GARA Euskal Herriko egunkaria
Elkarrizketa
LEIRE VILLANUEVA «ISEO»
Iseo & Dodosound taldeko abeslari eta konpositorea

«Erlaxatuago gaude, gure buruari lizentziak emateko moduan»

Iseo eta Dodosoundek «En la tormenta» diskoa atera dute duela egun gutxi eta dagoeneko martxan dute bira ere, Euskal Herrira iristear, gainera. Leire Villanueva, Iseo, izan da “Musikharia” saioan diskoaren xehetasunak kontatzen, eta, batez ere, sormenean izan duten askatasuna nabarmendu du artista nafarrak.

(Jose DELOU eta Petra MAYO)

Zer moduz?

Kaixo! Oso ongi eta zu?

Ongi eta oso pozik, zurekin beti giro ona sortzen delako. Baduzue energia bat Alberto Iriartek eta biok, ezen ekaitza bera ere giro oneko zerbait bihurtzeko gai baitzarete.

Itzaletan ere gauza onak atera daitezke, ezta? Hortaz, nahiz eta ‘En la tormenta’-n egon, irribarrea mantentzen da batzuetan.

Sehaska kanta moduko batekin hasten duzu guztia. Ekaitzaren aurreko beldur hori goxatzeko nahia duzula dirudi.

Alberto Iriartek, Dodosoundek, izan zuen ideia hori. Abestia bukatua geneukan, hi-hataren kolpeekin hasten zen berez, baina bidali aurreko egunean, goizaldeko 2.00etan, Dodok esan zidan halako a capella intro bat egin genezakeela. Bruselan kontzertua ematetik bueltan gentozen eta bizpahiru ordu baino ez genituen lo egin bidean. Nik esan nion ez zela posible, ahotsa nekatuta nuela, baina saiatzeko esan zidan, bagenekielako diskoa kantu honekin hasiko zela.

Zure abesteko modua desberdina izan da diskoko pasarte batean edo bestean. Ahotsean bereziki zentratu zarela iruditu zait, kantuak eskatzen zizunera egokitzapen handia eginez.

Oso iruzkin interesgarria iruditzen zait; izan ere, kontzienteki akaso ez dut gehiegi pentsatu horretan. Iseo eta Dodosounden abestietan ahotsa beti dago erdigunean, osagai garrantzitsuena izan da.

Musika estiloak ere zabaldu dituzuelako izan daiteke.
Noski, paleta dezente ireki dugu. Ahotsaren kontura itzulita, hizkuntzaz aldatzeak ere eragina izan du, noski. Jolas moduko bat izan da eta oso berezia izan zen niretzat. Grabatu eta nire burua entzutean, nahiz eta jakin ni nintzela, ez zitzaidan iruditzen. Oso arraroa izan da nire ahotsa beste hizkuntza batean entzutea, kasu honetan gazteleraz.
Mousehunters haize sekzioarekin segitzen duzue lanean, ezta?

Bai, baina aldaketa bat bada, bi gehiago dira orain. Orain arte lau ziren, saxofoi tenorra, saxofoi baritonoa, tronpeta eta flauta, eta, orain, bigarren tronpeta bat eta tronboia ere gehitu dira taldera, azkenik.

«Como un volcán» abestia bera sumendi batean grabatu duzue, Teiden, Tenerifen.

Bai, baina oso inprobisatua izan zen guztia. Bideoa grabatu behar genuen, bigarren single moduan kaleratu behar genuelako. Bada, ideiak botatzen ari ginen bitartean Tenerifera joatearena bota genuen erdi-txantxetan, eta han joan ginen. ‘En la tormenta’ hemen, Asturiasen, grabatu genuen eta ‘Como un volcán’, berriz, Tenerifen.

Abestiak badu reggaearen eragin handixeagoa; ez dakit kostaldeak hor eraginik ba ote duen.

Gu barrualdean bizi gara, baina hamabost minutura dugu kostaldea egun, eta Iruñekoak izanda ere maite dugu kostaldea. Abesti honen energia lasaiagoa da, ez da hain gogorra, melodia bera ere leunagoa da… pila bat gustatzen zait.

Sumendiaren barrualdean lurrikara sortzen duten baxu lodi-lodiak daude. Zuzenean dar-dar egingo du lurrak abesti honekin, ezta?

Baxuek ezin dute hutsik egin inondik inora ere. Gure disko guztietan hori izan da hautu estetiko garrantzitsua eta disko honetan ez zuen gutxiago izaterik. Bai, bai, erabat, ados nago zurekin. Justu abesti honetan nire ahotsa hegan doa guztiaren gainetik, fin, polit, baina azpitik sumendi hori bero-bero dago, eta horrekin jolas egiten dugu, nire ahotsaren erregistroa ere oso altua delako. Hortaz, ahotsaren eta nota apalenen artean tarte zabala dago eta hor elementu txiki ugari sartzen ditugu.

Grabatu, oro har, etxean egin duzue?

Bai, instrumentalak eta ahotsak bai, aipatu ditudan teklatuak eta haizeak kenduta. Azken horiek Lalavalab estu- dioan, Carabanchelen, grabatu ditugu bi asteburutan. Urrian eta azaroan egin genuen hori.

Eta gogoratzen duzu zer eguraldi izan zen? Hau diot «Cuando salga el sol» kantuak zuzenean berotara eramaten gaituelako. Rocksteady bat da?

Guk diogu ‘euska’ dela abesti honetan dagoena.

Gero reggaea dator, ordea. «Road movie» bat izanez gero, eguzkia parean duzula gidatzen zoaz kostaldera eta bat-batean labar baten ertzera iristen zara abestiarekin, itsasoa ikusteraino.

