GARA Euskal Herriko egunkaria

EH Bildu: «Busturialdearen etorkizuna ezin da New Yorken erabaki»

Guggenheim Urdaibai proiektua bi urtez atzeratzeko erabakia «kable bilketa» gisa interpretatzen du EH Bilduko senatari Idurre Bidegurenek, eta hala adierazi zuen atzo Gernikan egindako agerraldian. EAJri seriotasuna eskatu zion eta aldarrikatu zuen Busturialdearen etorkizuna ezin dela New Yorken erabaki.

Bidegurenekin batera, EH Bilduko alkate eta zinegotziak izan ziren Gernikako agerraldian. (EH BILDU)

Asteon Guggenheim Urdaibairen inguruan EAJk azaldu dituen «kontraesanak» hizpide izan zituen atzo Idurre Bideguren EH Bilduko senatari eta Bermeoko alkate ohiak Gernikan egindako agerraldian. Bere iritziz, jeltzaleek darabilten «eredu zaharkituaren beste adibide bat» dira kontraesan horiek, eta proiektua bi urtez gelditzeko hartu duten erabakia EH Bildutik «kable bilketa» gisa interpretatzen dutela azaldu zuen.

Izan ere, gogora ekarri zuen Iñigo Urkullu lehendakariak astelehenean egindako adierazpenek EAJko buruzagien arteko hitz gurutzaketak ekarri dituela. Gogora dezagun Urkulluk Guggenheim Bilbao patronatuak «hausnarketarako denbora» hartu zuela adierazi zuela, bi urteko geldialdia proiektuaren bideragarritasuna aztertzeari lotua zegoela iradokiz, eta Bizkaiko Diputazioak lehendakariaren hitzak «zuzendu» nahi izan zituen gerora, «hausnarketa ez da proiektuarekin aurrera egin ala ez erabakitzeko, baizik eta nolakoa izan beharko lukeen erabakitzeko», ziurtatuz.

EH Bilduko senatariaren iritziz, jeltzaleen hitz gurutzaketa horiek alderdiaren barne krisia uzten dute agerian: «Kudeaketa krisi berri bat ikusi dugu eta, auskalo, EAJko lehendakarigaiaren izendapenaren ondoriozko barne krisi berri baten aurrean ez ote gauden. Kudeaketa eredu zaharkituaren beste adibide bat da hau, horregatik esaten dugu inoiz baino beharrezkoagoa dela eraberritze politikoa gure herriaren zati honetan», nabarmendu zuen.

Era berean, Urkulluren adierazpenak «kable bilketa» gisa ulertzeko dituzten arrazoiak ere zerrendatu zituen. Batetik, astean zehar EAJko buruzagiak Urkulluren esanak zehazten saiatu badira ere, gogora ekarri zuen «errealitatea» dela Guggenheim Bilbao patronatuak proiektua bi urtez gelditu eta horren inguruan hausnartzeko erabakia hartu duela; eta, bestetik, ostiralean EAJk Legebiltzarrean Busturialdea bultzatzeko plan bat aurkeztu zuela nabarmendu zuela, «eta bertan ez da Guggenheim museoa aipatzen», egin zuen zehaztapena.

«Horregatik ulertzen dugu kable bilketa bat dela. Ezin dugu beste era batera interpretatu; izan ere, gogoratu duela hilabete gutxi egindako udal eta foru hauteskundeetara Guggenheim Urdaibai Busturialdea biziberritzeko proiektu nagusitzat hartuta aurkeztu zen EAJ», adierazi zuen.

Gauzak hala, EAJri «zorroztasun eta seriotasun gehiago» eskatu zizkion eta EH Bildutik elkarrizketarako eta akordioak erdiesteko prest daudela ekarri zion gogora, eskualdearen biziberritzea «ezinbestekoa» dela berretsiz.

«Eskualde honek gure etorkizun ekonomiko eta soziala markatuko duten proiektu estrategikoak behar ditu. Eta hauek eskualdeko erakunde, eragile eta jendearekin hitz eginez eta adostuz aurrera atera behar ditugu. Argi daukagu Busturialdearen etorkizuna ezin dela New Yorken erabaki», jarri zuen azpimarra.

Busturialdearen etorkizuna eskualdeak berezko dituen ezaugarri eta beharrizanak kontuan hartuta eraiki behar dela babestu zuen EH Bilduko senatariak, eta eraikitze hori azken urteetan egin diren diagnosietatik abiatuta egin behar dela berretsi. «Biosfera erreserba batean bizi gara eta hemen lan egin eta bizi nahi dugu», esanez amaitu zuen agerraldia.