GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Bere bidea zabalduz, Altuna-Martijarena goxatu du Javier Zabalak Tolosan

Larunbatean baino distira gutxiagorekin, baina Beotibarren beste partida on bat jokatuz, Logroñoko aurrelariak txapelketako laugarren puntua eskuratu du Aspeko bikote batentzat eta laugarren postua ziurtatu die 2022ko txapeldunei.

Beste behin, Javier Zabalak etekin handia atera dio enpresak emandako aukerari. (Iñigo URIZ | FOKU)

Ez zuen Aspek Binakako honetarako bere lau aurrelaririk onenen artetik aukeratu, baina enpresako zerrendako bi aurrelaririk onenek -Altuna eta Ezkurdiak- adina puntu eskuratu ditu Javier Zabalak jokatutako lau partidetan, kideei bai eta bere buruari ere mesede galanta eginda. Hiru astez jarraian jokatu du Logroñokoak Jokin Altunaren ordez eta eskuratutako hiru puntuak erabakigarriak izan dira, atzo Peña-Albisuri 22-16 irabazita, 2022ko txapeldunek laugarren postua ziurta dezaten, eta Peio Etxeberriaren ordez Zabaletarekin lortutakoak ere berebiziko pisua izan dezake larunbatean Iruñean nafarrek bigarren postua eskuratzeko Artola-Imazen aurka izango duten borrokan. Horretaz gain, ordea, erakutsitako jokoarekin bere burua aldarrikatzea ere lortu du aurrelari gazteak bere nagusiei orain arte izan ez dituen aukerak kantxan eskatuz.

Beotibarreko harmailetan ikus zitezkeen mozorroez harago, baldintza berezietan jokatutako partida izan zen atzokoa, bi lehia hartzen baitzituen, Zabala-Martijak helmuga nagusia 10. kartoian zutelarik, behin tanto kopuru hori lortuta, laugarren postua eurena izango zelako. Honek perfekzioaren mugan, erritmoa eurek eramatera eta asko asmatzera behartzen zituen Peña-Albisu eta gauzak are eta gehiago zaildu zizkien gipuzkoarrei, 2-1 aurreratu baziren ere, akats gehitxo pilatu baitzituzten gauza onerako.

2-6 atzetik ibili ostean 7-6 aurretik joatera pasatu ziren Baikokoak, baina Zabala-Martijak nahikoa izan zituzten egindako hiru tanto -Zabalaren bi-paretako on bat (1-1), errioxarraren sake-erremate bat (2-6) eta Martijak atzean egindako beste bat (7-10)- lehen helburu hori lortzeko, gainontzekoak aurkarien akatsetatik heldu baitziren.

ERRITMOA JARRI NAHI

Larunbatean Labriten bezala, asko bultzatuz, saiatu zen errioxarra partidaren erritmoa ezartzen; hori izan zen partidako lehia nagusietako bat, baina materiala ez zen asteburukoa, Beotibar ere askoz pilotaleku exijenteagoa da eta fisikoki ere gastatuxeago izanda, gehiago kosta zitzaion Zabalari piloteoan agintzea -atzo ere Martijak baino 49 pilotakada gehiago jo zituen-, baina 13-16koan pilota txapara bota zuen arte ez zuen beste hutsik egin -3 egin zituen guztira- eta partida sendoa jokatu zuen.

Nahi izan ez arren, partida barneko bigarren norgehiagoka horretan intentsitatea ez zen hasierako bera izan -partida erdialdera ere hezetasuna sortu zen kantxan eta pilotalekuko ateak ireki behar izan zituzten antolatzaileek-, nolabait lehiak behera egin zuen, baina partidaren joera antzekoa izan zen; Aspekoak markagailuan agintzen eta gorriak, markagailuan tanto batera hurbiltzeko aukera izan zuten hiruretan huts nabarmen handiak egiten, azkenerako amore eman zuten arte.

Martijak, beste behin ere, partida sendoa jokatu zuen -elkarren antzik ez dute txapelketa hasi zuen etxeberritarrak eta oraingoak- eta sasoiko helduko dira play-offetara. Jokin Altunak ere aste eta erdi izango du bere ezker esku hori osatzeko eta oso kontuan hartzeko bikotea izango dira. Peña-Albisuk bi partida irabazi beharko dituzte finalerdietan egoteko eta horretarako orain arte izan ez duten erregulartasuna lortu beharko dute, nahiz eta edozeini irabazteko gai direla erakutsi duten.

EGIGUREN-ESKUZA

Bestalde, Dariok -Egigurenen ordez aritu da- eta Eskuzak 22-11 irabazi zieten Alberdi II.a-Lizeagari, eta puntu horrekin zuzenean sartu dira B serieko finalerdietara, Agirre-Iztuetarekin batera. Era horretan, Larrazabal-Eskiroz, iazko txapeldunek, play-offa jokatu beharko dute.