaitsi egin zen, eta hamarkada bat behar izan zuen Lehen Mailara itzultzeko.



Erantzukizunik gabe eta ordezkoekin

Jaitsierako postuetatik bost puntutara aldendu da Alaves Ligan. Ostiralean Cadiz hartuko dute Mendizorrotzan. Partida oso garrantzitsua da aurkari zuzen baten aurka, eta Luis Garcia Plazak oso argi dauka taldearen helburua Lehen Mailan mantentzea dela. Horregatik, minutu gutxien jokatzen ari diren futbolariak Kopan erabiliko dituela ziurtatu zuen atzo.

Azaldu zuenez, Sivera izango da atezaina, Owono Afrikako Kopan baitago, eta kontuz ibili behar dute bigarren taldeko jokalariak erabiltzearekin. Granada, esaterako, kaleratua izan zen arrazoi horrengatik lehen kanporaketan. Defentsan arazoak dituztela esan zuen, Abqar Marokorekin baitago Afrikako Kopan, eta Sedlar lesionaturik. Tenagliak jokatu behar izan du defentsaren erdian azken partidetan, eta Alex Sola ere eskuin hegaleko gisa aritu daitekeela aurreratu zuen.

Garcia Plazaren hitzetan, Alavesek «inolako erantzukizunik gabe» jokatuko du San Mamesen. Kopa jokalariek gozatzeko eta zaleek ilusioa izateko txapelketa bat dela gaineratu zuen. M.A.