GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Laso eta Aranguren, ia aukerarik gabe Durangon galdu ostean

Peña II.a eta Albisu aise nagusitu dira Ezkurdin jokatutako neurketa garrantzitsuan eta badirudi azkeneko bi postuetatik ezingo dutela ihes egin galtzaileek. Goiko borrokan, Artolak eta Imazek sekulako erakustaldia emanda menderatu dituzte liderrak.

Peña, tantoa ospatzen, Laso eta Arangurenen ezinaren aurrean. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Unai Laso eta Aitor Arangureni asko zaildu zaie Binakako Txapelketaren play-offetara sailkatzeko aukera, atzo Durangoko Ezkurdi pilotalekuan Peña II.a eta Albisuren kontra 12-22 galdu ostean. Gipuzkoarrek laugarren puntua eskuratu zuten, eta orain bi garaipeneko aldea ateratzen diete Laso eta Arangureni. Tanto-kopurua ere alde dutenez, tartea hiru puntukoa dela esan daiteke.

Hasieratik aurreratu ziren Peña II.a eta Albisu. Gipuzkoarrak oso zentratuta irten ziren Durangoko pilotaleku luzera, eta zuzen jokatzea nahikoa izan zuten markagailuan 1-6 aurreratzeko. Unai Laso eta Aitor Aranguren izan ziren opari asko egin zituztenak, batez ere Aginagako atzelaria -8 pilota galdu zituen jokoan guztira eta eramateko moduko sake pare bat erantzun gabe utzi-.

Hasi aurretik, begiradak Albisurengan jarriak zeuden. Atzelari ataundarrak ez zuen aurreko astean jokatu eskuko arazoen erruz, eta erabat osatuta egongo ote zen galdetzen zuen pilotazale askok. Kantxan ikusi zenagatik, eskuko arazo horiek gainditu ditu eta partida ederra jokatu zuen.

Gorrien erreakzio bakarra, hala deitu badakioke, 4-7koan hiru tantora jartzea izan zen, Jon Ander Peñak txapara bidali zuen pilotakada batean. Baina urdinen erantzuna azkar iritsi zen eta aurrelari tolosarraren hiru erremate ikusgarrirekin 4-10 ihes egin zuten berriro. Lehen atsedenaldian 6-12koa zen emaitza.

Itzuleran jokoaren nondik norakoa ez zen batere aldatu -8-12koa izan zen tarte txikiena-, eta Aitor Arangurenen ezina ikusita Unai Laso saiatu zen aurrean tantoak azkar amaitzen. Erremate ikusgarri batzuk sinatu zituen, pilotalekua bete zuten zaleen gozamenerako: 9-16koa atzera jota, adibidez, edota jada zereginik ez zegoenean bi dejada bikain 11-21ean eta 12-21ean.

Baina garaipena eta puntu garrantzitsua Peña eta Albisurentzat izan zen. «Gaur gustura goaz; uste dut aspaldiko partez benetako bikotea osatu dugula», adierazi zuen pozarren Jon Ander Peñak dema amaieran. «Eskuan izan dituen arazoak eta gero, oso garrantzitsua zen guretzat Albisu partidan ongi sartzea, eta horregatik hasieran pilota zail batzuk kentzen saiatu naiz. Baina ez du arazorik izan eta joko ona erakutsi dugula uste dut», gaineratu zuen.

ARTOLA ETA IMAZ, OSO INDARTSU

Eguneko beste neurketan, Labriten, Artolak eta Imazek sasoi puntu bikainean daudela erakutsi zuten Jaka-Mariezkurrena liderrei 18-22 gailenduta. Bi gipuzkoarrek alde oso handiak izan zituzten markagailuan une askotan eta, amaieran aurkariak dezente hurbildu ziren arren, seigarren puntua lortu zuten, finalerdietara zuzenean sartzeko ametsa luzatuz eta liderrak oraindik finalerdietarako txartel matematikorik gabe utziz.

Gorriak 2-0 aurreratu ziren Erik Jakaren bi erremate azkarrekin eta inor gutxik esperoko zuen orduan gero etorriko zena. Ander Imaz sekulako kolpearekin ibili zen atzean, Mariezkurrenaren lanak asko zailduz, eta Iñaki Artolak asko asmatu zuen aurrean. 3-10 eta 4-11 aurretik jarri ziren urdinak, ikusleen harridurarako.

Lehen atsedenaldiak ez zuen neurketa aldatu eta urdinek agintzen jarraitu zuten bigarren geldialdi luzera arte. Iñaki Artolaren dejada batek ekarri zuen, adibidez, 11-20koa, aurrez 11-18koan gehiegizko konfiantzak eragindako akats nabarmena estaliz.

Azken txanpan, ordea, gorriek emozio puntu bat eman zioten neurketari. Mariezkurrenak nabarmen egin zuen gora eta, tanto nahasi bezain ikusgarri batzuk tarteko, 18-21 hurbildu ziren markagailuan.

Mariezkurrenak berak galdutako pilota batek itxi zuen dema 18-22koarekin. «Anderrek eta biok orain arte egin dugun partida onena izan da, bai behintzat 18. tantora arte. Nik hanka-sartze handia egin dut tanto horretan eta kostatu egin zait hori ahaztea, banekielako galduz gero ez niola nire buruari barkatuko horrelako akats bat egin izana», aipatu zuen Iñaki Artolak bere «deskonexioa» onartuz.

Orain, ligaxkan sei garaipen lortuta eta azken bost partidetatik lau irabazita, sasoi betean dira. «Ez dut uste gaizki hasi ginenik, baina banuen irudipena oraindik koska bat gora egiteko gai baginela. Gaur gure jokorik onena egin dugula uste dut eta, puntuak gorabehera, uste dut hori dela garrantzitsuena», gaineratu zuen alegiarrak.