GARA Euskal Herriko egunkaria

Didier Lafitte gogoan, haren heriotzaren 40. urteurrenean

Iparretarrak erakundeko kideari polizia frantses batek «nahitarat bizkarrean tiro egin ziola» berretsi du Gabi Mouescak. Lafitte hil zenean haren ondoan zen preso ohiak Donibane Lohizunen antolaturiko ekitaldietan parte hartuko du otsailaren 26tik martxoaren 3ra.

Pascal Lafitte, Terexa Mitxelena eta Manu Irigoyen, atzo, Ziburun antolaturiko agerraldian. (Patxi BELTZAIZ)

Didier Lafitte Iparretarrak (IK) erakunde armatuko kidea hil zutela 40 urte beteko dira heldu den hilabetean.

Baionako Justizia Jauregiaren inguruan polizia batek hil zuen Lafitte, 1984ko martxoaren 1ean. IKko kide Gabi Mouesca atxilotzeko Poliziak garatu zuen operazioaren testuinguruan hil zen Lafitte. 22 urte zituen militanteak tiro bakarra jaso zuen, bizkarrean.

Hildakoa arrantzalea zen eta haren heriotzak zirrara handia eragin zuen Donibane Lohizunen. Pascal Lafitte bere anaiak, Didier Gogoan Omenaldia aurkezteko Ziburun eginiko agerraldian, nabarmendu zuenez, «engaiamenduarengatik prezio karioa ordaindu bazuen ere, bere oroimena herrian delarik, bere ideiak bizirik direlarik, 22 adineko gazte hura bizirik da».

Prentsaurrekora bertaratzerik ez izan arren, Didier Lafitteren heriotzaren lekukoa izan zen Gabi Mouescak idatzia utzi zuen bere kontakizuna. Hala, idatzi horretan, IKko militantearen eta Polizia frantsesaren artean ez zela tiro trukaketarik izan agerian jarri du IKko kide ohiak.

«Arma tiro batek eta bakar batek urratu zuen negu ilunabar hasiera hartan Baionako Les Arenes auzoan zegoen isiltasuna, eta polizia frantses baten arma batetik zetorren», azaldu du Mouescak gutun horretan.

Didier autoa gidatzen ari zelarik hil zutela oroitarazi du Mouescak. Honen erranetan, lohizundarrak «han zegoen funtzionarioarentzat arrisku izpirik sortzen ez bazuen ere», Lafitteri «nahitarat bizkarrean tiro egin zion polizia frantses batek». «Erailketa bat da, Frantziako agintari politiko eta judizialek ukatu egin dutena», gehitu du preso ohiak. Terexa Mitxelenak irakurri zuen, atzo, Mouescaren idatzi hori, ondoren «erailketa politiko baten autopsia» errepresioaren aurkako taldeek akuilaturiko inkestaren ibilbidea laburbildu zuela.

1985eko azaroan eginiko auzian, Didier Lafitteren heriotza eragin zuten ekintzengatik «segurtasun indarren aurkako bortizkeria» egotzita, Gabi Mouesca kondenatu eta hiru urteko kartzela zigorra eman zioten. Auzian, ordea, zuritua izan zen Didier tiroz hil zuen Martinez inspektorea.

EGITARAU BEREZIA

Lafitteren heriotzaren 40 urte betetzen direlarik, momentu berezia markatu nahi izan dutela azaldu zuen Manu Irigoyenek, militante lohizundarraren memoria betikotzeko antolaturiko aste osoko egitaraua azaltzean.

Otsailaren 26an, 21.00etan, Le Select zineman “Generation autonomistes basques” filma eskainiko dute. Ondoren hitz trukea izanen da Sylvie Garat egilearekin.

Otsailaren 28an, 20.30ean, portuko Erretegian “1980ko gazteria eta gaurkoa” mahai ingurua iraganen da.

Martxoaren 1ean, Lafitte hil zutenetik egunez egun 40 urte betetzen direnean, haren aldeko omenaldia eginen dute, 19.00etan, Luis XIV plazan. Finean, martxoaren 3an, Arrantzale Maitagarri Eguna antolatu dute; halatan, hitzordua plazan emana da 11.00etan. Handik hurbil, Didieren aldeko estelaren aitzinean, ekimen xumea izanen da. Herri bazkaria eginen dute Ziburun 14.00etan. Plaza girotuko duen kontzertu batekin amaituko da oroimen astea 18.00etan.