GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Fos!


Eztabaida publikorik gabe egingo dute lan erraldoi bat, beste behin. Eztabaida publikorik ez, baina diru publikoa bai. Diru publikoa badago tartean. Eta ondarea, eta baliabideak, eta ingurunea; horiek denak publikoak dira, baina onuradunak ez; onuradunak pribatuak dira, nahiz esango diguten herriaren interesak dauzkatela gogoan, ez beren poltsikoak. Abilidadea dute, gainera, erakunde publikoetako eta hedabide handietako arduradunak limurtzen. Horiek beti alde izaten dituzte. Kontra, ekologista gutxi batzuk soilik. Betikoak, badakizue.

Donostiako Manteoko parkean eraiki nahi duten BCC delakoaz ari nintekeen, bota dituzten arbolez, eta Donostiako Udalak herritarren parte hartzeari praktikan eskaintzen dion leku urriaz, eta abar. Baina ez. Gaur ez naiz lurraren ustiaketaz ariko, itsasoarenaz baizik: Getaria parean Itsas Balfego SL enpresa egitera doan atunen itsas-haztegiaz, zehazki. Gipuzkoako egunkaririk salduenak eskainitako «publirreportajean» iragarri dutenez, uztailerako prest egongo da.

Bada kontu bat, hala ere, igual jakingo ez duzuena eta niri sinesgaitz egin zaidana. Sare sozial batean irakurri dut Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura zuzendariak, proiektu honetarako baimena sinatu duenak, toki bat duela enpresaren administrazio kontseiluan, Balfego familiako bi kideren eta idazkari baten ondoan. Hala bada, bere buruari eman dio baimena (pertsuasiorako ez du baliabide erretoriko handiren premiarik izan, alajaina). Eta gehiago dago: kontseilu horren idazkaria nor eta Azti-ren zuzendari nagusia omen da, proiektuari berme zientifikoa eman dion erakundekoa, hain justu. Ez da posible. Ezin liteke. Edo bai, eta ate birakariren premiarik ere ez dago business autonomiko publiko-pribatuan, ezker eskuarekin eska baitaiteke eskuinarekin sinatzen dena. Ez al dute ikusten, legez kanpokoa ez bada, etikaren eta estetikaren arau guztien kontrakoa dela?

«Fos!» kexatzen dira kanariarrak kiratsa sentitzen dutenean. Uztaila iritsi aurretik ere, kiratsa dario Getaria pareko atun gorriari. (Eta BCCkoari). Fos!