GARA Euskal Herriko egunkaria

Bere hamabigarren misiorako itsasoratu da «Aita Mari»

«Aita Mari» laguntza humanitarioko itsasontzia urteko lehen misioan itsasoratu da. Bere historiako hamabigarrena da, mugarria Itsas Salbamendu Humanitarioaren (SMH) lanean, urtarrilaren 3an hasitako crowdfunding kanpainaren bidez jasotako laguntzak bultzatua.

«Aita Mari» berriz itsasoratu zen atzo. (Borja ABARGUES)

Itsas Salbamendu Humanitarioak (SMH) esker ona adierazi nahi izan zien atzo urtea hastearekin batera abiatu zen crowdfunding-aren arrakastan lagundu duten pertsona guztiei, aurreikuspenak gainditu eta kanpaina luzatzeko aukera eman diotelako. Erregaia eta elikagaiak ordaintzeko behar diren funtsak lortuta, berriz itsasoratu zen “Aita Mari”, bere hamabigarren laguntza humanitarioko misioan.

Hala eta guztiz ere, salbamendu-tripulazioak baditu behar gehiago, hala nola sistemen konponketak eta eguneratzeak. Lagundu nahi izanez gero, kanpainak zabalik jarraituko du itsasaldia amaitu arte. Honako estekan sartuz egin daiteke bat proiektuarekin: https://www.goteo.org/project/barco-de-salvamento-aita-mari.

Mundu mailako krisi humanitario betean itsasoratu da euskal ontzia; besteak beste, Gaza, Siria, Pakistan, Afganistan, Kongo eta Yemenen indarkeria eta desplazamendua areagotu diren unean.

Azaldu zutenez, gatazka horiek leku seguruagoetan babesa bilatzen duten pertsonen beharrak handitu dituzte, baita Europarako eta beste eskualde batzuetarako migrazio-fluxuak ere.

LEKUKO ETA IGORLE

«Zoritxarrez, Europako gobernuek ez diote erantzun egokirik eman krisi honi, eta jarrera kriminalizatzailea hartu dute pertsona migratzaileenganako eta laguntzen saiatzen diren erakundeekiko. Laguntza-neurri faltak eta itsasoko tragediekiko axolagabekeriak desesperantza egoeran utzi dituzte milaka pertsona», adierazi zuten SMHko kideek.

Horregatik, inoiz baino gehiago, funtsezko ikusten dute gobernuek huts egin duten lekuetan eragiten jarraitzea. Gehien behar duenari laguntza humanitarioa emateko konpromisoa berretsi zuten atzo misio berria abiatu zutela iragartzearekin batera; «bereziki emakumeei eta haurrei», zehaztu zuten.

Mediterraneo erdialdeko egoera aktiboki salatzeko misioarekin ere jarraitzen dute, «askotan isilarazi nahi den errealitate baten lekuko eta igorle» gisa.

“Aita Mari”-ko tripulazioak eskerrak eman zizkien berriro ere misio garrantzitsu hau martxan jartzen lagundu dioten erakunde eta pertsona guztiei. «Haien eskuzabaltasun eta elkartasunak gure lana ahalbidetzen dute eta aurrera jarraitzeko indarra ematen digute», baloratu zuten.

Informazio gehiagorako edo SMHrekin kolaboratzeko, beren webgunea bisitatzera gonbidatu zuten. Bertan nabarmentzen da, beste datu batzuen artean, 1.500 pertsonaren bizia salbatu dutela eta 60.000 artatu dituztela.