GARA Euskal Herriko egunkaria

Odriozola: «Globalizaziorik gabe ere, estatu gabeko nazioak heriotzara bidean dira»

‘‘Nazionalismoaren alde eta aurka’’ egoteko argudioak plazaratu ditu Joxe Manuel Odriozolak, Elkar etxearekin argitaratu berri duen izen bereko saiakeran. Globalizazioa eta estatu inperialistak uztarri berari lotuta doazela eta, beraz, estaturik gabeko nazioak, hizkuntzari eutsita ere, heriotzara kondenatuta daudela ondorioztatu du.

Odriozola, saiakera berria eskuan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Joxe Manuel Odriozolak ‘‘Nazionalismoaren alde eta aurka’’ (Elkar) saiakeran, egun abertzaletasunaren alde zein aurka jokatzeko dituen argudioak azaldu ditu. Atera dituen ondorioak argitaratu ditu idazle altzotarrak.

Odriozolaren hitzetan, nazionalismoaren edo abertzaletasunaren (sinonimotzat baititu) jokatzeko aldeko arrazoien artean daude jatorrizko herri eta etnien aberastasuna, eta horiek «atxiki eta garatzea izan beharko luke nazionalismoaren helburua», adierazi zuen aurkezpenean.

«Munduko hizkuntza eta identitate kulturalen bilakaeraz jakinaren gainean dagoenak ondo daki estatu gabeko edo estatua eraitsitako nazioen atarramentua zein deitoragarria den. Gero eta hizkuntza, herri eta identitate gutxiago dagoen mundu batera goaz. Multikulturalismoaren leloak hezurretaraino sartu digu uste hori. Eta mundu homogeneorako joera areagotu egin da globalizazioarekin», iritzi zuen Odriozolak.

HEGOALDE GLOBALARI BIZKARRA EMANDA

Egun mundu garatuan abertzale izateak zentzurik badu, «identitateren dimentsioan» duela esan zuen, eta, horrenbestez, nazioak dituen ondare linguistiko eta kulturalak lantzea izan behar lukeela helburua, alor ekonomikoak alboratuta.

Izan ere, Odriozolak plano horretan, sozioekonomikoan, ikusten ditu abertzaletasunaren gabeziak, nazio batzuen «oparotasun gehiegizkoak» beste askoren hondamendia baitakar: «Iparralde globaleko nazio garatuen gurari ekonomikoak hegoalde globalaren sarraski estrukturala ekarri du; batetik, mundu aberatsa dugu eta, bestetik, txirotua, gutxieneko giza duintasunik gabeko baldintza kulturalekin». Elkartasun sareak garatu ordez, nazioak euren zilborrari begira daudela deitoratu zuen, «hegoalde globalari uzkur eta bizkarra erakutsiz».

«Autodeterminazioaren eskubideak ezin du estali justizia sozioekonomikoaren beharra. Gu Euskal Herrian abertzaleak gara eta aberastasun batzuk gorde nahi ditugu, euskaltasuna eta abar; baina horrek ezin du estali gainerakoa, mundu pobreari bizkar emanda bizitzea ez da zilegi», kritika egin zuen. Horri lotuta, munduan baldintza higienikoek edota goseak eraginda, «egunero hiltzen diren haurrez» hedabideek ez dutela aipamenik egiten salatu zuen.

Politika ekonomiko horietan nazionalismoa ikusten du, «naziotan antolatutako mundu bat dugulako. Enpresa handiak daude, estatua krisian dago..., nazionalismoak dira munduaren ardatza». Odriozolaren ustez, hori argi ikusten da Ukraina eta Gazako gerretan. Israelena ideologia «nazionalismo inperialista» gisa deskribatu zuen; Errusiarena, aldiz, «nazionalista espantsionista» bezala. «Nazio txikiak dira beren lurraldean ‘kabitzen’ direnak, beren identitatearekin, kulturarekin, konformatu egiten dira», aipatu zuen.

Globalizazioak horretan jokatzen duen paperaz ere mintzatu zen. Bere hitzetan, «estaturik gabeko nazioak edo munduko etnia edo herriak, globalizaziorik gabe ere, heriotzara kondenatuta daude». Azaldu zuenez, nortasun historiko, linguistiko eta kulturalek estatuaren beharra dute bizirauteko, eta globalizazioak «hondamendi hori areagotu» egiten du: «Nazionalismo espantsionistak eta globalizazioak oso ondo funtzionatzen dute uztarri berari lotuta».

Liburuak izan dezakeen harreraz galdetuta, nazionalismoaren aldeko argudioak euskal abertzaleari «ulergarriak» egingo zaizkiola esan zuen, ez hala kontrakoak, batez ere justizia sozialari dagozkionak: «Kritika hori abertzale askok ez dute ulertuko; eskuinekoek seguru ezetz, eta ezkerrekoen artean ere nazioaren barruko kideen ongizatea lehenesten da. Ez ditugu ikusten miseria gorrian dauden nazioak».