GARA Euskal Herriko egunkaria

Ekai Lersundiren heriotzaren urtemugan onartuko dute lege berria


Naizen Adingabe Transexualen Familien Elkarteko familiak Gasteizko Legebiltzarrean izango dira bihar, 2012ko legearen aldaketa onartuko den egunean eta Ekai Lersundi gazte ondarroarrak hormonen tratamendu baten zain zegoela bere buruaz beste egin zuen egunaren seigarren urteurrenean.

Elkarteak azaldu duenez, agerraldiaren helburua «gazteak amestu zuen agertokia lortzeko urrats gehiago egingo direla ospatzea» da.

«Legearen aldaketak suposatuko dituen aurrerapenek gertuko osasun arreta bermatu beharko dute, psikiatrizaziotik urrun», adierazi dute. «Erabiltzaileek ez dute jasan beharko Ekaik bizi behar izan zuen egoera, protokoloaren trabak zirela-eta, espero zuen tratamendua ez baitzitzaion inoiz iritsi», gaineratu dute familiek.

Bestalde, lege berriak irakasleei eta administrazioko langileei formakuntza emateko beharra jasoko duela nabarmendu dute. Moldaketak Gasteizko Parlamentuko alderdi guztien babesa daukala gogorarazi dute, PPkoarena izan ezik.

Trans pertsonek beren beharretara egokitutako arreta integrala jasotzeko eskubidea bermatzeko neuri berriak jasotzen ditu erreformak, bai familian, bai hezkuntzan, osasunean, administrazioan, lanean, kulturan, kirolean, aisialdian, segurtasunean eta justizian.

Era berean, legeak Osakidetza behartuko du transexualitateari arreta emateko gutxienez hiru zerbitzu eskaintzera, bat lurralde historiko bakoitzeko, Lehen Mailako Arretako sarearen barruan. Osasun prestazioak ere ezarriko dira.