GARA Euskal Herriko egunkaria

Julen Achiaryk basa ahaireak, abestiak eta irudiak uztartu ditu ikuskarian

Basa ahaireak, kantuak eta irudiak uztartzen dituen ikuskaria da “Xiberua kantu loraturik”. Zuberoako sortzaileek tradiziotik abiatu eta kultura garaikide aberatsa loratu dutela, hala adierazi zuen atzo Julen Achiaryk. Lanak Iruñeko Gaiarre antzokian argia ikusiko du otsailaren 22an, Loraldia jaialdiaren eskutik. Estreinaldi hau AEKren Korrika Kulturalaren programazioko parte da.

Asier Biurrun, Julen Achiary eta Beñat Achiary, atzo, Gaiarre antzokian. (Iñigo URIZ | FOKU)

«Iraganari so egingo diogu, geroa marrazteko. Antzinako kantuak izango dira, baina garaikidetasun eremuan kokatuko ditugu. ‘Belatxa’ kantan, adibidez, non hegazti baten hegaldia kantatzen den, ez da faltako sormen zirraragarria. Gaur egun, orain dela milaka urte bezala, naturak eskaintzen digun nortasunaz baliatzen gara. Etorkizuneko hodeiertza dugu ikusmiran», esan zuen Julen Achiaryk atzo egindako aurkezpenean.

Herri kantuen aberastasun esentzialarekin esperimentatzeko gonbita egin nahi du Loraldia festibalak aurtengo produkzio propio handienaren bidez. Iruñeko estreinaldiaren ondoren, Euskal Herrian barrena bira egingo du datozen hilabeteetan.

ESZENAN

«Sortzaile talde ikusgarria bildu dugu ‘Xiberua kantu loraturik’ sortzeko. Gaur egun Iparraldean aurki daitezke musikaririk eta ahotsik ederrenak eta berritzaileenak. Maddi Oihenart eta Ihitz Iriart kantariek eskarmentu luzea dute kantagintzan. Bidegileak izan dira. Tradizioa sakon ezagutzen dute, eta gaurko garaietara ekarri ere. Beñat Achiary, Julenen aita, berriz, euskal kulturan aurki daitekeen berritzailerik handienetako bat da: kantari, musikari eta inprobisatzailea. Oso estimatua gure mugetatik at. Tradizioa berrizten egin duen lana izugarria da eta gai da gure bihotzak zeharo astintzeko. Aita eta semea izango dira gidari artistikoak. Mixel Etxekoparrek bizitza oso bat eman dio Zuberoako tradizioari. Umorez blaitu eta esentzia bilatu du etengabe. Gaurko kultura zuberotarren zutabe bat da. Aipagarria da Izturitzeko hiru zuloko flauta (Europako aztarna arkeologikorik zaharrenetako bat) berreskuratu zuela eta doinua atera diola», kontatu zuten Loralditik.

Eliane Heguiaphalenak izango dira ikuskarian erakutsiko dituzten argazkiak. «Emakume argazkilari honek euskal kultura zainetan darama. Gustuko dituen gaiak artzainak eta mendiko unibertsoa dira batik bat. Goresten ditu zuri-beltzezko argazkiak. Eta Pirinioetako ihauteriak, maskaradak, bai eta pastoralak ere izango dira arte bisualen protagonistak», aditzera eman zuten.

«Parte hartuko duen ezohikoena aurkeztea falta zaigu: Pierre Vissler. Frantziatik etorri zitzaigun Zuberoara, eta gaur egun euskal kulturaren erreferentzia bihurtu da. Musikan eta teatroan murgilduta izan da azken aldi honetan. Clown arloan ibilitakoa eta Mixel Etxekoparrekin batera ‘Züek heben, Euskal Herriko atlas geopoetikoa’ lanaren sortzailea da. Bertan Euskal Herriko hainbat bazterretako soinuak grabatu eta sailkatu ditu. Ikuskizun honetan ‘elektroakustikalaria’ izango dela agindu dute, gutxitan ikus daitekeen funtzio berritzailea. Edozein bazterretan edo sasoitan hartutako Zuberoako doinuak ekitaldi hipnotiko bihurtzen dituen abangoardista», amaitu zuten.

Asier Biurrun Nafarroako arduradunak Korrika Kulturalean herrialdean egingo diren zenbait ekitaldi iragarri zituen: “eMCumeak” Antsoainen, “Belarriprest” Tafallan, “Euskaldun berrien kluba” Bortzirietan eta Mugiron, “Gure erro eroak” Zangozan, “Badon” Auritzen eta Altsasun, “Bihotz... bi hots” Iruñean edo Lander Garroren “Oihaletxe” dokumentala, besteak beste. Gogora ekarri zuen Loraldiko beste bi ekoizpen ere Korrika Kulturalaren barnean estreinatuko direla: “Kalaportu” (2019) eta “Hautsi da anphora” (2022), «batak zein besteak arrakasta handia lortuta».