GARA Euskal Herriko egunkaria
ATHLETIC

Raul Garciak ezin izan zuen golarekin ospatu Ligan jokatutako 600. partida

37 urterekin, inoiz baino gutxiago jokatzen ari da. Hala ere, nafarrak taldeari laguntzeko prest jarraitzen duela azpimarratu zuen partida ondoren.

Raul Garciak, burukada batez, gola egiteko abagunea izan zuen Almerian. (@AthleticClub)

Raul Garciak Ligako 600. partida jokatu zuen Almerian. Zenbaki horren atzean dagoen lana eta urteetako ahalegina nabarmendu zuen nafarrak klub zuri-gorriak sare sozialetan zabaldutako mezuan. 37 urterekin, Lehen Mailan dauden jokalarien artean partida gehien dituen futbolaria da gaur egun. Andoni Zubizarreta atezain ohia eta Betis taldeko ikurra izandako Joaquin dira Raul Garciak baino gehiago jokatu duten jokalari bakarrak. 622 norgehiagokatan parte hartu zuten, eta nafarrak ezin izango du denboraldi honetan marka gainditu.

Izan ere, 14 partida geratzen dira Liga amaitzeko, eta Raul Garcia inoiz baino gutxiago jokatzen ari da. Hirugarren aurrelaria da Ernesto Valverderentzat, Guruzeta eta Villalibreren ostean. Liga eta Kopako 14 partida bakarrik jokatu ditu. Hain zuzen ere, 333 minutu. Adinean gora egin ahala, hamaikakoetatik kanpo geratzen joan da. Iaz, 42 partidatan parte hartu zuen, baina gehienetan aulkitik atera zen. 1.200 minutu baino gehiago jokatu zituen, aurreko denboraldian Marcelinorekin izan zuen parte hartzearen erdia.

Raul Garciak beti esaten du bere helburua ahalik gehien jokatzea dela. Dena den, onartzen du talde zuri-gorrian daukan eginkizuna. Gol telebistan azaldu zuenez, «bizitza etapa eta une desberdinak dira. Izugarri gustatzen zait nire lana, asko gozatzen dut entrenatzen, eta beti saiatzen naiz jendeari laguntzen».

2015eko udan iritsi zen Athleticera, eta 283 partida jokatu ditu zuri-gorriekin Lehen Mailan. Halaber, 216 aldiz defendatu du Atletico Madrilen kamiseta Ligan eta 101 partida jokatu zituen Osasunarekin. Taxoaren hezitako jokalaria talde bilbotarraren ikur nagusietako bat izan da azken denboraldietan erasoan. Hamar golen langa gainditu du ia denboraldi guztietan, nahiz eta aurten ez duen golik egin, eta iaz hiru sartu.

Hogei urteko ibilbidea dauka futbol profesionalean, eta pisu handiko futbolaria da Athleticen aldagelan. Gazteentzat, eredu bat. Horregatik, Iker Muniain eta Oscar De Marcos kapitainek oroigarri bat oparitu zioten. Raul Garciak bere harrotasuna agertu zuen lorpenarekin, baina «garrantzitsuena» taldea dela eta sasoi honetan denen artean «zerbait handia» egin daitekeela gaineratu zuen.

Aitortu zuen Almerian erdietsitako berdinketa ez zela izan ospatzeko modurik ederrena, gola hurbil izan arren. Partidaren hondarrean garaipenaren gola egiteko abagunea izan zuen, baina burukada zutoinaren aurka joan zen.