GARA Euskal Herriko egunkaria
TOLOSAKO POLIZIA KARGAREN ONDOREN

Etxean da Ertzaintzak zauritutako gaztea; asteartean operatuko dute

Ertzaintzaren jaurtigai batek zauritu zuen mutilari alta eman zioten atzo, eta asteartean egingo diote lehenengo ebakuntza. Eguerdian Ikamak «indarkeria poliziala» salatu zuen elkarretaratzera agertu zen gaztea, eta gaur Tolosan izango den mobilizaziora batzeko deia egin zuen familiak.

Ikama gazte antolakundeak agerraldia egin zuen Tolosan, eta bertara agertu zen zauritutako gaztea, alta jaso ondoren. (Jon URBE | FOKU)

Atzo goizean alta jaso zuen Ertzaintzak Tolosako inauterietan foam bala batez begian jo zuen billabonatarrak. Astearte goizean egingo diote lehenengo ebakuntza. Herritarrek erakutsitako elkartasuna eskertu du familiak, eta gaur eguerdian Tolosan izango den mobilizaziora batzeko deia egin du.

Astelehen goizaldeaz geroztik ospitalean egon ondoren, atzo etxeratu zen Ertzaintzaren jaurtigailu baten ondorioz zauritutako 16 urteko billabonatarra. Familiak mediku txostena erakutsi zion GARAri, eta dokumentuak jasotzen duenaren arabera, «pilotakada» batek eskuineko begian eragindako traumatismoarekin ospitaleratu zuten astelehen goizaldean.

Ertzaintzaren foam balak eragindako kolpeak lesioak eragin dizkio erretinan, eta «hantura handia» begiaren atzeko kameran. Kornea, aldiz, «egoera onean» dauka.

Medikuek familiari ohartarazi ziotenez, ziurrena da ez duela «erabat» berreskuratuko kaltetutako begiaren ikusmena; «lauso» ikusiko du, gaztearen izebak atzo egunkari honi jakinarazi zionez. «Ezin digute esan denborarekin, tratamenduekin, hobetuko duen edo ez», azaldu zuen.

Astearte goizean, hilaren 20an, egingo diote lehenengo ebakuntza, erretinan dituen edemen isuriak «geldiarazteko», baina ziurrenik ez da operazio bakarra izango. Begiaren barruko hantura denborarekin hertuko zaiola esan zieten medikuek senideei.

Gaztea, ebakuntza egingo diotela jakitean, animo aldetik ere zertxobait «suspertu» dela kontatu zuen izebak, asteazkenean jaso baitzuen «kolpe latzena», esan ziotenean ziurrenik ez zuela ikusmena guztiz berreskuratuko.

BATETIK ASKO, BESTETIK GUTXI

Ostegunean Tolosako epaile batek ofiziozko ikerketa abiatu zuen, Villabonako gazteari gertatutakoa argitzeko, eta familia akusazio partikular gisa batu zen salaketara. Bide hau hasi berri dago, beraz, oraindik ez daukate informaziorik.

Ez dute informazio gehiago jaso, halaber, Ertzaintzaren eta Lakuako Segurtasun Sailaren aldetik. Lehenengo egunetan Polizia autonomikoak jo zuen familiarengana, baina ez da berriz harremanetan jarri.

«Gure lehentasuna ahalik azkarren sendatzea da. Baina falta dugu, agian, azaltzea zergatik hartzen diren horrelako erabakiak. Guretzat gogorra da hedabideetan ateratzen diren adierazpen batzuk ikustea; adierazpenetako batzuek min egin digute, baina ez dugu denbora askorik izan kontu horietan pentsatzeko», onartu zuen zauritutako mutilaren izebak.

Aldiz, familiartekoak eskertuta daude Villabonako nahiz Tolosako udalen aldetik jasotako babesarekin, baita Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkidearekin ere, beraiekin kontaktuan jarri baitzen jakinarazteko Ertzaintzaren Tolosako kargari buruzko txostena galdegin ziola koalizio abertzaleak Segurtasun Sailari.

Eta eskertuta, «oso», herritarren erantzunarekin. Jendetsua izan zen asteartean Villabonan senideek egin zuten agerraldia. Iturenen ere -gazteak familia-loturak ditu herri hartan- elkarretaratzea egin zuten asteazkenean, eta atzo protesta egin zuen Ikama antolakundeak Tolosan, «indarkeria poliziala» salatzeko. Bertara agertu zen gaztea, aitak lagunduta, eta txalo artean hartu zuten lagunek, Tolosaldeko Atariak zabaldu zuenez.

Ziurrenik, baina, gaurkoa izango da orain arteko elkartasun keinurik handiena. Gaztearen familia eta lagunek mobilizaziora deitu dute, Tolosako Triangulo plazatik abiatuko dena 12.00etan. «Bada garaia horrelako gauzekin bukatzeko», aditzera eman zion GARAri 16 urteko billabonatarraren izebak.