GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Bukele irabazle, diktadura mesianikoaren iragarle


Sorpresarik gabeko sorpresan, inkesta orok aurreratu zuten legez, botoen %85 baino gehiago eskuratuta, Nayib Bukele hautatu dute berriz presidente kargurako El Salvadorren, sekulako aldearekin. Lehen aurreikuspenen arabera, Nuevas Ideas bere alderdiak Kongresuko 60 eserlekuetatik ia denak lortuko ditu. Bistakoa eta arrazoi askoren ondorioa da garaipen hau, herrialdeko botere aparatu eta instituzioen gaineko bere nagusitasun ia erabatekoa sendotzen duena. Arrazoien artean, dudarik gabe, delituen indizeen gainbehera ikusgarria dago, munduko homizidio tasa altuena izatetik zifra minimoetara erori dena. Horrek Bukeleri babes eta onarpen maila zabala eman dizkio. Kontuan hartzekoa da, halaber, ezker-eskuin hilzorian diren alderdi politiko tradizionalen krisia, boto kopuruen arabera ia hutsaltasunaren erresumara kondenatuta daudenak.

Bukelek bere burua diktadore gazte eta atsegin bezala proiektatzeko artea erakutsi du; sare sozialetan nonahiko, krimenaren aurka errukigabe eta burdinazko ukabilaren erabileraren aldeko, AEBen aurrean itxuran lotsagabe samar, bere abileziei etekina ateratzen badakiela ikusi da. Baina itxura horien atzean lotsagarriak eta arbuiagarriak diren jarrera diktatorialak ezkutatzen dira. Krimenaren aurkako bere gurutzada giza eskubideen urraketa masiboa bilakatu da, berme judizialak desagertu dira, Estatu terrorismoa berragertu da. Non eta ehun biztanletik bi preso dauzkan herrialdean, gehienak inkomunikatuta, eta kasu askotan torturatuta.

Agintari gogor eta gupidagabe gisa gizarteratuz, «pandillen» aurkako antiterrorismoaren izenean disidenteak zigortzen ditu. Baina gogorkeriazko aurpegiaren azpian lokatzezko hankak dituen erregimena altxatu ahal da. Ekonomia ahul, zorpetzea zeruetan, populazioa pobretuta, goseak eta langabeziak migratzera behartutakoen kopuruak biderkatuta. Bukeleren mirariaz hitz egiten da, segurtasun ezari emandako bere erantzuna goraipatuz. Herriak maite duela diote, baina mirariok airean altxaturiko gazteluak izan daitezke, hauskorrak, iragankorrak, eta, okerrago, El Salvadorrek odolusteraino ezagututako diktadura mesianikoaren iragarleak.