GARA Euskal Herriko egunkaria
NEKAZARITZA KRISIA

Attalek iragarritako neurriak neurri, laborariek blokeoekin jarraituko dute

Gabriel Attal lehen ministroak hamar neurri jarri zituen mahai gainean atzo arratsean, laborariek abiatutako protestak baretu nahian: dirulaguntzen banaketa azkartzeaz gain, laborantzako balio- katea errespetarazteko engaiamendua hartu zuen. Iragarpen horrek ez zituen Fnsea eta Laborari Gazteak sindikatuak asebete, eta mobilizazioekin jarraitzeko deialdia egin zuten.

ELBk deituta, Baionako portua blokeatu zuten goizean dozenaka laborari eta abeltzainek. (Patxi BELTZAIZ)

Paris atzean utzita, Garona Garaia departamenduko etxalde batera joan zen atzo arratsaldean Gabriel Attal «frantziar laborantzari» zuzendutako iragarpenak plazaratzeko. Neurri sorta agindu zuen hantxe, baina Fnsea eta Laborari Gazteak sindikatuen iritziz, ez dira nahikoa eta mobilizazioekin jarraitzeko deia egin zuten.

Aste hasieratik laborariek, Estatuan bezala, Euskal Herrian bide nagusiak blokeatuta atxikitzen dituzte, diru sarrera duinak eskatzeko.

Lehen sektoreak adierazitako kexa entzun duela ziurtatu ondoren, Gobernuak laborarien egoera hobetzeko engaiamendu irmoa duela baieztatu zuen aurrena Attalek. Handik aurrera, neurri sorta aletu zuen lehen ministroak. «Zor zaizkizuen dirulaguntzen ordainketa azkartuko dugu», iragarri zuen, lehenik eta behin.

Segidan bota zituen gainerakoak: gaixotasun hemorragiko epizootikoaren eraginez kalteak pairatu dituzten hazleen aldeko urgentziazko laguntza programa; abereak sendatzeko botiken kostuaren %90 Estatuak bere gain hartzea; hegazti gripeak astindu dituen etxaldeek laguntza berdina jasotzea; laborantzako mozkinen balio-katea errespetarazteko xedez, Egalim legea betetzen ez duten elikadura- industriako jabeen aurkako zigorrak... Horrekin batera, Gobernuak hiru enpresaren kontra berehala isunak aginduko dituela gaineratu zuen.

ERREGAIAK ETA MERKATU LIBREKO HITZARMENAK

Sindikatuek mahai gainean emandako beste galdera bati erantzun orokorragoa eman zion. Hemendik otsailean eginen den Parisko Laborantza Azokara bitartean, Gobernuak «prozeduren sinplifikazioa» martxan emanen duela ziurtatu zuen.

Fdsea-k osasunaren eta ingurumenaren aldeko neurriak bertan behera uzteko eskaera zehatza egin zuen, hala nola pestiziden eta uraren erabileraren inguruko murrizketak bertan behera uzteko exijituz. Horren gainean mezu argirik ez zuen eman lehen ministroak.

Horrez gain, aipatu zuen sindikatuek aitzineraturiko beste aldarrikapen bat ere aintzat hartu dutela: alegia, laborariek erabiltzen duten erregaiaren gaineko zergari mailaz mailako igoera ezartzeko asmoa alde batera uztea.

Bestalde, «Frantziako elikadura-burujabetza eta -independentzia» lehen lerroan emanez, iragarri zuen frantses Gobernuak ez duela babestuko Europar Batasunaren eta Mercosurren arteko merkatu libreko ituna.

Hain justu, ELBk mahai gainean eman zuen aldarrikapen hori bera atzo goizean, Baionako portuan blokeo ekintza eginda. Egalim Legea betearaztea eskatzeaz gain, kostuen azpitik saltzea debekatuko duen legea aldarrikatu zuen; «sistema osoa» berrikusteko premia mahai gainean ezarri zuen Ipar Euskal Herriko laborarien artean sostengu handiena biltzen duen sindikatuak.

ERANTZUNAK

Attalen hitzak entzunda, Parisen inguruan blokeatze operazioa abian eman duten sindikatuen erantzuna iritsi zen. Fnseako lehendakari Arnaud Rousseauk iragarri zuen bere antolakundeak eta Laborari Gazteak sindikatuak mobilizazioekin jarraitzea erabaki dutela beren afiliatuei kontsultatu ondoren.

TF1 katean eginiko adierazpenetan azaldu zuenez, «gaur arratsaldean [atzokoa] esan denak ez du haserrea baretzen; urrunago joan behar da». Lehen ministroak iragarritako neurriak «ez dira nahikoa eta ez diete eskakizun guztiei erantzuten», bota zuen.

Gobernuburuari gaur bertan sindikatuekin biltzeko proposamena egin zion Rousseauk. Bere ustez, iragarritako hainbat neurri, erregaiarena kasu, «bide onetik doaz», baina oro har «ez diete erantzuten guk planteatutako eskaerei». Hala, Ukrainari lotutako arazoak, Europako ingurumen arauek frantziar Estatuan duten «gaintransposizioa» edota nekazarien erretiroa aipatu zituen, besteak beste.

Horregatik guztiagatik, mobilizazioekin jarraitzea erabaki «zaila baina beharrezkoa» dela defendatu zuen.

Fnsea-ko ordezkariaren hitzak entzun aurretik, Attalen hitz-hartzea bertatik bertara jarraitu zuen Jerome Baylek, bere kasa, posizioa markatu zuen. Fdsea-ren mobilizazioetan ibili den abeltzainak hauxe esan zuen: «Nik uste dut irabazi dugula eta aukera handiak daudela errepideen blokeatzea laster altxatzeko».

Bestalde, Coordination Rurale-ko -bigarren sindikatu nagusia- presidente Veronique Le Floc’h-ek ohartarazi zuen bere afiliatuen traktoreek errepideetan jarraituko dutela. Confederation Paysanne sindikatuaren iritziz ere, Gobernuak iragarritako neurriak ez dira nahikoa.