GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Zabalak arrazoia eman nahi izan zion Jokin Altunari indar erakustaldi batekin

Pilotek gehiegizko botea hartu zuten arren, Logroñokoak pilotakada guztiak gozatu zituen eta haserre amaitu zuten Artola-Imazen gainetik pasatu zen.

Javi Zabalak epelak eman zizkion atzo pilotari Labriten. (Iñigo URIZ | FOKU)

«Nik larunbatean emango nukeena baino maila hobea emango du Zabalak, ni oraintxe bertan ez naiz gai partida on bat jokatzeko eta Javi bai», adierazi zuen asteartean Jokin Altunak Tolosan, atzoko partida jokatzeari uko egin zionean, eta errioxarrak amezketarrari arrazoi eman zion Labriten sekulako indar erakustaldia emanda. Txapelketan izan duen hirugarren aukeran ere protagonista izan nahi izan zuen Logroñokoak. Pilota ezker-eskuin, botez eta sotamanoz, ikaragarri gozatu zuen -Martijak baino 49 pilotakada gehiago jo zituen- eta aspaldi inork ez bezala atzeratu zituen gehiegizko botea -hori ere esan beharra dago- hartu zuten pilotak, Iñaki Artola eta Ander Imazen bolada ikusgarria sustraitik eteteko.

Errioxarraren sasoiak -jokatutako azken 15 partidetatik 12 irabazi ditu- mesede latza egin dio amezketarrari, azken bi puntuak batuta ezker hori osatzeko aukera eman baitio, eta laugarren postua ere bikain bideratua dute; asteartean Peña-Albisuren aurka 10 tanto egitea nahikoa izan dezakete horretarako.

AURKARIAK AIREAN

Sartu zituen erreboteetako asko pilota egokiagoekin sartuko ez zituen arren, -zazpian botea jotako askok errazegi hartu zuten atzeko paretarako bidea eta Ander Imazek botiboleaz saiatu behar izan zuen horiei erantzuten-, ezbairik gabe, Javier Zabala izan zen arratsaldeko protagonista. Aurrez jokatutako bi partidetan maila ona erakutsi zuen, baina atzo egundoko erakustaldia eman zuen, pilotakada guztiak ikaragarri gozatuz. Testuinguruak arras desberdinak izanda, errioxarraren hasierak tarteka 2016ko Aimar Olaizolaren aurkako Iker Irribarria hura ekarri zuen gogora, pilota eskuetatik zein erraz eta nolako abiaduran irteten zitzaion ikusita.

Logroñokoak epelak emanda, 6-0 aurreratu ziren Aspekoak eta Artola-Imazek erreakzio ona izan zuten arren (6-5 gerturatu ziren), erraz eman zuten amore Zabala eta Martija beste behin oso bizi baten ahalaren aurrean. Euren burua azkeneraino borrokatzeko mentalizatuta joan arren, gipuzkoarrak ez ziren gai izan orain arte erakutsitako lehiakortasunari eusteko eta oso bikote biguna izan ziren, ziurrenik datorren asteburuan datorkiena burutik kendu ezinda. Materialarekin oso haserre amaitu zuten eta horrek ere ez zien batere lagundu partidan sartuta egoten.