Total, horrela da. Ska eta reggaea eskutik doaz eta nahasketa hori talde askok egin duen zerbait da. Diskoko abestirik dibertigarriena dela esan dezakegu eta orain arte egin dugun guztitik desberdinena ere bai; konfort egoeratik guztiz atera garela esango nuke. Gabonetan nire ahizpari eta lagun pare bati kotxean diskoa jarri nien halako bidaia labur bat eginez. Haien iruzkina izan zen oso disko ausarta zela, aldaketa eta sorpresa asko dituena, eta, orain, iritzi hori partekatzen dute askok. Nik uste dut ausartu egin garela disko honetan zentzu askotan. Argiena hizkuntza aldaketarena da, baina soinu eta estilo kontuan asko zabaldu dugu gure burua. Pentsa, gure abestiak 85 eta 95 bpm-ko (beat minutuko) erritmoan izaten dira eta ska bat egiteko auskalo noraino igo garen. Baina, aizu, laugarren diskoa da, lehenengotik euri asko egin du, eta probatzeko garaia zen. Aurretik ere egin dugu diskotik diskora halako ariketaren bat, baina ez hain nabaria. Erlaxatuago gaude, gure buruari lizentziak emateko moduan ginen.

Zuzenean hau jotzeko gitarra hartuko duzu edo dantza egiten disfrutatuko duzu abesti honetan?

Gitarra zintzilikatuko dut kontzertuetan, baina abesti honetan ez, hemen dantza egingo dut.

«Ahora sé» kantuan, single moduan etorri zen horretan, denborak dena konpontzen duela esaten duzue. Eguzkiaren zikloa kontuan hartzen bada, denboraren erreferentzia dago hor ere. Ekaitza ere aipatzen da, eta hori entzun orduko nire barruan halako zartada bat sentitu nuen eta galdera hau etorri zitzaidan burura: Leire, ondo egon zara denbora honetan?

Kar-kar-kar. Badira une txarrak bizitzan eta musikak hori sendatzen lagundu dezake. Diskoko kanturik pertsonalena da, konposatzen azken-aurrekoa izan zen, diskoa bukatu baino aste eta erdi lehenago bukatuta. Instrumentala bagenuen, beste letra eta beste abesti bat osatzen zuten. Baina ez zitzaigun erabat gustatzen; hortaz, ideia ero bat izan nuen nik oraingoan. Bi egun genituen gehienez ere ahotsak grabatzeko, hor zegoen muga, eta letra guztia aldatu genion beste abesti bat sortzeko asmotan. Lortzen ez bagenuen, bageneukan aurretik egindakoa. Dodok esan zidan ez ginela gai izango, baina txakurrak paseatzera irten nintzen eta bueltan hau idatzi nuen. Oso pertsonala da, hauskorra, ez dago ez artifizio ez kartoirik, eta horregatik uste dut asko konektatu duela jendeak abesti honekin. Irakurri dudan azkenengo liburuetako batean irakurri nuen pertsonala den hori unibertsala dela eta alderantziz. Uste dugun baino antzekotasun gehiago ditugu elkarren artean; ditugun kezka eta beldurrak partekatuak dira askotan.

Ekoizpen aldetik, geruzetan xumeena iruditu zait «Sin bandera». Ez dakit gaiak eskatzen duen solemnitate puntuagatik ote den ala ez.

Bai, erabat. Abesti hau guztietan zaharrena da guretzat, duela urtebete konposatutakoa. Errepikara iritsi ginen eta hor geratu ginen denbora luzez. Ideiak azkar atzematen ditugu, badakigu zerbait gogoko dugunean, baina ondoren, denbora pasatzen denean, zerbait falta zaion edo ez ikusten dugu. Eta bai, hemen gakoa mezua da. Guk bidaiatzeko ez dugu mugarik izaten, guk erabaki gabe eman zaigun pasaporte bat daukagu eta zortea dugu munduak ateak zabaltzen dizkigulako. Beste batzuek, berriz, jaio diren tokiagatik kontrakoa dute, ate guztiak itxita aurkitzen dituzte. Eta hori ez da justua inondik inora ere.

Banderen azpian egiten dituzten gerretatik ihesi, banderarik gabe, etortzen da asko, harrera emango dion herri baten beharrez.

Guztiz bereizten gaitu identitate horrek. Badirudi komunitatearen parte sentitzeko behar ditugula banderak, baina horiek bereizi egiten gaituzte. Sentimendu oso arraroa da guk zer zorte dugun eta beste batzuek zeinen zorte txarra duten aukeratu ez dugun toki batean jaiotzeagatik. Bizitza osoa baldintzatzen du, zure identitatea horren bueltan sortzen da.

Apirilera arteko datak atera dituzue eta dagoeneko Sevillan dena salduta egin duzue estreinakoa. Gaur bertan Granadan izango zarete eta, datorren astean, Euskal Herriaren txanda izango da.
Gasteizen otsailaren 8an eta 9an izango gara; Bilbon, otsailaren 16an eta Iruñean, martxoaren 2an. Otsailaren 9rako ez, baina besteetarako geratzen dira sarrera batzuk oraindik ere. Gehiago ere izango dira, jaialdi eta halakoak etorriko dira, baina diskoa aurkezteko bira ofiziala aretoetan egin nahi genuen eta, noski, Euskal Herrian ere izan nahi genuen. Iaz, Galdakaoko jaietan izan ginen, eta nahiko genuke halako jai herrikoi gehiagotan egoteko aukera izatea ere! Lehendabizi aretoak eta gero gerokoak.