GARA Euskal Herriko egunkaria

EH Bildu Iruñean izango da Aberri Egunean, «arazo nazionalari irtenbidea» aldarri

EH Bilduk manifestazioa egingo du martxoaren 31n Iruñean, Aberri Eguna ospatzeko. Arnaldo Otegik atzo azaldu zuenez, «arazo nazionalari irtenbide bat eman behar» zaiola aldarrikatuko dute «herri buruzagian». «Euskal Herria nazio bat da eta, koiunturatik harago, arazoak dituen nazio baten inguruan ari gara, zatitua dagoela-eta eskubide nazionalak ukatuak dituena», esan zuen koordinatzaile nagusiak.

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia, atzo, Donostian egindako agerraldian. (Jon URBE | FOKU)

Martxoaren 31n Aberri Eguna ospatuko da eta EH Bildu aurten ere Iruñean, Euskal Herriko hiriburu zaharrean, izango da «arazo nazionalari irtenbide bat eman behar» zaiola aldarrikatzeko. Manifestazioa egingo du horretarako.

Hala iragarri zuen atzo Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak, Donostian egindako agerraldian. Bertan adierazi zuen Euskal Herriak badituela «arazo estrukturalak», eta azpimarratu zuen «oraindik zazpi lurraldez osaturiko herri hau zatitua» dagoela, «ukatua» dagoela, «ez errekonozitua» dagoela.

«Eta, zentzu honetan, badago ibilbide historiko bat oraindik ere egin behar duena herri honek, Euskal Herriak, behar eta nahi duen eszenatoki batera eramateko», gaineratu zuen, azaroaren 19an Bilbon egindako manifestazioa gogoratuz. “Nazio bat gara” lelopean egin zuten manifestazio hori eta «espiritu horrekin» aterako dira Iruñeko kaleetara.

AUKERAK «BIDERKATU» DIRA

Otegik gaur egungo testuingurua nabarmendu zuen, nazio auziari erantzun bat emateko aukerak «biderkatu» direla ohartaraziz. Izan ere, frantziar Gobernua Konstituzioa aldatzeko prest agertu da, Nafarroako Parlamentuan ere irekita dago Hobekuntzaren inguruko batzorde bat eta Gasteizko Legebiltzarrean «badago aspaldi» batzorde bat autogobernuari buruz hitz egiteko. «Finean, batak eta besteak mahai gainean jartzen dutena gauza sinple bat da, nazio izaera duen herri batek behar duen eta egin beharko duen eztabaida», adierazi zuen kazetarien aurrean.

Espainiar Estatuari dagokionez, esan zuen EH Bilduk duela urteak adierazi zuela «Gobernu ezberdin batek tratamendu ezberdina eman beharko liekeela arazo nazionalei. Eta historikoki espainiar Estatuan arazo nazionala etengabe mahai gainean jartzen den arazoa da. Ez euskaldunok arazo bat dugulako, baizik Estatuak berak arazo bat duelako, izaera demokratikoa duen arazoa. Estatu horrek aitortu behar du nazio aniztasuna».

«Hori da guri interesatzen zaigun eztabaida. Azken finean, nazio aniztasuna onartzetik hasten da bide bat non posible den Euskal Herria, Katalunia eta Galiza, eta Estatua bera, beste mota bateko termino batzuetan kokatzea eta beste mota bateko eszenatoki batean kokatzea. Horregatik, Aberri Egunean berriro ere esango dugu Euskal Herria nazioa dela», gaineratu zuen.

EAEKO HAUTESKUNDEAK

Aberri Egunean EAEko hauteskundeen kanpainaren eragina sumatuko ote den galdetuta, Otegik argi utzi zuen EH Bilduk ez dakiela zein den «data ezkutatzearen inguruko abantaila», eta erantzun zuen «Euskal Herriaren zati honek, komunikabideek, sindikatuek, eragile ekonomikoek eta herritarrek eskertuko luketela jakitea zein izango den hauteskundeen data».

«Baina hori lehendakariaren eskumena da, eta ni ez naiz horrekin tematuko. Gu prest gaude, eta, gu bezala, mundu guztia. Guretzat oso ona izango litzateke jakitea, baina errespetutsua naiz», zioen.