GARA Euskal Herriko egunkaria

EAGko heriotzagatik duen «kezka» agertuko dio Laudiok Sagarduiri

Laudioko Udaleko gobernu taldea Gotzone Sagardui Lakuako Osasun sailburuarekin bilduko da otsailaren 14an, joan den urtarrilaren 12an Etengabeko Arreta Gunean gertatutako bizilagunaren heriotzak herritarrengan sortutako «kezka eta ezinegona» helarazteko.

Urtarrilaren 19an, astebete lehenago gertatutakoa salatu zuten Laudion. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Urtarrilaren 12an Laudioko anbulatorioko Etengabeko Arreta Gunean (EAG) ez zegoen medikurik gizon bat bihotzeko batek jota bertaratu zenean. Bertan hil zen, eta laudioarrei heriotza honek eragin dien «kezka eta ardura» helaraziko dio herriko Udalak Lakuako Osasun Sailari. Datorren otsailaren 14an egin dute bilerarako zita Gotzone Sagardui sailburuarekin, Udaleko arduradunek atzo jakitera eman zuenez.

ESK-k eman zuen Laudioko bizilagunaren heriotzaren berri. Sindikatuaren arabera, gizon honi bihotzekoak eman zion EAGaren sarreran, baina anbulatorioan ez zegoen medikurik eta ezin izan zuten unean artatu. Lakuako Osasun Sailak orduan azaldu zuenez, pazientea «larri» iritsi zen zentrora eta erizainek, egoera baloratu ostean, larrialdietara deitu zuten.

Dei hori, Osasun Sailaren arabera, pazientea EAGra sartu eta bi minutura egin zen; halaber, lau minutura, anbulantzia bat iritsi zen gizona artatzeko. Anbulantziako profesionalak pazientea suspertzen saiatu ziren maniobra kardiobaskularren bidez, baina azkenean hil egin zen.

«Anbulatorioko eta Larrialdietako ZIUko zerbitzuek azkar eta egoki jokatu bazuten ere, pazientearen larritasunaren ondorioz ezin izan zuten ezer egin», azaldu zuen Lakuako Gobernuak.

Urtarrilaren 14an, berriz, OPA Herri Plataforma izeneko Osasun Publikoaren aldeko plataformen koordinakundeak eskatu zuen «etengabeko kontrol publikoko sistema» ezar dadila oinarrizko arreta osoan.

Plataforma honen iritziz, bizilagunaren heriotzak «inflexio-puntua izan behar du, lehen mailako arreta-zentroen kudeaketa erabat gardena izan dadin, herritarren parte-hartzea ahalbidetzen duten tresnekin, eta, gainera, arreta hurbila, duina eta %100 publikoa bermatzen duena».

ANBULATORIO BERRIAREN ZAIN

Ainize Gastaka Laudioko alkateak atzo adierazi zuen herriko anbulatorioak, halabeharrez, arreta jarraitua bermatu behar duela bere EAGan eta ohartarazi zuen bizilagunek ez luketela onartuko «zerbitzuen hobekuntza orokorra» ez dakarren anbulatorio berririk.

Izan ere, 2021ean Gotzone Sagarduik berak iragarri zuen Laudion anbulatorio berria eraikiko zela. Hasiera batean, 2024ko martxoan finkatu zuten 11 milioi euroko aurrekontua duen proiektu honen bukaera data, baina eraikitze lanak ez dira hasi oraindik.

«Data hori iristear da eta artean ez da adreilu bat ipini. Gainera, ez zaie inongo azalpenik eman bizilagunei», deitoratu zuen atzo Montse Canive Aiarako PPko eledunak.

«Garai hartan, beraiek esaten zuten gaur egungo anbulatorioa ‘ez dela nahikoa’, eta zentro berriak egungo zerbitzu-zerrenda handituko zuela eta hobekuntza horiek guztiak Aiara eskualdeko 42.000 biztanleren esku egongo liratekeela», gaineratu zuen.