GARA Euskal Herriko egunkaria

Tiberias


Hogeita hiru urte zituela, Hiam Abbassek ama, amama eta zazpi ahizpak Deir Hanna palestinar herrixkan utzi zituen Frantzian aktore lanetan hasi ahal izateko. Bere alaba Lina Soualemek zuzenduriko “Bye, Bye Tiberias” (2023) dokumentalean antzeman daitekeenez, erabaki gogorra izan zen hura eta, hala ere, beharrezkoa Abbassentzat. Hain zitzaion itogarria Deir Hannanen bizitzea. Alabari aitortzen dionez, hasiera batean herrixkan geratutakoekin harremana moztea zuen helburu atzerrian igarotako lehen hilabeteetan, baina Frantzian sentitzen zuen isolamendua areagotu besterik ez zuen egin horrek.

Alaba jaio ostean, udak Deir Hannan igarotzen hasi zen Abbass, familiarekin bakeak eginda. Iraganarekin bakeak egitea, ordea, ez da hain erraza, iragan hori orainaldira zabaltzen den desjabetzearen historia denean. Abbassek Tiberias lakura eramaten du alaba, Testamentu Berriak Jesu Kristoren mirakuluaren harira aipatzen duen Galileako itsasora. Jaioterritik indarrez kanporatuak izan ziren Abbassen birramona-aitonak Nakban. Deir Hannan hartu zuen babesa familiak, baina handik gutxira birraitonak burua galdu eta hil egin zen, Um Ali emaztea eta zortzi alaba-semeak (haien artean, Abbassen ama, Nemat) atzean utzita.

“Bye, Bye Tiberias” dokumentala Baionako Atalante zinema aretoan egongo da ikusgai hilaren 16an.