2024 OTS. 15 AZKEN PUNTUA Erleen utopia Aitziber Pz. KARKAMO Kazetaria Goya sarien ekitaldiak gaurkotasuna galdu du. Nik, baina, kazetaritzak berezkoa ohi duen bat-batekotasuna baino, komunikazioak hausnarketarako ematen duen aukera nahiago dut sarri. “20.000 erle espezie” pelikulak bere tokia bereganatu du, propio merezita. Protagonista nagusia izan gabe, historian eskuratu duzun tokia baliatuz zer istorio kontatzen duzun eta nori zuzentzen zatzaizkion da garrantzitsuena. Saridun izan diren filmeko parte-hartzaileek ederki aprobetxatu zuten sariak jasotzeko unea. Dela LGTBI kolektiboaren eskubideak defendatzeko, dela genozidio bat salatzeko. Informazioa azkarregi galtzen den garaiotan, erleek euren lana gauzatzeko duten era pausatuaz ikasi behar genuke, eta ikus-entzunezko zenbait lan horren adibide dira. Estibaliz Urresola Solagurenen lana istorio eder baten narrazio ezin txukunagoa da, azken urteotan zabaldu diren ustezko informazio manipulatuak ez bezala. Bihotzak urratu eta buruak astintzeko moduko sentsibilitatez jositako filma da, Estatu mailako Trans Legearen harira euren buruari feminista deitzen dioten horiengandik jasan dugunaren aurrean. Filmak errealitateari irabazi dio eta errealitatea utopia bilakatzen jarraitzeko indarra eman digu. Erleen errebolta hasi da dagoeneko, eta zaila izanen dute gelditzea.