2024 OTS. 10 KOLABORAZIOA Laborantza herrikoi eta iraunkorraren alde, hemen erabaki! Sylvain AIME eta Mathilde HARY EH Bai Covidaren krisiak eta Ukrainako gerlak mundu mailako merkatuen desorekatzea eragin dute azken urteetan. Hala, lehengaien inportazioarekiko dugun dependentzia agerian gelditu da. Prezioen inflazioak gogor kolpatu ditu herritarrak. Erosahalmen gero eta murritzagoa izanik, bertako kalitatezko produktuak erosteko zailtasunak biderkatu dira jende anitzentzat. Areago, hainbat elikagairi uko egiteko hautua ohikoa da gaur egun. Lehendik nekezia handiak zituen laborantzaren sektorea krisi bete-betean murgildu da. Aste batzuk iragan dira laborantzaren mundua bere haserre zilegia plazaratzen hasi zenetik. Laborantza eta elikaduraren merkatuen erabateko liberazioaren garaiotan, egindako lanetik bizi ezin duten laborarien ezinegona nabarmentzen ari da. Frantses Gobernuak laborarien haserrea baretzeko egindako iragarpenek epe laburreko ikuspegi produktibista dute oinarri, eta laborariei ordainsari duina bermatzeko ziurtasunak eskaintzetik urrun gelditu dira. EH Bairen ustez, ezinbestekoa da kostaprezioaren azpitik egiten diren ordainketak debekatzea. Egalim legea bete behar da. Izan ere, arazoa ez dira ingurumena, eskubide sozialak edo osasuna babesteko legediak, baizik eta agroindustriak metatzen dituen neurrigabeko etekinak. Elikatzen gaituztenen lana behar den heinean baloratua eta ordaindua izan dadin, merkatua arautzea da gakoa. Zentzu horretan, laborariei erretreta duina bermatzeko neurriak ere premiazkoak dira. Lehia basatiari buru egin ezin dioten laborarien bizi-baldintzak kaltetzen dituzten merkataritza librerako hitzarmenak zentzugabekeria hutsa dira. Halaber, argi dago trantsizio ekologikoa gauzatzeko ditugun erronkekin bateraezinak direla. Europar Batasunaren dirulaguntzen irizpideek produktibismoa jarduera ekonomiko bideragarri bakartzat sustatzen duten honetan, elkartasuna adierazten diegu hauen ordainketaren beranta pairatzen duten etxaldeei. Dirulaguntzak eskuratzeko izapide administratiboak sinplifikatzea ere beharrezkoa dela azpimarratzen dugu. Eredu alternatibo baten eraikuntza Ipar Euskal Herrian. Barnealdeko eremu batzuetan lanpostuen %15 eta %20ren artean biltzen dituen sektorea izanik, Ipar Euskal Herriko lan-jarduera nagusietariko bat izaten segitzen du laborantzak. Burujabea eta erresilientea izan nahi duen herri baten zutabea den laborantza herrikoia sostengatzea dagokigu. Hamaika dira Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoan bizirik diren alternatibak: zirkuitu laburrak, ekonomiaren birtokiratzea, sor-marken sorrera... Ipar Euskal Herriko ekoizle eta kontsumitzaileen beharrei erantzunen dien laborantza-eredu baten oinarriak finkatzen ari diren egitasmoak dira denak. Alternatibez gain, bertako tresna eta egiturak ere sustatzekoak dira (kinka larrian den Mauleko hiltegia, adibidez). Laborarien erdiek 2030erako erretreta hartuko duten heinean, lehentasuna da belaunaldi aldaketa obratzea. Horretarako, berrartzeko errazagoak diren giza eskalako etxaldeak atxikitzea funtsezkoa da. Lurrak eskuratzeko eta Europako dirulaguntzen zati handiagoa jasotzeko parada izan behar dute plantatu berri diren gazteek. Gure lurraldean ahal bezain mozkin anitzak ekoiztuak izan daitezen, baratzezainen plantatzea ere bada erronka. Azkenik, laborantzaren erakunde publiko baten sorreraren alde egiten du EH Baik. Gaur egungo desafio klimatiko, ekonomiko eta sozialen testuinguruan, hemen erabaki nahi dugu ea zeintzuk diren gure lurraldeko laborantza biziarazteko eta bertako herritarren elikadura-segurantza bermatzeko eskura izan nahi ditugun tresnak. Ipar Euskal Herriko instituzioek burujabetza handiagoa behar dute elikadura iraunkorraren eta laborantza lurren defentsan engaiamendu sendoak hartzeko. Lehia basatiari buru egin ezin dioten laborarien bizi-baldintzak kaltetzen dituzten merkataritza librerako hitzarmenak zentzugabekeria hutsa dira. Halaber, argi dago trantsizio ekologikoa gauzatzeko ditugun erronkekin bateraezinak direla