2024 OTS. 09 PILOTA Erostarbek Zabaleta ordezkatuko du Bilbon Erostarbek aukera polita izango du Bilbon. (G. RUBIO | FOKU) Jon ORMAZABAL Denbora luzean itzalean egindako lan onak azkenean saria izango du eta Xabi Erostarbek lehen mailako Binakako txapelketan jokatzeko aukera izango du bihar Bizkaia Pilotalekuan Jose Javier Zabaletaren ordezko gisa. Etxarrendarrak eskuin izterreko minez jarraitzen du, aurreko astean partida aparteko arazorik gabe amaitu bazuen ere. Ez du bere burua jokatzeko moduan ikusten, eta Peña II.a-Albisuren aurkako partida jokatzeari uko egin dio. Nafarren ordez aritzeko aukera zuen Iñigo Bikuñak ere, eskuko minez Labriten jokatzekoa zuen B serieko bere partida bertan behera utzi behar izan du -Aldabek ordezkatuko du- eta Aspek urretxuarrari aspaldi espero zuen parada eman dio. Gainera, nolabaiteko lasaitasunarekin ekin ahalko dio Xabi Erostarbek lehen mailako bere aurreneko partidari, Bilbon gertatzen denak ez duelako izango aparteko garrantzirik Peio Etxeberria eta Zabaletaren txapelketan aurrera egiteko aukeretan. Aspeko nafarrentzat datorren larunbatean Labriten Artola-Imazen aurka jokatu behar duten partida da finalerdietara zuzenean sailkatzeko giltza. Baikoko gipuzkoarrak dira oraintxe bigarren postu horretarako euren aurkari bakarrak eta, lehen itzulian hauek 22-21 gailendu zirenez, Etxeberria-Zabaletak 22-20 irabazi beharko liekete desiratutako bigarren toki hori eskuratu ahal izateko. Edonola ere, hirugarren postua ziurtatuta lukete, gertatzen dena gertatzen dela. Asteburu honi begira, Aspek hirugarren aldaketa bat ere egin behar izan du, Egiguren V.a ere eskuko minarekin denez, ez du Tafallan jokatuko, eta B-serie txapelketan Matak ordezkatuko du Tafallan. MARIEZKURRENA, BUELTAN Bien bitartean, azken bi asteetan kantxetatik at izan diren Jon Mariezkurrena eta Aitor Aranguren kantxetara itzuliko direla baieztatu zuen Baikok, eskuetako minak gainditu baitituzte. Jakak eta Mariezkurrena II.ak Elordi-Rezustaren aurka jokatuko dute astelehenean Tolosan, finalerdietarako sailkapena ziurtatuta dutela. Zalantza guztiak uxatuta, Berriozarkoak finalerdietarako beharrezkoa duen erritmoa berreskuratu nahi du geratzen diren bi asteetan. Laso-Arangurenek, beren aldetik, Ezkurdia-Tolosa izango dituzte aurrez aurre igandean Tafallan, azken postuari ihes egiteko lehian. Postuz aldatuta, Mikel Urrutikoetxea aritu da azken bi asteetan aginagarraren ordez, baina, gauzak ondo, txapelketa gipuzkoarrak amaituko du. Serie B txapelketaz den bezainbatean, Iraitz Zubizarreta ere bueltan da, azken jardunaldian eskuko minagatik baja izan ondoren. Larunbatean Labriten itzuliko da, Ugartemendiarekin batera, De la Fuente-Aldaberen aurka jokatzeko.